Ove Nyguist Arup

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sidneyko Opera antzokia
Durham ibaiko oinezkoentzako zubia

Ove Nyguist Arup britainiar ingeniaria izan zen (Newcastle-upon-Tyne, 1895 - Londres, 1988). Daniarrak zituen gurasoak, eta Kopenhagenen egin zituen lehenik filosofiako eta gero ingeniaritzako ikasketak (1922). Aldi labur batean Alemanian egon ondoren, 1925ean Britainia Handira itzuli zen, ingeniaritza zibilean lan egitera. Urte batzuk geroago, hormigoi armatuaren erabileran aintzindaria izan zen Berthold Lubetkin arkitektoarekin lan egin zuen. Lankidetza horren emaitzak dira, besteak beste, Highpoint izeneko etxebizitza-eraikina (1933) eta Londresko zoologikoko pinguinoen uhaska (1939). 1946an, partzuergo gisa lan egiten duen ingeniaritza-elkartea sortu zuen, Ove Arup & Partners; munduko enpresarik garrantzitsuena da, ingeniaritza zibilaren eta eraikuntza metalikoaren alorretan. 1963az geroztik, arkitektura-sail bat du, unibertsitateko arkitektura-esparruan arrakasta handienak lortu dituena. Enpresa horrek azken hamarkadetako eraikin ezagun gehienetan lan egin du: Sidneyko Opera antzokia, Coventryko Katedrala, Parisko Beaubourg Zentroa, Hong Kongeko Bankuaren eta Londresko Lloyds enpresaren egoitzak, Durham ibaiko oinezkoentzako zubia eta abar. Egituren originaltasuna da, hain zuzen, eraikin horien guztien ezaugarri nagusia. Britainia Handian arkitektura-arloko urrezko domina jaso zuen 1963an, eta Sir izendatu zuten 1971n. Danimarkan ere, sari ugari jasotzeaz gainera, 1965ean zaldun eta 1975ean Daniarren Ordenako komandante izendatu zuten.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ove Nyguist Arup Aldatu lotura Wikidatan