Paco Ibáñez

Wikipedia(e)tik
(Paco Ibañeztik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paco Ibáñez
Paco Ibáñez
Victoria Eugenia antzokian, 2009ko urtarrilaren 30ean eskainitako kontzertuan
Datu pertsonalak
Izen osoa Francisco Ibañez Gorostidi
Jaio 1934ko azaroaren 20a (77 urte)
Katalunia Valentzia (Katalan Herriak)
Bikotekidea {{{bikote kidea}}}
Musika
Musika tresnak gitarra
Generoa Kantautorea
Webgunea www.aflordetiempo.com

Francisco Ibáñez Gorostidi (Valentzia, 1934ko azaroaren 20a), ezagunago Paco Ibáñez bezala, kantari eta musikari ezaguna da. Nahiz eta Mediterraneo aldean jaioa izan txikitatik Euskal Herria ezagutu zuen. Erbestean urte asko egin ditu, bereziki Parisen, 14 urte zituela han hartu zuelako bizilekua. Bere lan nagusia Espainiako poeta handien poemak musikatzea izan da: Lorca, Góngora, Cernuda, Alberti, Hernández, Blas de Otero eta abarren poemak musikatu eta abestu ditu. Parisko Olympian, besteak beste. G. Brassensen poemak ere itzuli eta kantatu ditu. Euskal Herriaren ikuspuntutik, euskal kantuen bertsioak argitaratu ditu. Hemengo abeslari eta intelektualekin lotura estua izan du beti. 1999an Imanol Larzabal, Joxan Goikoetxea, Joserra Senperena eta Txema Garcés musikariaren laguntzaz osatutako Oroitzen diskoa kaleratu zuen. Disko horretan, umetan Adunako Apakintza baserrian emandako urteetan ikasitako eta abestutako euskal kantuak bildu zituen. Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez kantatu izan du.

Eduki-taula

[aldatu] Biografia

[aldatu] Valentziatik Adunara

Aita valentziarra eta ama euskalduna, Adunakoa (Gipuzkoa). Paco lau anaien arteko laugarrena izan zen. Valentziatik haurra zenean Bartzelonara eraman zuten gurasoek. Gurasoak oso pertsona konprometituak ziren, anarkosindikalismoari lotuta, eta ondorioz, txikitatik munduaren ikuspegi kritikoa jaso zuen. Gerra Zibilarekin ibañeztarrak Frantziara joan ziren, Parisera. Nazien inbasioarekin berriro ere hasi ziren arazoak Espainiatik ihes egindako errepublikazaleentzat, eta Pacoren aitaren kasuan, atxilotua eta lan-esparru batean entzerratua izan zen. Amak, orduan, aukera bakarra ikusi zuen: Hego Euskal Herrira itzultzea, bere familiaren babesaren bila. Horrela, sei urterekin, Paco Apakintzan, Adunako baserrian aurkitzen dugu. Han euskara eta gure herriaren ezaugarriak ondo asko ikasiko zituen. Adunan 1948 urte arte egon zen, Andoaingo eskolara joaten eta baserriko lanetan laguntzen. Urte horretan ama eta semeak muga klandestinoki gurutzatu zuten aitarekin berriro ere biltzeko asmoz. Urte haietaz abeslariak hitz egin duenean beti aipatu du amarekiko harremanak beti euskaraz zirela.

[aldatu] Parisen erbesteratua

Parisen Pacok biolina eta gitarra jotzen ikasi zuen. Laster gaztea Auzo Latinoaren giroan hasi zen murgiltzen, eta han Soto margolari venezuelarra ezagutu zuen. 1956.urtean Carmela abeslariarekin Los Yares hirukotea sortu zuten, kabaret gisako tabenetan jotzeko. Garai horietako kantak Hegoameriketakoak ziren nagusi. Talde horren eskutik zenbait grabazio egingo ditu, eta Europako eszenatoki desberdinak ezagutu zituen. Urte horietan Góngora eta García Lorcaren poemak hasi zen musikatzen. Material horrekin 1964 bere lehenengo diskoa kaleratu zuen. Bi urte geroago beste artistekin batera La Carraca elkartea sortu zuen; elkarte horren helburu nagusietariko bat frankismoaren aurkako disidenteen lanak Frantzian ezagutaraztea zen. 1968an kontzertu batzuk eskaintzeko penintsulara itzultzeko aukera izan zuen, Espainiako Telebistan eta guzti agertuz. Zentsurak, ordea, berehala moztu zuen hain arriskutsua zen adierazpidea, eta Pacok debekatuta zeuden artisten zerrenda beltzean ohorezko tokia bete zuen. 1969an Parisko Olympian kontzertu mitikoak eskaini zituen. Diktadorea hil arte Pacok ezin izan zuen Espainiara itzuli, eta itzultzeko bide librea ikusi zuenean bertan topatu zuen giroak ez zuen batere asetu.

