Otto Rank
Otto Rosenfeld Rank (Viena, Austria, 1884 - New York, AEB, 1939) austriar psikiatra izan zen.
Biografia [aldatu]
Filosofian doktorea, Freuden ikaslea izan zen. Vienako elkarte psikoanalitikoko idazkaria izan zen 1910-1915 urteetan, eta Internationale Zeitschrift für Psychoanalyse aldizkariaren zuzendaria izan zen, S. Ferenczi eta E. Jones-ekin batera.
Mitoak eta elezaharrak aztertu zituen ondorengo lanetan: Der Mythus von der Geburt des Helden (1909, Heroiaren jaiotzaren mitoa); eta Das Inzest-Motiv in Dichtung und Sage (1912, Intzestuaren gaia poesian eta elezaharretan). Das Trauma der Geburt und seine Bedeutung für die Psychoanalyse (1924, Jaiotzaren trauma eta Psikoanalisiarentzako garrantzia) idazlanean, jaiotzaren larritasuna Edipo konplexuaren gainetik jarri zuen, Freuden pentsaeratik aldenduta.
1924tik aurrera, Estatu Batuetan hartu zuen bizilekua, eta geroztik lan hauek idatzi zituen: Psikoanalisiaren teknikak (1926, 1929, 1931; hiru liburuki); Don Juan, bikoiztasunaren azterketa (1932); eta Artea eta artista (1932).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.