Pakistango historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Indo Ibarreko zibilizazioaren hedapena.

Pakistango historia 1947an estatu modernoa fundatu aurretik Afganinstan, India eta Irangoarekin nahasten da.

Indo ibaiaren harana antzinako zenbait kulturaren kokapena izan zen. Mehrgarh, munduko hiri aurrenetakoa edo Indo Ibarreko zibilizazioa (K.a. 2500 - K.a. 1500) Harappa eta Mohenjo-Daro hirietan dira horren adibide.

Migrazio eta konkista-olatuak (harapparrak, indo-ariarrak, pertsiarrak, greziarrak, sakak, partiarrak, kushanak, huno zuriak, afganarrak, arabiarrak, turkoak edo mogolak) Indo eta Ganges ibaien arteko lautadetan finkatu ziren mendeetan zehar, jatorrizko populazioarekin nahastuz.

Indo Ibarreko zibilizazioa K.a. II. milurtekoaren erdian desegin zen, Vedar zibilizazioak ordezkatuta. Inperioak eta erresumak joan eta etorri ziren Alexandro Handiaren konkistara (K.a. 326) eta Mauriar Inperiora arte (K.a. 322 - K.a. 185). Baktriako Demetriok sortutako Indo-Greziar Erresumak Gandhara eta Punjab hartu zituen K.a. 184tik. Menander I.a (K.a. 155 - K.a. 130) erregearekin hedapen handiena lortu zen. Budismo greziarraren garaia sortu zen (K.a. IV. mendetik K. o. V. mendera arte), zeinetan Taxila hiria Antzinateko kultura gunerik garrantzitsuenetakoa bilakatu zen. Hiri aurriak, Islamabadeko mendebaldean, herrialdeko aztarnategi nagusia da.

K. o. 712an, Muhammad bin Qasim jeneral arabiarrak Punjabeko hegoaldea konkistatu zuen. Horren ondorioz, hainbat inperio musulman etorri ziren elkarren ondoan. Garai horietan, misiolari sufiek paper garrantzitsua jokatu zuten jatorrizko populazio budista eta hindua musulman bihurtzerakoan.

XVIII. mendearen hasieran, Mogol Inperioaren gainbeherarekin batera, afganiarrak, balokiarrak eta sikhak saiatu ziren ordoki horien gaineko kontrola bereganatzen, Britainia Handiko Ekialdeko Indiako Konpainiak azpiratu arte. Raja britaniarraren kontrako azken altxamendua 1857koa izan zen. Porrot egitean, Indiako Batzar Nazionaleko armarik gabeko politikaren oinarriak ezarri ziren. Nolanahi ere, 1930eko hamarkadan Liga Musulmana sortu zen, musulmanek ordezkaritza politiko aski ez zutelakoan. 1930eko abenduaren 29an, Allama Iqbalek Indiako musulmanentzako estatu autonomiaduna aldarrikatu zuen. Muhammad Ali Jinnahek Bi Nazioen Teoria plazaratuta, Liga Musulmanak 1940an Lahoreko Ebazpena hartu zuen. Horren bidez, independentziarako bidea zolatu zen.

Pakistan 1947ko abuztuaren 14an sortu zen, Indiako ekialdean eta mendebaldean zeuden bi zatietan. Horrek istiluak ekarri zituen eskualde guztietan, eta milioika musulman Pakistanera mugitu ziren, milioika hindu eta sikhak Indiara migratu ziren bezala. Jammu eta Kaxmir estatuen gaineko burujabetzaren inguruan arazoak sortu ziren.

Commonwealthean barnan agindupeko lur kategoria izan zuen Pakistanek 1947tik 1956 arte. Urte horretan, Ayub Khan (1958-1969) buru zuen estatu-kolpe baten bitartez errepublika ezarri zen. Ekialdeko Pakistanen, nahigabe politiko eta ekonomikoak errepresio bortitza eta gerra zibila eragin zituen. Ondorioz, independentzia lortu zuen Bangladesh izenpean.

