Oxitozina
Wikipedia(e)tik
Oxitozina hormona antidiuretiko edo basopresinarekin batera neurohipofisiak jariatutako hormona da. Hipotalamoan kokatzen diren gorputz neuronaletan ekoiztu eta besikuletan barneratuta axoiaren bukaeraraino garraiatzen den peptido txikia da. Axoiaren bukaera neurohipofisiraino heltzen da eta bertan exozitosiz askatzen da. Oxitozinaren formula kimikoa, C43H66N12O12S2
Hormona honen funtzioak bi dira:
- Erditze prozesuan umetokiaren uzkurketak sortu. Uzkurketa hauek miometrioa osatzen duten muskulu zuntz leunetan eraginez eta prostaglandinen jariaketa eraginez burutzen du.
- Erditu ondoren bularretara esne garraioa aktibatzen du. Oxitozinak albeoloetako zelula mioepitelialen uzkurketa eragiten du, eta era horretan esne guruinen barne presioa areagotzen du titimuturreraino esnearen garraioa erraztuz. Prolaktinaren kasuan bezala, titimuturraren xurgapenak, oxitozina jariaketa areagotzen du.