Paolo Veronese

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paolo Veronese
Paolo Veronese
Veroneseren burupotreta
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Paolo Caliari
Jaio 1528
Verona (Veneziako Errepublika)
Hil 1588ko apirilak 19
Venezia (Veneziako Errepublika)
Sinadura Veronese autograph.png

Paolo Veronese (Verona, 1528 - Venezia, 1588ko apirilaren 19a), jaiotza-izenez Paolo Caliari, italiar margolari manierista izan zen. Bere obra joera errealistako salbuespentzat hartzen da estilo manieristaren barruan. Haren garaikide Tintorettok ez bezala, Veronesek uko egin zion erreferentzia espiritual orori, eta Tizianoren joera erromanistaren eta modako manierismoren arteko pintura molde berezi bat asmatu zuen. Veroneseren obraren ezaugarri nagusiak handitasuna eta obraren egituran arkitekturak eragin handia izatea dira.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak eta lehen obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paolo Caliari zuen izena, baina il Veronese deitzen zioten, Veronako hargin eta eskultore baten seme zelako. Hamar urte zituela, pintore ofizioa ikasten hasi zen Antonio Badileren lantegian eta, horretaz gainera, buztinezko irudiak moldatzen zituen aitaren ereduari jarraituz. Andrea Mantegnaren pinturaren ondoko estiloen jarraitzaile sutsua izan zen, eta harremanak izan zituen Giovan Francesco Caroto eta Francesco Torbidorekin, zeinak Giorgioneren estiloaren jarraitzaile baitziren, eta Domenico Brussorzi, gai fantastikoen pintorearekin.

Mantuan Giulio Romanoren obrak ezagutu zituen, eta irudiak eta koloreak kokatu behar zituen espazioaren arkitektura zentzuaz jabetzen lagundu zion horrek. Bere garaiko pintura ondo ezagutzeaz gainera, Michele Sanmicheli, Veronako garai hartako arkitekto hoberena, ezagutzeko aukera izan zuen. Honek eragin handia izan zuen Veroneseren arkitektura kutsuko konposizioetan, lehenengo obretatik bertatik agerikoa zena.

Villa Barbaroko freskoak, 1560 aldean

1548koa da data ezaguneko lehenbiziko obra: Bevilacqua-Lazise erretaula (Museo di Castelvecchio, Verona). 1551n Villa Soranzo dekoratu zuen, Castelfrancotik hurbil, eta 1552an San Antonio Deabruak tentatua (Musée des Beaux-Arts, Caen) pintatu zuen Mantuako katedralerako[1]. Azken margolan honetan nabari denez, Veronesek berehala beregenatu zuen manierismoa.

Venezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lehen garaiko pintura lanak veneziar dirudunen udako landetxeak dekoratzeko egin zituen, gai askeak eta jai girokoak erabiliz. Pintura mota horietan landu zituen Veronesek bere perspektiba jokoak, marko arkitektoniko fantastikoez sendotuak. Veroneseren obraren parte handi baten bereizgarri nagusia dira, hain zuzen, arkitektura ingurune horiek. 1553an Veneziako Duxaren Jauregian (Palazzo Ducale) lan egiteko deitu zioten[2]. Hamarren Kontseiluaren Aretoko (Sala dei Consiglio dei Dieci) sabaiaren apainketa egin zuen, sotto in sú (behetik gora) delako perspektiba berezia erabiliz.

1555ean Veneziako San Sebastiano elizan Mariaren koroatzea margotu zuen. Monjeei hainbeste gustatu zitzaien Veroneseren lana, ezen elizako sabaia pintatzeko ere eskatu zioten. Arrakasta handia izan zuen eta lan eskaera asko egin zizkioten handik aurrera.

Heldutasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1560 eta 1561 bitartean Venezia utzi zuen, Palladio arkitektoak Maserren (Treviso) eraiki zuen Villa Barbaroko freskoak margotzera joateko. Gai mitologikoak eta alegorikoak erabili zituen, kolore argi alaiez margotuak. Veronesek, bere estiloari jarraituz, ilusio arkitektonikoak sortu zituen, Palladiok ezarritako muga espazialak desagerrarazten zituzten efektu optikoak (trompe-l'œil), ez baitzituen eraikuntzaren arkitektura egiturak kontuan hartzen. Badirudi Palladiok, oso haserre, bere obra ilusio optiko batean barreiaturik suntsitu izana leporatu ziola Veroneseri.