Aginte zibila 1972-1977an itzuli zen Zulfikar Ali Bhuttorekin. Baina Zia-ul-Haq jeneralak kargutik kendu zuen, eta bere politika sekularra bertan behera utzi zuen, xaria lege-kode gisa indarrean jarrita. Zia 1988an hegazkin-istripu batean hil ondoren, Zulfikar Ali Bhuttoren alaba, Benazir Bhutto Pakistango lehenengo emakumezko presidente hautatu zuten. Hurrengo hamarkadan herrialdeko egoera politiko eta ekonomikoak okerrera egin zuen. 1999an, Pervez Musharraf jeneralak botere betearazleak bereganatu zituen estatu-kolpe batean.

2007an Benazir Bhutto erbestetik itzuli zen, eta aldaketa politiko berriak egingo zituela iragarri zuen. Urte horren amaieran, ordea, atentatu batetik bizirik irten ondoren (140 pertsona hil ziren atentatu hartan), Rawalpindi hirian hil zuten Bhutto. Agintariek buruzagi talibanak salatu zituzten; haiek, ordea, ez zuten halakorik aitortu.

2008an Musharrafek dimisioa aurkeztu zuen, eta Muhammad Mian Soomrok, Senatuko Lehendakariak, ordeztu zuen behin-behinean. Urte horretan bertan izan ziren lehendakaritzarako hauteskundeak eta Asif Ali Zardari (Benazir Bhuttoren senarra) hautatu zuten lehendakari.

2014ko abuztuaren 22an, Imran Khanen Pakistan Tehreek-e-Insaf (PTI) alderdiko 34 diputatuek dimisioa aurkeztu zioten Pakistango Parlamentuari. Khanek Nawaz Sharif lehen ministroaren aurkako protesta jendetsuak sustatu zituen egun horietan, eta diputatuak parlamentutik ateratzeko mehatxua egin zuen, Sharifek kargua utzi eta hauteskundeetara deitu ezean. 2013ko bozetan iruzurra egitea leporatzen zion Khanek Sharifi[1].

Azaroaren 2an, gutxienez, 48 pertsona hil eta 50 zauritu ziren Pakistan ekialdeko Wagah herrian izandako eraso suizida batean, Indiako mugatik gertu. Erasoa bertan 18:15ak zirenean jazo zen (13:15 GMT), bandera jaitsiera ekitaldia bukatu eta gutxira. Poliziaren bozeramaile batek jakinarazizuenez, duela bi hamarkadatik bi herrialdeek egiten zuten ekitaldia zen, eta jende asko bildu ohi zen[2]. Azkenik, hiru taldek hartu zuten bere gain Pakistanen 57 hildako eragin zituen atentatua. Bere buruaz beste egin zuen ekintzaile batek, gorputzean zeramatzan lehergailuak eztandaraziz. 57 hildako eta 112 zauritu eragin zituen atentatuak[3]. Azaroaren 15ean, segurtasun kontuetan elkarri laguntzea adostu zuten Afganistanek eta Pakistanek[4].

Sakontzeko, irakurri: «2014ko Peshawarko eskolako erasoa»

Abenduaren 16an, 126 lagun hil zituzten Pakistango eskola baten aurka egindako eraso batean. Aurretik 500 bat ikasle eta irakasle bahitu zituzten talibanek Peshawarren, Pakistan iparraldean[5].

Abuztuaren 17an jakin zenez, Pakistanek heriotza zigorra berrezarriko zuen terrorismo ekintzetarako. Peshawar hiria hildakoak lurperatzen hasi zen. Pakistanen inoiz gertatu den atentaturik odoltsuena izan zen[6].

Abenduaren 19an, Pakistango armadak 53 pertsona erail zituen TTP Pakistango Mugimendu Talibanarekin lotura zutelakoan[7].

2015eko urtarrilaren 9ean, autobus batek eta gasolina garraiatzen zuen kamioi batek elkar jo zuten, kamioia kontrako erreian sartu eta gero eta ondorioz, dozenaka lagun hil ziren[8]

Urtarrilaren 30ean, xiiten kontrako eraso batean 61 lagun hil ziren[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]