Pago arrunt
| Pago arrunta | |
|---|---|
| Pago arrunta (Fagus sylvatica) | |
| Sailkapen zientifikoa |
|
| Erreinua: | Plantae |
| Kladoa: | Angiospermae |
| Kladoa: | Eudicotyledoneae |
| Kladoa: | Rosidae |
| Ordena: | Fagales |
| Familia: | Fagaceae |
| Generoa: | Fagus |
| Espeziea: | Fagus sylvatica L. |
Pago arrunta (Fagus sylvatica) Fagaceae familiako eta fagus generoko zuhaitz hosto erorkorra da. Euskal Herrian dagoen fagus espezie bakarra baita, euskaraz gehienetan, besterik gabe, pagoa esaten zaio.
Europako erdialde eta mendebaldean bizi da, klima samur eta hezeko eskualdeetan, Suediako hegoaldetik Britainia Handiko hegoalde, Portugaleko iparralde, Espainiako erdialde eta Italiako erdialderaino. Europako ekialdean Sortaldeko pagoak (Fagus orientalis) ordezkatzen du. Euskal Herrian oso hedaturik dago, mendialdean batez ere, leku fresko eta lainotsuetan, 50 eta 1.600 metro artean[1]. Iratiko oihana Europako pagadi handienetako bat da.
Eduki-taula |
Deskribapena [aldatu]
Zuhaitz handia da. 25-35 (40) metroko luzera eta 1,5 metroko diametroa izatera irits daiteke. Normalean basoak osatzen baititu, adarrik gabeko enbor luzea izaten du, gaineko aldean adarkatzen dena. Baina, bakarturik hazi eta nahi adina argi duenean behetik adarkatzen da eta adaburu biribila izaten du. Euskal basoetan maiz pago motzak edo lepatuak ikusten dira, argimutil erraldoien itxurakoak: 2-3 metroko enbor lodia eta lepogainetik ateratzen diren zenbait adar luze. Adarrak 10-15 urtetik kimatzen ziren, ontzigintzan erabiltzeko edo egur ikatza egiteko[2].
Azal gris eta leuna. Hosto bakunak, txandakakoak, ertz koskagabe, edo pixka bat oxkarratua, eta uhindua dutenak, 5-10 cm luze eta 3-7 cm zabal. Itxura eliptikoa dute eta punta zorrotza. 6-7 nerbio pare dituzte paraleloki kokaturik. Hosto-begitik ateratzen direnean hostoen ertza iletxoz josia egoten da. Hosto-begiak, 15-30 mm luze eta 2-3 mm zabal, naranja-marroi koloreko ezkata gogorrez estaliak.
Pago arrunta 30-80 urterekin hasten da loratzen. Zuhaitz monoikoak dira, baina lore sexubakarrekoekin. Udaberrian loratzen da. Lore arrak oso ugariak dira gerbatan elkartuak. Lore emeak bakarka, binaka edo hirunaka ateratzen dira, kupula (karlo) hankadun batek inguraturik. Udazkenean, fruituak ondu orduko, karloa zurkara bilakatzen da. Bere barnean 1-3 pagatx izaten ditu, luzangak eta ebakidura triangeluarrekoak.
Erabilerak [aldatu]
Pago arruntaren zura, lantzeko erraza baita, zurgintzan oso preziatua da. Oso egokia paper-orea egiteko. Egur bikaina beheko su, sutegi eta berogailuetarako. Ikazkintzan oso erabilia izan da.
Beste zur batzuk ere erabili izan diren arren, pilota jokorako palak ere pagoz egin izan dira oro har, horretarako aski gogorra delako baina ez hauskorra, ordea.
Bibliografia [aldatu]
- Edukiaren zati bat www.euskalnatura.net webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC-BY-SA 2.0 Aitortu-PartekatuBerdin lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ I. Aizpuru, C. Aseginolaza, P.M. Uribe-Echebarria, P. Urrutia eta I. Zorrakin: Claves ilustradas de la flora del País Vasco y territorios limítrofes. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz, 2000.
- ↑ Maider Iantzi: «Teknika zaharrak aplikatu dituzte Oiartzungo Oieleku biziberritzeko», Gara, 2007-02-23.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Pagoa (Fagus sylvatica). Ibon Aristi de la Hoz. EuskalNatura. CC-BY-SA lizentzipean eginiko lana.