Veneziako pintoreen artean ospetsuena egin zen, eta lantegi bat zabaldu zuen, erretratu ugari, koadro erlijiosoak (Kanako ezteiak, Jesus Tenpluko doktoreen artean) eta mitologiakoak (Marte eta Venus Maitasunak aurkituak) egin zituena, denak ere indar eta handitasun bikainekoak. Kanako ezteiak (Louvre, Paris) 1563an egin zuen, San Giorgio Maggiore beneditar monasteriorako. Neurri handiko mihise honetan (669 x 990 cm) bere bitarteko guztiak baliatu zituen arkitektura espazio artifizialak eta festa giroa sortzeko.

Heroi eta mitoei buruzko koadroetan ere, erlijio pinturetan margotzen zituen arkitektura agertoki berak erabiltzen zituen. Darioren familia Alexandro baino lehen izenekoan (1565-1567, National Gallery, Londres), adibidez, Kanako ezteiak koadroan erabilitako ereduak baliatu zituen. Darioren familiak, baina, badu berezitasun aipagarri bat: behatzailearen ikuspuntua koadroaren erdigunea baino askoz beherago dago, ia belauniko bagina bezala, margolaneko pertsonaia batzuen ikuspuntu berberetik begira.

Afaria Leviren etxean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afaria Leviren etxean, 1573, Gallerie dell'Accademia, Venezia
Maitasunaren alegoria: Desleialtasuna, 1570 aldean, National Gallery, Londres

Veronesek margotzeko hartu zituen lizentziak Inkisizioa ohartarazi zuten. Izan ere, Trentoko kontzilioaren aginduak erlijio pinturan betetzen ote ziren zaintzeaz ere arduratzen baitzen erakunde hori. 1573ko Azken afaria izeneko koadroan (Gallerie dell'Accademia, Venezia), bere beste margolan askotan bezala, bufoiak, zakurrak eta alemaniar soldaduak tartekatu zituen mahaikideen artean. Hori zela eta, Veronesek Inkisizioko auzitegiaren aurrean azaldu behar izan zuen. Honela erantzun zien galderei: Guk, pintoreok, poetek eta zoroek hartzen dituzten askatasun berberak hartzen ditugu. Eta erantsi zuen gero: Eskatu zidaten nahi nuen bezala dekoratzeko koadroa, eta oso handia nola baita, pertsonaia asko kabitzen dira[3]. Ez dakigu Veroneseren azalpenak Inkisizioa gogobete ote zuen, baina kontua da koadroari izena aldatu behar izan ziola eta lehengoaren ordez Afaria Leviren etxean jarri, gaiari buruzko interpretazio libreago bat egiteko atea zabalik utziz.

Garai hartako beste erlijio margolan batzuetan, hala nola Jesus Tenpluko doktoreen artean izenekoan (Pradoko museoa, Madril), Kontraerreformako ideiekin adosago dagoela ematen du. Koadro horretan Veronesek beheko ikuspuntua erabili zuen berriro, doriar eta korintoar zutabeez egin zuen dekoratua, eta kolore beroei eman zien lehentasuna.

Neurri txikiko koadroetan, Moises uretatik salbatua (1560-1575 inguru, Pradoko museoa, Madril) izenekoan adibidez, Veronesek maisutasun handiz erakutsi zuen manieristek miniatura eta xehetasunei zioten atxikimendua. Tamaina txikiko lana izanik ere (57 x 43 cm), xehetasun handiaz azaldu zituen pertsonaien arropen kalitateak, Veneziako garai hartako erara jantziak. Bufoi ipotx batek eta zerbitzari beltz batek kutsu exotikoa ematen diote obrari.

Azkenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1580an Veneziako Duxaren Jauregiko Kontseilu Handiaren aretoa apaintzeko lanak hasi zituen. 1585ean bukatu zituen, hil baino hiru urte lehenago. Margolan horiek Tiepoloren dekorazio pintura barrokoen aitzindaritzat hartzen dira. Gorputzak airean zintzilik bezala daude, arkitekturek eratutako ametsezko espazio batean esekita. Margolana Veneziaren alegoria bat da: Venezia jainkosa gisa koroatua, basailuez inguratua, emakume itxuran irudikatutako garaipenez, eta gainerako erreinuetako enbaxadoreez.

