Pío Baroja
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Pío Ynocencio Baroja Nessi | |
| Jaio | 1872ko abenduaren 28a | |
| Donostia (Gipuzkoa) | ||
| Hil | 1956ko urriaren 30a | |
| Madril (Espainia) | ||
Pío Ynocencio Baroja Nessi[1] (Donostia, Gipuzkoa, 1872ko abenduaren 28a - Madril, Espainia, 1956ko urriaren 30a) gaztelaniazko idazle euskal herritarra zen, eleberrigile arras emankorra izan zena. Zalantza barik, historiako Aro Garaikidean etxean eta munduan Euskal Herriko idazle ezagunenetarikoa dugu. Miguel de Unamuno bezala, 98ko belaunaldiko kidea zen, eta euskalduna zen halaber -hiritarrak biak: bilbotarra hura, donostiarra hau—, hura bezala, oso idazle emankorra izan zen -ehun liburu baino gehiago argitaratu zuen-, eta orobat sailkatzen zaila: Barojaren errejistroa, eta honetan ez du Unamunoren antzik batere, errealista da, haina baita erromantikoa ere, historikoa, eta psikologikoa. Estiloa, beti ere, bakuna da; Barojak ez zion aparteko garrantzirik ematen. Estilo ironikoa da, baita sarkastikoa ere; modak baino harantzago, egileak arretaz aztertu zuen bere inguruko gizartea -gogor gaitzesten zuena-, haren miseriaren eta handitasunen herri emateko.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Serafin Baroja Zornoza eta Carmen Nessi Goñi izan zituen gurasoak. Hiru anai-arreba izan zituen: Darío, 1894an hildakoa, Ricardo, pintore eta idazlea, eta Carmen, Rafael Caro Raggiorekin ezkondua. 1879an familia Madrilera joan zen bizitzera eta 1881ean Iruñera. Medikuntza ikasi zuen Madril eta Valentzian. Zestoan jardun zuen mediku urtebete inguru, baina gero Madrilera joan zen, okindegi baten kargu egitera. Beran bizi izan zen hainbat urtez, bertako Altzate auzoan egonda Itzea izeneko familia-etxea.
[aldatu] Mediku anarkista
Barojak, aitaren lana eta bere ikasketak zirela-eta, gazterik utzi zuen sorterria -Zestoan mediku egindako hamahiru hilabeteetan izan ezik-; familiatik berriz inoiz ez zen aldendu, eta hura izan zuen beti helduleku sozial eta pertsonal funtsezkoena. Barojatarrak oso arte eta literatura zaleak ziren: Pioren anaia, Ricardo, margolaria izan zen, eta koinatua, Rafael Caro, adiskide mina eta argitaratzailea izan zuen. Ikasitako ogibidea -medikuntza- baztertuta, familiaren okindegiaren buru jardun zuen Madrilen. Han hasi zen idazten, ipuinak eta artikuluak, Madrilgo eta Donostiako ezkerreko aldizkarietan . Aldi berean Madrilgo bohemia literarioan sartu zen, eta orduan egin zituen Azorin, Maeztu eta Valle Inclan adiskide.
Paristik etorrita, 1899an, ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Vidas sombrias (Bizitza ilunak), eta La casa de Aizgorri euskal eleberria (Aizkorriko etxea), zibilizazioaren eta aurreramenduaren arteko gatazkari buruzkoa. Ondoren kaleratu zituen Aventuras de Silvestre Paradox (1901, Silvestre Paradoxen abenturak), Camino de perfeccion (1902, Perfekzio bidea). Barojaren obra bere historia pertsonalaz dago hornitua.
Iberiako penintsula osorik ibili zuen, eta aski ongi ezagutzen zuen Europa. Bidaia horietatik atera zituen gertalekuak, apaingarriak, gaiak. Baina Nafarroako Beran etxe bat erosi, eta lanaren erritmoa aldatu zuen: ordutik aurrera, negua Madrilen eta uda Beran ematen zuen. Espainiako gerra zibilak Berako etxean harrapatu zuen; justu-justu libratu zen karlisten eskuetan hiltzetik. 1940an Madrilen hartu egoitza, eta hil zen arte idazten jarraitu zuen. Gerran ikusitakoak ikusita, bi alderdietako astakeriak ikusita, etsipenak hartu zuen gaztetan anarkia zalea izan zena, eta gizonarenganako itxaropen oro galdurik hil zen.
[aldatu] Barojaren eleberrigintza: euskal gaiak, Madrilgo bizimodua
Barojaren lehen liburuetan bere mundua ageri da; eleberrietako gaiak errealitatetik oso hurbilekoak dira. Zalacain el aventurero (1909, Zalakain abenturazalea) da interesgarrienetako bat, Euskal Herriko giroa leialtasun handienaz agertzen duena.
Orobat ageri da euskal mundua, itsasokoa, marinelena, Las inquietudes de Shanti Andia (1911, Xanti Andiaren kezkak), El laberinto de las sirenas (1923, Sirenen labirintoa), Los pilotos de altura (1929, Itsas zabaleko pilotuak) eta La estrella del capitán Tximista (1930, Tximista kapitainaren izarra) liburuetan: lehenaren protagonista Barojaren pertsonaia handienetako bat da.
La lucha por la vida trilogian (Bizitzeko borroka) -bere izenburu darwinianoarekin-, zuzen eta gogor agertu zuen Madrilgo auzo pobreetako langile xeheen bizimodua.
Azpimarratzekoa da Aviraneta pertsonaiari buruzko sail luzea, Memorias de un hombre de accion, 22 liburu (1913-1935, Ekintzako gizon baten oroitzapenak). Egilea eta bere garaia ezagutzeko guztiz interesgarriak dira Barojaren oroitzapen liburuak : Juventud y egolatria (1917, Gaztaroa eta egolatria), eta bere oroitzapenez osatutako zortzi libunikiak, Memorias (Desde la ultima vuelta del camino) (1941-1948, Oroitzapenak(Bideko azken bihurgunetikl), Barojaren lana sortu zen giroa bizi-bizirik adierazten dutenak. Barojaren gainerako lanek -artikulu, biografia, bidaia liburu, saiakera, antzerki eta poesiek- heste zenbait liburu osatzen dituzte.
Baroja XIX. mendeko eleberrigile europar handien irakurlea izan zen ; haiengan oinarrituta sortu zuen bere estilo guztiz berezia, arina eta zorrotza, latza eta fina.
Estilo biluzi hori, kontaketarako zuen dohain handia eta sormena, oso erakargarria gertatu zitzaien hurrengo idazle belaunaldiei. XX. mendeko eleberrigile espainiar askok aitortu dute Barojaren eragina.
[aldatu] Lan garrantzitsuak
[aldatu] Nobelak
Pío Barojak bere nobela gehienak trilogia edo tetralogiatan sailkatu zituen.
Tierra vasca
- La casa de Aitzgorri(1900)
- El mayorazgo de Labraz(1903)
- Zalacain el aventurero(1909)
La lucha por la vida
La raza
El pasado
- La feria de los discretos
- Los ultimos romanticos
- Las tragedias grotescas
La vida fantastica
- Aventuras, inventos y mixtificaciones de Silvestre Paradox(1901)
- Camino de perfeccion (pasion mistica)(1901)
- Paradox rey(1906)
Las ciudades
- Cesar o nada(1910)
- El mundo es ansí(1912)
- La sensualidad pervertida:ensayos amorosos de un hombre ingenuo en una epoca de decadencia(1920)
El mar
- Las inquietudes de Shanti Andia(1911)
- El laberinto de las sirenas(1923)
- La estrella del capitan Chimista(1930)
- Los pilotos de altura(1931)
Los amores tardios
La selva oscura
- La familia de Errotacho(1932)
- El cabo de las tormentas(1932)
- Los visionarios(1932)
La juventud perdida
Nobela solteak
- Susana y los cazadores de moscas(1939)
- Laura o la soledad sin remedio(1939)
- El caballero de Erlaiz(1943)
- El hotel del cisne(1946)
- El cantor vagabundo(1950)
- Miserias de la guerra(2006)
[aldatu] Euskaraz
Pío Barojak bere lan guztiak gaztelaniaz idatzi zituen arren, hainbat liburutan islatzen du euskarazko presentzia, elkarrizketetan, esamoldeetan edo zeharkako aipamenetan.
Gaur egun itzulita ditugu lan hauek:
- "Itxasoa laño dago... Xanti andia itxas-gizonaren bizitza ta kezkak" ("Las inquietudes de Shanti Andia"). Jon Etxaide, 1955.
- "Bizi terraltsuak" ("Vidas sombrías"). Jose Antonio Agirre, ?.
- "Zalakain abenturazalea" ("Zalacain el aventurero"). Koro Navarro; Elkar-Alberdania, 2006.
- "Jakintzaren arbola" ("El árbol de la ciencia"). Josu Zabaleta; Elkar-Alberdania, 2006.
- "Ipuinak". Felipe Juaristi; KM Kulturunea, 2007.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
- ↑ Pío Barojaren bataio agiria, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren webgunean.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
- (Gaztelaniaz) Donostiako Ateneoko hitzaldia, 1933ko azaroaren 15ean
- (Ingelesez) Pio Barojaren lanak Gutenberg proiektuan
- (Euskaraz) Pio Barojaren Donostia
- (Euskaraz) Pío Baroja, gaur ere