Pangasianodon hypophthalmus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Panga»
Pangasianodon hypophthalmus
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSiluriformes
FamiliaPangasiidae
GeneroaPangasianodon
Espeziea Pangasianodon hypophthalmus
(Sauvage, 1878)[1]
Banaketa mapa

Pangasianodon hypophthalmus Pangasiidae familiako arraina da, hego-ekialdeko Asiako ibaietan bizi dena. Arrain zuria da, akuikulturan oso erabilia, Vietnamen batez ere. Europan panga izenarekin merkaturatzen da.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrain handia da, berezko bizilekuan 1,30 metroko luzerara eta 44 kiloko pisura irits daitekeena. Gazteak distiratsuak eta irisatuak dira; helduak, berriz, gris ilunak.[3]

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrian hego-ekialdeko Asian bizi zen, Vietnamen, Kanbodian, Laosen eta Thailandian, Chao Phraya eta Mekong ibaien arroetan. Akuikulturan oso aintzat hartua baita, beste ibai batzuetan ere sartu dute, besteak beste, Malaysian, Singapurren, Indonesian eta Myanmarren.[4]

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur gezako arraina da, ibai tropikal handietan bizi dena. Ur sakonak eta epelak maite ditu, 22–26 °C artekoak. Batzuetan, arroz sailetan hazten dute.[3]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omniboroa da; zooplanktona, intsektuak, krustazeoak, arrainak eta landareak jaten ditu.[3][5]

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrain migratzailea da, baina haren bizi zikloa ez da ongi ezagutzen. Mekongen arroan apiril-uztail bitartean egiten dute goranzko bidea, errute lekuetarantz, eta irail-abendu bitartean jaisten dira ibai nagusira. Beti ere, migrazioaren datak aldatzen dira ibai batetik bestera.[3]

Pangaren kontsumoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Panga xerrak

Pangaren ekoizpenak garrantzi handia dauka. Thailandian eta Vietnamen akuikultura-espezie nagusietako bat da, eta handik Asiara, Ameriketara eta Europara esportatzen da. Nutrizioaren aldetik, haren osaera beste arrain zuri batzuenaren antzekoa da. Gantz, kolesterol eta Omega-3 gantz-azido gutxi dauka, eta beste arrain zuri batzuek baino proteina gutxixeago dauka.[2]

2000ko hamarkadaren erdialdetik aitzina, pangaren kontsumoak hazkunde handia izan zuen Europan, Euskal Herrian barne. Bere prezio merkearengatik eta haurrei hezurrik gabeko arraina eskaintzearen joeragatik, arrainik salduenetakoa bilakatu zen. Ospitaleetan ez ezik, eskolako jangeletan eta etxeetan gero eta sarriago ikusten zen. Prezioaz eta hezurrik ez izateaz gain, prestaketa berezirik behar ez izatea eta koipe eta kaloria gutxi edukitzea zeuden arrakasta horren oinarrian.[6]

Pangaren arrakastak, ordea, nabarmen eragin zion beste arrain batzuen salmentari eta, adibidez, amuarrainaren eta legatzaren salmenta dezente gutxitu zen. Arrantzaleen sektoreetatik, konkurrentzia bidegabea egitea egotzi zitzaion, eta gutxieneko azterketak gainditzen ez zituelako susmoa hedatu zen. 2010ean, kontsumitzaileen elkarteak egindako ikerketa batean, 23 laginen gainean egindako azterketan, merkurio eta pestizida arrastoak topatu zituzten. Onartutako neurrietan egon arren, alarma piztu zen. Horiek horrela, panga xerrak debekatu zituzten hainbat eskola-jangeletako menuetan.[6]

2017an, arrain horretan ager daitezkeen kutsatzaile kimikoak (nitrofuranoak, merkurioa eta artsenikoa) aztertu ondoren, Elikagaien Segurtasunerako Aholku Batzorde Zientifikoak ondorioztatu zuen panga kontsumitzeak ez zuela gizakien osasuna arriskuan jartzen eta, beraz, segurua zela dieta orekatu batean panga kontsumitzea.[2] Hala ere, Carrefour kateak Espainiako eta Frantziako hipermerkatu eta supermerkatuetan panga ez saltzeko erabakia hartu zuen urte hartan bertan; multinazionalaren arabera, panga haztegiek inguruneari eragiten dioten kaltea izan zen erabaki horren arrazoia.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Pangasianodon hypophthalmus», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  2. a b c ACSA. Panga kontsumitzearen arriskuen ebaluazioa. Elika, 2017ko maiatzak 10, elikagaiensegurtasuna.elika.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  3. a b c d Froese, Rainer, Pauly, Daniel. Pangasianodon hypophthalmus (Sauvage, 1878). fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  4. Vidthayanon, C., Hogan, Z.. Pangasianodon hypophthalmus. iucnredlist.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  5. Le pangasius, votre poisson de tous les jours. L'océan dans votre assiette, 18. orrialdea, wwf.fr (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  6. a b Panga: arrakasta izatetik debekatzera. Zuzeu, 2010eko azaroak 17, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).
  7. Carrefour dejará de vender panga en España. El Pais, 2017ko otsailak 1, elpais.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]