Pintorearen azken hamarkadako lanetan, Magoen adorazioa eta Magdalena esaterako, halako histura edo melankolia giro bat nagusitzen da. Koloreak eta eguzki argia bera ere, bizi-biziak aurreko aldietan, motelagoak dira orain. Lan batzuetan, Vienako Lucrecia-n, esate baterako, ilunabarreko argitasunez margotzen du.

Lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenburua Sortua Mota Tamaina (cm) Jabea Hiria
San Antonio Deabruak tentatua 1552–1553 Olioa oihal gainean 198 × 151 Musée des Beaux-Arts Caen
Zeus Bizioak kanporatzen 1553? Olioa oihal gainean 650 × 330 Louvre Paris
San Marko Bertutea koroatzen 1554? Olioa oihal gainean 330 × 317 Louvre Paris
Ama Birjinaren koroatzea 1555 Olioa oihal gainean  ? San Sebastiano eliza Venezia
Emakume baten potreta 1555–1560? Olioa oihal gainean 119 × 103 Louvre Paris
Deikundea 1555? Olioa oihal gainean 193 × 291 Uffizi Galeria Florentzia
Jesus Tenpluko doktoreen artean 1558 Olioa oihal gainean 236 × 430 Prado Madril
Jasokundea 1558? Olioa oihal gainean 340 × 455 San Zanipolo eliza Venezia
Kanako ezteiak 1560? Olioa oihal gainean 207 × 457 Gemäldegalerie Dresden
Gizon baten potreta 1560? Olioa oihal gainean 120 × 102 Museum of Fine Arts Budapest
Bako gizoei ardoa ematen 1560–1561 Freskoa  ?? Villa Barbaro Maser, Treviso
Giustiniana Giustiniani eta haurtzaina 1560–1561 Freskoa  ?? Villa Barbaro Maser, Treviso
Venus eta Adonis 1561+ Olioa oihal gainean 123 × 174 Staatliche Kunstsammlungen Augsburg
Ama Birjina aintzan santuekin 1562? Olioa oihal gainean  ?? San Sebastiano eliza Venezia
San Joan Bataiatzailea predikatzen 1562? Olioa oihal gainean  ?? Galleria Borghese Erroma
Ama Birjina tronuan santuekin 1562? Olioa oihal gainean 339 × 191 Gallerie dell'Accademia Venezia
Kanako ezteiak 1563 Olioa oihal gainean 666 × 990 Louvre Paris
Petrobelli aldarea  ??  ??  ??  ??  ??
Familia Santua eta santuak (San Zaccaria Altapiece) 1564 Olioa oihal gainean 328 × 188 Gallerie dell'Accademia Venezia
San Jurgiren martirioa 1564 Olioa oihal gainean 426 × 305 San Giorgio in Braida Verona
San Marko eta San Martzeliano martiriorantz 1565 Olioa oihal gainean  ?? San Sebastiano eliza Venezia
San Sebastianen martirioa 1565 Olioa oihal gainean  ?? San Sebastiano eliza Venezia
Darioren familia Alexandro baino lehen 1565–1570 Olioa oihal gainean 236.2 × 475.9 National Gallery Londres
Ama Birjina eta Haurra, Santa Isabelekin, San Joan Bataiatzailea haurrarekin eta Santa Justinarekin 1565–1570 Olioa oihal gainean 40-7/8 x 62-1/4 in. Timken Museum of Art San Diego
Daniele Barbaro potreta 1565–1567 Olioa oihal gainean 121 × 105.5 Rijksmuseum Amsterdam
Maitasunaren alegoria: Desleialtasuna 1570 Olioa oihal gainean 191 × 191 National Gallery Londres
Kristoren Pizkundea 1570? Olioa oihal gainean 136 × 104 Gemäldegalerie Dresden
Ama Birjina Cuccina familiarekin 1570? Olioa oihal gainean 167 × 416 Gemäldegalerie Dresden
Moisesen aurkitzea 1570?–1575? Olioa oihal gainean  ?? Kunsthistorisches Museum Viena
Betsabe bainuan 1575? Olioa oihal gainean 191 × 224 Museum of Fine Arts of Lyon Lion
Eskultore baten potreta 1550?–1585? Olioa oihal gainean 110.5 × 89 Metropolitan Museum of Art New York
