Paracas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paracas kultura» orritik birbideratua)
Paracas
K.a. 700 – 200
Teokrazia
Geografia
HiriburuaTajahuana ?
Kultura
ErlijioaPoliteista
Historia

Paracas kultura antzinako Peruko zibilizazio bat zen, Paracas penintsulan garatu zena K.a. 700 eta K. o. 200 artean. Iparraldeko kostaldean garatu zen Chavín kulturarekin garaikidea da. Kultura honi buruzko berriak haiek egindako tresnen ikerketatik jaso dira. Aztarnen eta arkitektura hondakinen arabera, bi gune nagusi bereizi dira Paracas kulturaren barnan : Cavernas eta Necropolis.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paracasko arkitekturan aipagarriak dira lauki zuzen formako etxe txikiak, erdi lurperatuak eta adobez edo zurezko habez eginak, eta piramideak, adobez eta arto alez eginak ; herri asko harresiz inguratuak ziren.

Baina Paracasko aztarna garrantzizkoenak Ica eskualdeko hilobiak dira, Cavernas (K.a. 500-300) eta Necropolis (K.a. 300-200) deituriko guneetan aurkitutako hilobiak hain zuzen. Lurralde oso lehorra zenez, egoera onean aurkitu dira bai hilobietako momiak eta bai haiekin batera lurperaturiko gauzakiak, oihalak barne. Cavernasko hilobiak, gaztelaniazko izenak adierazten duen bezala, lur barnean zulatutako haitzulo modukoak dira. Putzu edo hodi moduko bat zuten hilobi ganberara sartzeko ; ganberak botila itxurako lur barneko hutsuneak dira, eta 30-40 bat gorpu dago ganbara. Gorpu batzuk oihal batez estalita daude eta beste batzuk, berriz, hainbat mantu eta estalkiz eta bitxi apaingarriez. Oro har zeramika bikaina eta oihal arruntak aurkitu dira era honetako hilobietan. Nekropoliko hilobiak ere lurpean zabalduak dira, baina harrizko hesi batez zeuden inguratuta eta eskailerak zituzten sarreran; laurehun momia aurkitu dira han lurperaturik. Aurrekoetan ez bezala, zeramika arrunta da hilobi hauetan baina oihalak bikainak dira ; 100 oihaletik gora dituzte gorpu batzuek -gizarte mailaren arabera-, errusiar panpinen moduan gorputzaren inguruan bildurik. Azken oihala ez beste guztiak irudi eta kolore ikusgarrikoak dira.

Oihalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihal brodatua.

Hilobiek erakusten dutenez, Perun garrantzi handia izan zuen oihalgintzak, eta hori da hain zuzen ere Paracasko kulturaren jarduera bereizgarriena. Oihalak egiteko kotoia, llama, alpaka edo guanako artilea, saguzar larrua, giza ilea eta lumak erabiltzen zituzten, garaiaren arabera. Kotoia ez zuten tindatzen, oro har, baina artilean kolore eta nabardura bikainak lortu zituzten ; tindagai begetalak erabili zituzten batez ere, baina mineraletatik eta animalietatik atereak ere baziren. Teknikari dagokionez, hainbat teknika desberdin erabiltzen ziren, hasi hari bakarra txirikordatuz egiten zirenetatik, eta hainbat motatako ehundegietan eginetara. Diseinuetan marrazki konplexuko oihalak aurkitu dira, brodatu bikainekoak eta kolore bizikoak, Necropolisen batez ere (Cavernasko oihalak soilagoak dira, lerro zuzenekikoak eta sepia kolorekoak, oro har) ; hainbat eratara konbinaturiko elementu abstraktuak irudikatzen dituzte, eta gehienek simetria bertikala dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]