Pailazo baten aburuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pailazo baten aburuak
Datuak
IdazleaHeinrich Böll (1963)
Argitaratze-data1963
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaAnsichten eines Clowns
Hizkuntzaalemana
ArgitaletxeaKiepenheuer & Witsch (en) Itzuli
Herrialdea Alemania
OCLC30572254
Euskaraz
IzenburuaPailazo baten aburuak
ItzultzaileaJosé Antonio Azpiroz
Argitaratze-data1986
Orrialdeak298
ISBN9788475293721

Pailazo baten aburuak (Ansichten eines Clowns, alemanez) Heinrich Böllek 1963an argitaratutako eleberria da.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Hans Schnier eleberriaren izenburuko pailazoa da. Hogeita zazpi urte ditu eta familia aberatsekoa da. Istorioaren hasieran Bonnera itzultzen da, etxea duen hirira, hain zuzen. Pailazoa denez —edo artista, bere burua ikusten duen bezala—, Alemanian zehar bidaiatu eta hoteletan bizi behar du. Bere bikotekideak, Mariek, Hans utzi du Züpfner izeneko batekin ezkontzeko. Hau dela eta, lur jota dago eta Marie berreskuratu nahi du. Halaber, diru arazo larriak ditu.

Hansek elizarik gabekotzat hartzen du bere burua. Gurasoek, nahiz eta protestanteak izan, eskola katoliko batera bidali zuten. Hantxe ezagutu zuen Marie eta berataz maitemindu zen. Katolikoa izan arren, Mariek Hansekin bizitzea onartu zuen. Hala ere, ez ziren ezkondu, Hansek nahi ez zuelako seme-alabak katoliko bezala hezteko paperik sinatu. Mariek, bere aldetik, beti esaten zuen katolikoa izaten jarraitzen zuela, nahiz eta bekatupean bizi.

Elkarrekin bizitzen bost urte zeramatzatenean, kongresu katoliko bat antolatu zen euren hoteletik gertu. Mariek “aire katolikoa” arnastu nahi izan zuen, eta hara joatea eskatu zion Hansi, baina honek saio bat izan zuenez, Marie bakarrik joan zen. Hurrengo egunean, Hansek Marieren ohar bat aurkitu zuen. Alde egina zen Marie eta Hansek ez zuen berriro ikusi.

Hansek ahalmen berezi bat du: usainak adi ditzake telefonoaren bidez. Halaber, monogamo peto-petoa da; Marierekin bakarrik bizi daiteke eta, beraz, berreskuratu behar du.

Hansek Henriette izeneko arreba bat izan zuen. Familiak hegazkinen kontrako zerbitzuan aurkeztuarazi zuten neska gerra garaian, eta han hil egin zen. Anaia txikia ere badu, Leo, katoliko bihurtu dena eta teologia ikasten ari dena. Familia aberatsekoa izan arren, semeek ez zuten inoiz aberastasun hori gozatu. Inoiz ez zieten eman janari nahikorik edo gastatzeko dirurik. Haurtzaro eta gaztaroko gomuta txarrak izan ziren etxetik alde egiteko zioak, hogeita bat urte zituenean.

Bonnen dagoenean, jende askori deitzen dio, baina inork ezin dio lagundu. Halaber, Marie Erroman eztei-bidaian dagoela jabetzen da, bere depresioa areagotzen delarik. Anaia Leorekin hitz egiten du eta honek biharamunean duen diru apurra emango diola agintzen dio. Alabaina, Leok Züpfnerrekin hitz egin duela esaten dio. Horrek jakinarazten dio Hansi anaia eta Marieren senarra lagunak direla. Azkenean, Hansek Leoren diruari uko egiten dio eta gitarra jotzen hasten da tren geltokian, txanpon batzuk eskuratzeko asmoz.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hans Schnier: Protagonista. Pailazoa. Elizarik gabekoa.

Marie Derkum: Hansen bikotekidea bost urtean. Katolikoa izaten jarraitzen du. Hansengandik alde egiten du eta Züpfnerrekin ezkontzen da.

Heribert Züpfner: Katolikoa. Marirekin ezkontzen da.

Leo: Anaia. Katoliko bihurtzen da.

Henriette: Arreba. Gerran hil egin zen.

Gizarte gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberria gizarte alemaniarraren isla da, bai Hitlerren garaikoa bai gerra ondokoa. Gizarte horren alde batzuk kritikatzen ditu: sinesmen politiko eta erlijiosoak, ezkontzearen beharra, katolikoen eta protestanteen arteko gatazka, gerraren eragina familietan, eta abar.

Heinrich Böllek eliza katolikoaren papera islatu nahi izan zuen. Elizak katolikoen eta protestanteen arteko harremanak mugatu zituen eta biztanleak sailkatu erlijioaren arabera. Nahiz eta protestanteak aberatasagoak izan eleberrian, katolikoen eragina handiagoa da, gai politiko eta moraletan batez ere. Hansek, bere aldetik, ez du abantailarik lortzen ezein taldetik. Pagano moduan agertzen da, nahiz eta bi taldeetako senideak izan eta bien ospakizunetan parte hartu.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]