Lepantoko gudua 1572? Olioa oihal gainean 169 × 137 Gallerie dell'Accademia Venezia
Gregorio Handiaren oturuntza 1572 Olioa oihal gainean  ?? Monte Berico Vicenza
Afaria Leviren etxean 1573 Olioa oihal gainean 555 × 1.280 Gallerie dell'Accademia Venezia
Santa Justinaren martirioa 1573? Olioa oihal gainean 103 × 113 Uffizi Galleria Florentzia
Zeresek Venezia omentzen du 1575 Olioa oihal gainean 309 × 328 Gallerie dell'Accademia Venezia
Santa Katalinaren ezkontza mistikoa 1575? Olioa oihal gainean 337 × 241 Gallerie dell'Accademia Venezia
Maitasunaren alegoria: Zorioneko elkartzea 1575? Olioa oihal gainean 188 × 188 National Gallery Londres
Venus, Marte eta Maitasuna zaldi batekin]] 1575? Olioa oihal gainean 47 × 47 Galleria Sabauda Turin
Pietatea 1576–1582 Olioa oihal gainean 147 × 115 Hermitage San Petersburgo
Kristoren Pizkundea 1578? Olioa oihal gainean 273 × 156 The Chapel, Chelsea and Westminster Hospital Londres
Marte eta Venus Maitasunak aurkituak 1578? Olioa oihal gainean 205.7 × 161 Metropolitan Museum of Art New York
Hermes, Herse eta Aglaulo 1576?–1584? Olioa oihal gainean 232.4 × 173 Fitzwillian Museum Cambridge
Europaren bahiketa 1580 Olioa oihal gainean 240 × 303 Sala dell'Anticollegio, Palazzo Ducale Venezia
Venus eta Adonis 1580 Olioa oihal gainean 212 × 191 Prado Madril
Kristo eta Zenturioia 1580? Olioa oihal gainean 99.2 × 130.8 Toledo Museum of Art Toledo, AEB
Lukrezia 1580ko hamarkada Olioa oihal gainean 109 × 90.5 Kunsthistorisches Museum Viena
Kristo lorategian aingeru batek lagundua 1580? Olioa oihal gainean 80 × 108 Pinacoteca di Brera Milan
San Antonio arrainei predikatzen 1580? Olioa oihal gainean  ?? Galleria Borghese Erroma
Santa Helenaren ikuspena 1580? Olioa oihal gainean 166 × 134 Pinacoteca Vaticana Erroma
Jakinduriaren eta Indarraren alegoria 1580? Olioa oihal gainean 214.6 × 167 Frick Collection New York
Judith eta Holofernes 1580? Olioa oihal gainean 195 × 176 Galleria di Palazzo Rosso Genova
Miratarrak San Nikolasi ongietorria ematen 1582? Olioa oihal gainean diameter: 198 Gallerie dell'Accademia Venezia
Veneziaren Apoteosia 1585 Olioa oihal gainean 904 × 579 Palazzo Ducale Venezia
Scutariko setioa 1585 Olioa oihal gainean 904 × 579 Palazzo Ducale Venezia
San Pantaleonen konbertitzea 1587  ??  ?? San Pantalon eliza Venezia
Agostino Barbarigoren potreta  ?? Olioa oihal gainean 60 × 48 Museum of Fine Arts Budapest
Kristoren bataioa eta tentazioa  ?? Olioa oihal gainean 245 × 450 Pinacoteca di Brera Milan
Veneziar emakume baten potreta (La Bella Nani)  ?? Olioa oihal gainean 117.3 × 100.8 Alte Pinakothek Munich
Susana bainatzen  ?? Olioa oihal gainean 198 × 198 Louvre Paris
Noli me tangere  ?? Olioa oihal gainean  ?? Musée de Grenoble Grenoble
Txakurra eserita  ?? Olioa oihal gainean 44 × 82 National Gallery Oslo
Afaria Emmausen 1565-1570 Olioa oihal gainean 66 × 79 Museum Boijmans Van Beuningen Rotterdam

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paolo Veronese Aldatu lotura Wikidatan
  • (Ingelesez) George WILLIAMSON: Paolo Caliari The Catholic Encyclopedia (1908).