[aldatu] Azken hamarkadak

Haren osasuna, bestetik, nahiko makala zen. Poliki-poliki Paco baztertuta gelditu zen penintsulako eszenatokietan; Frantzian, ordea, bere ospea lehen mailan mantentzen zen. Garrantzi horren adierazlea Le Monde egunkariak egin zuen joan den mendeko lan artistiko nagusiak azaltzeko mundu-katalogoa da, "Cent disques, cent films et cent livres pour un siecle" (1999-10-11); Paco Ibáñez musika-arloko 74. tokian agertu zen. Zerrenda osoan hiru espainiar bakarrik agertu ziren: beste biak Luis Buñuel eta Federico García Lorca ziren, zineman eta literaturan hurrenez hurren. 1983an Mitterrandek Medaille des Arts et des Lettres eskaini zion; Pacoren erantzuna ezezkoa izan zen: inoiz ez du horrelako sari honorifikoak onartu, bere ustez, bere independentzia zalantzan jarriko luketelako. 1990 penintsulara itzuli zen, lehendabizi Madrilera, gero Adunara, euskara berreskuratzeko asmoz, eta 1994tik aurrera Bartzelonara, non bizi den gaur egun.

[aldatu] Paco Ibáñez Euskal Herrian

Abeslariak askotan izan ditu harreman onak hemengo artista eta intelektualekin. Imanol Larzabal, Xabier Lete, Jorge Oteiza, Bernardo Atxaga, hemengo asko izan dira eta dira Paco Ibáñezen lagunak. Ez Dok Amairu taldearen sorreran bertan ibili zen kantaria. Hau guztiaren adibide garbiena Oroitzen (1999) diskoa izan daiteke; Imanolekin batera egindako grabazio horretan kantu herrikoiekin Leteren eta Xalbadorren kantak aurki daitezke; bestetik, musikari kolaboratzaileen artean, bestetik, Joserra Senperena, Txema Garcés eta Joxan Goikoetxea zeuden. Esan behar da Pacok euskararen erabilera beti erreibindikatu duela, eta ia kontzertu gehienetan bere sustrai euskaldunak aipatzen dituela. Bestetik, bere kanten ezagunetariko artean bi euskal poetenak ditugu: Gabriel Celaya eta Blas de Oterorenak. Azken urteetan, gainera, Blas de Otero zenaren emaztearekin, Tachia Quintanarrekin, aktuatu du behin baino gehiagotan. Azkenik, aipatzekoa ere bada bere anaia bat Institut Culturel Basque-Euskal Kultura Erakundearen bultzatzailetako bat izan zela, eta ekimenari laguntzeko, Pacok behin baino gehiagotan horren aldeko kontzertuak eskaini zituela.

Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui kantariarekin (ezkerretik hirugarrena). Bertan Paco Ibáñez zutik dago, eskuinetik lehenengoa.

[aldatu] Jerusalem urrezkoa

Zalantzarik gabe abeslariaren pasadizu ezagunetariko bat da hau. Israelgo Naomi Shemer kantariak izenburu horrekin kanta ospetsu bat sortu zuen, Israelen ospe handia izan duena ia-ia himno bat izateraino. Kanta horren doinuak gure Peio Joxepe kantarekin antz handia du. Urteetan Naomik lotura hori ezeztatu zuen, baina hil baino lehen aitortu behar izan zuen Pacori entzundako kanta herrikoiaren bertsioari zor diola haren doinua. Adunakoak hirurogei hamarkadaren amaieran Israelen ibili zen, eta orduan ezagutu zuen Naomi Shemerrek kanta hori, eta inkontzienteki, beste kanta horretan erabili zuen.

[aldatu] Diskografia

[aldatu] Antzezlanetarako musika

Mota honetako hiru konposizio egin ditu, hirurak Federico García Lorcaren antzezlanetarako:

  • Yerma (1975)
  • La zapatera prodigiosa (1975)
  • Así que pasen cinco años (1998)

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Bibliografia

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Paco Ibáñez


thumb Euskal Herriarekin lotura estua izan du Pacok.
Paco Ibañez 002.JPG
Paco Ibáñez.jpg
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak