Kataluniako Alderdi Sozialista Batua

Wikipedia, Entziklopedia askea
PSUC» orritik birbideratua)
Partit Socialista Unificat de Catalunya
Kataluniako Alderdi Sozialista Batua
Sorrera1936ko uztailaren 23a
Desegitea1987
Ideologia politikoaMarxismo-leninismoa
Komunismoa
Errepublikanismoa
Katalanismoa
KideakUnió Socialista de Catalunya,
Kataluniako PSOEren federazioa,
Partit Comunista de Catalunya,
Partit Català Proletari
Nazioarteko kidetzaKomintern (1939-1943)
{{{webgunea}}}

Kataluniako Alderdi Sozialista Batua (PSUC) edo katalanez Partit Socialista Unificat de Catalunya Kataluniako alderdi komunista izan zen. Bere gazteriak Juventuts Sosialistes Unificades de Catalunya (Kataluniako Gazteria Sozialista Batuak) erakundean zeuden antolatuta, eta geroago Juventut Comunista de Catalunyan (Kataluniako Gazteria Komunista).

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko Uztailaren 23an Bar del Pi tabernan sortu zen Unió Socialista de Catalunya, Partit Comunista de Catalunya, Partit Català Proletari eta Kataluniako PSOEren federazioarekin batu zirenean. Kataluniako langile-alderdien arteko elkarlan hori 1934ko urriaren 6ko gertaeren ondoren hasi zen egosten, Lluis Companysek Kataluniako Estatua (l'Estat Catalá) aldarrikatu zuenean Espainiako Errepublika Federal baten barnean, honekin mugimendu matxinatu bat hasiz.

Alderdien arteko eztabaida luzeen ondoren, batasuna ez zen erabat gauzatu. Beren aldetik, Bloc Obrer i Camperol eta Esquerra Comunista 1935eko irailean POUM alderdian batu ziren. Gainerako taldeek alderdi berriaren printzipioak adostu zituzten: Alderdi nazional eta klasekoa, marxista-leninista eta Internazional Komunistako kidea. Hala, Kominternak lehen aldiz estatu bereko bi alderdi komunista autonomo onartu zituen bere baitan: Espainiako Alderdi Komunista eta PSUC bera. Joan Comorera hautatu zuten idazkari orokor, eta egoitza nagusitzat Colón hotela hartu zuten, UGT sindikatuak berriki bereganatua zuena, Bartzelonako hiriguneko Catalunya plazan.

Hasieran 6000 militante zituen, eta gerra luzatu ahala kopurua hazi egin zen. Espainiako Gerrate Zibilean, 1936ko abenduaren 17tik Kataluniako Generalitatean gobernua osatzen zuen beste alderdi antifaxistekin batera. PSUC-ek Sobiet Batasunaren babesa zuen, eta Generalitateko gobernutik POUMaren eta CNT eta FAIko anarkisten aurkako borroketan eta errepresioan parte hartu zuen.

Erbestean eta klandestinitatean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erbestean, bere militanteak nazien okupazioaren aurkako erresistentzian borrokatu ziren, eta buruzagi batzuk, Josep Miret i Musté bezalakoak, kontzentrazio esparruetan hil ziren.

PCErekiko independentea izateak arazoak ekarri zituen bi alderdien artean, eta horrek luzera Joan Comorera idazkari nagusiaren kanporatzea eragin zuen 1949an, Moskuk titista izatea akusaturik (Jugoslabiako Tito presidentearen aldekoa). Idazkari nagusiarekin batera, beste hainbat militante atera ziren alderditik. Comorerak beste alderdi bat sortu zuen, izen berarekin.

Frankismoan zehar legez kanpoko alderdia izan zen. Gogorki borrokatu zen, eta horrek errepresio gogorra eragin zuen. 1940an klandestinitateko lehen zuzendaritza atxilotu zuten. Alejandro Matos polizia-etxean hil zuten eta Otilio Alba eta Tomás Pons fusilatu egin zituzten. 1942an fusilatu zituzten Jaume Girabau, Isidoro Diéguez eta Jesús Larrañaga, Mexikoko erbestetik itzultzean Portugaleko mugan atxilotu eta gero. 1943an Joaquim Puig i Pidemuntek Treball alderdiaren organoa atzera argitaratzen hasi zen, eta 1944an Miquel Núñez Gonzálezek Agrupació Guerrillera de Catalunya zuzendu zuen, erregimenaren kontrako gerrillari taldea. 1945eko Martxoan alderdiak klandestinitatetik egindako lehen erabakia plazaratu zuen. Bertan, batasun antifaxista mantentzera, gerrilla borroka indartzera eta Europako gerran aliatuen garaipenean konfiantza izatera deitzen zituen militanteak.

Hala ere, errepresioak bere horretan jarraitu zuen, eta urtez urte hainbat militante fusilatzen zuten. 1948an alderdiak gerrillari taldeak desegitea erabaki zuen. Comorera alderditik kanporatua izan eta gero, 1951an isilpean iritsi zen Kataluniara. 1953an atxilotu zuten agintari frankistek eta 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

1956an, PSUCaren Lehen Kongresua egin zuten Frantzian, erbestetik eta "barnetik" iritsitako 50 ordezkarirekin. "Berradiskidetze Nazionalalaren aldeko politika" onartu zen, PCEk ere bultzatzen zuena.

1965ean II. Kongresua egin zen 90 ordezkarirekin, eta beste hainbat gairen artean, Langile Komisioen sorreran laguntzea erabaki zen.

Legalizazioaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977an, PCEk baino pixkat geroxeago lortu zuen legalizazioa. Ordutik militante kopurua hazi zen, 1978an 40.000 afiliatu izateraino. 1980an Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeetan irugarren indar politikoa izan zen, 600.000 bozekin. Goraldi horren ondoren barne-arazoak etorriko dira, lehendik ere bizirik zirauten eztabaidak indartzearekin batera. Eztabaida horietako bat izan zen 1979ko Hirugarren Konferentzia Politikoan estatutuetan alderdia leninistatzat definitzearena.

Alderdiaren Bosgarren kongresuan eztabaidek jarraituko dute tokian tokiko eta sektoreko taldeetan eta alderdi barnean hiru joera bereiziko dira: eurokomunista, leninista eta "prosobietikoa". Sektore eurokomunistak zuzendaritza nagusia bereganatuko du Francesc Frutos i Gras buru dela, eta lehendakaritza 1936an alderdiaren sorreran parte hartu zuen Pere Ardiaca prosobietikoak. Espainiako Alderdi Komunistarekin eduki beharreko hartu-emanak ere eztabaidagai izan ziren.

1982an, PSUCek kanporatu edo zigortutako "prosobietikoek" Partit dels Comunistes de Catalunya alderdi berria eratuko dute eta militanteen zati esanguratsua bereganatu. Geroztik, ez PSUCek eta ez alderdi berri horrek ez dute hauteskundeetan emaitza onik eskuratuko.

Seigarren kongresuaren ondoren, alderdiko idazkaritza nagusia Antoni Gutierrez Diazek edukiko du.

Espainia NATOn sartzearen aurkako mobilizazioen ondoren, Kataluniako hainbat ezkerreko alderdi elkartuko dira Iniciativa per Catalunya koalizioan, tartean PSUC, Partit dels Comunistes de Catalunya eta Entesa dels Nacionalistes de Esquerra. Horren ondoren, alderdiaren jarduera ia erabat etenda geratuko da, lan guztia koalizioari utzirik.

1990ean, krisi baten ondorioz eta alderdia biziberritzeko asmoak zapuztu ondoren, PSUC alderdia egiturarik gabe gelditu zen eta ICV koalizioaren barnean jarraitu zuen. 1998an, egoerarekin ados ez zeuden PSUC-eko kide batzuek alderditik alde egin eta PSUC-viu sortu zuten PCC zaharreko kide zenbaitekin batera, Esquerra Unida i Alternativa (EUia) ezker koalizioaren barruan. Haien artean Ramon Luque, Antoni Luchetti, Alfred Clemente eta Gregori Lopez Raimundo buruzagi historikoa zeuden.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]