Pastoral
- Artikulu hau Zuberoako herri-antzerkiari buruzkoa da; elizaren ekintza gaitzat duena beste hau da: Pastoral (erlijioa)
Pastorala Zuberoan ospatzen den herri-antzerkia da. Antzezpena, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen da, Zuberoako euskaran. Seguru aski Erdi Aroko antzerkian du jatorria, nahiz eta lehen idazkiak XVII. mendekoak izan. Horrek adierazten du ahozko literaturan garrantzi handiko adierazpidea zela.
Lehendabiziko pastoral erregistratua "Saint Jacques" izenburukoa da, 1634an eta Atharratzen egindakoa.
Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio udan pastorala bi alditan antzeztea.
Eduki-taula |
[aldatu] Ezaugarriak
[aldatu] Gaia
Pastoralen gaiek bi denbora tarte bereizten dituzte, 1950. urtea mugarri izaki. Urte hortaraino, antzezpenak gai erlijioso (itun berrikoak) edo politiko-militarrak (Frantses estatukoak) ziren, eta bertako pertsonai garrantzitsuen bizitza kontatzen zen. Etxahun-Irurik baina, pastoralak irauli zituen gai euskaldunak sartzean. [1950]. urtetik aurrera beraz, euskal historian pisua izan duten pertsonaien inguruan ospatzen dira.
Gaiaren aukeraketa bi modutakoa izan daiteke. Posible da herriak gai bat aukeratu eta norbaiti horri buruz idaztea eskatzea edo eta idazle batek pastoral bat idatzi eta herri bati eskaintzea.
[aldatu] Dualismoa
Mundu dualista bat irudikatzen da. Pertsonaiak onak edo gaiztoak dira.
- Pertsonaia onak: aingeruak, apaizak, Jainkoa (hau ez da inoiz agertzen, norbaiten ahotsa bakarrik entzuten da)...
- Pertsonaia gaiztoak: turkoak (türkak), frantsesak edo ingelesak izaten ziren.
[aldatu] Antzezlanaren egitura
Pastoralen aurretik, munstra egin ohi da. Munstra, inguruko auzo eta herrietan egiten den deialdi bat da, pastoralaren egunean edo aurrekoan.
Antzezlanak, 3-4 oren irauten ditu, eta ondorengo egitura dauka:
- Lehen pheredika: hitzaurre bat ematen da, aurkeztuko den lanaren mezua aurreratuz eta azalduz.
- Korapiloa: pastorala hasten da. Eszenak (jelkaldiak) zenbatuta agertzen dira, ikusleak istorioaren hariari hobeto heltzeko.
- Azken pheredika: eskerrak eman, pastoralaren mezua laburbildu eta azken agurra ematen da.
Antzezlana publiko aurrean birritan errepikatzen da, eta aurretik entseguak edo mustrakak egiten dira.
[aldatu] Musika
Egun, musika talde oso batek zuzenean jotzen duen arren, lehenago txirula eta atabalaren hotsek soilik laguntzen zituzten pastoralak. Urteetan zehar hainbat berrikuntza sartu izan dira, eta adibidez 1991ko Harizpe pastoralean, sintetizadorea sartu zuen Pier Paul Berzaitzek.
[aldatu] Kantua
Kantua da pastoralaren ezaugarri nagusienetakoa, bertsoek osatzen baitute antzerki osoa. Testua liburuetan biltzen da, ikusleek eskura izan dezaten. Liburuxkan euskara batuan ere gehitzen dira xiberotar zenbait hitz, eta frantsesez ere egoten da itzulita. Kantu gregorianoek garrantzi handia zuten lehen, pertsonaiak eszenatokira sartu eta irtetzen ziren bitartean. Lehengo pastoraletan ematen ez zen beste ezaugarri bat, koruek abesten dituzten kantak dira.
[aldatu] Dantza
Dantzak ere garrantzia du pastoraletan, eta urtez-urte ematen zaion pisua aldakorra den heinean, berritzailea ere izan da. 2011n Larrainen egindako pastoralean adibidez bi bandoen (batzuetan haien artekoak) dantzez gain, dantza modernoagoak tartekatu ziren.
[aldatu] Antzezleak
Antzezleak, pastoralaren kargu dagoen herrikoak izaten dira orokorrean, bertako auzoetako edo batzuetan (jende gutxiko herrietan) alboko herrietako jendeaz lagunduta. Aitzina, soilik gizonezkoak ziren, eta emakumeen paperetan ere zomorrotutako gizonezkoak jarduten zuten.
[aldatu] Eszenatokia
Eszenatokiak urteen poderioz (eta arrakastaren ondorioz), txikiak izatetik, guztiz prestatuak izatera pasatu dira. Handiak, pasarelekin, harmailez inguratuta...etab. Hasiera batean elizetan ospatzen ziren antzerkiak, baina ematen zen narrazio gordinengatik eraikinetik kanporatua izan zen.
[aldatu] Pastoralen zerrenda
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
- (Frantsesez) 2007 Pastorala YouTube-an
- (Euskaraz) Pastoralak Suazia webgunean, pastoralen zerrenda eta hainbat testu oso
- (Euskaraz) Pastorala hiru.comen
- (Euskaraz) Pastoralak eta zenbait testu
- (Euskaraz) Antso Handia pastorala (bideoa)
- (Euskaraz) Pier Paul Berzaitzi 1992an Argian egindako elkarrizketa
- "Gerlaz" dantza, 2011n Larrainen ospatutako pastoralean
- (Euskaraz) Kanaldudek Larraineko pastoralaren inguruan prestatutako dokumentala
- (Euskaraz) Pastoralaren inguruko informazioa eta argazkiak
- (Euskaraz) Jean-Louis Davantek Euskonewsen pastoralen historiaz idatzitako testua
- (Frantsesez) Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak Biarritzeko mediatekan 2008ko agorrilaren 14an eman zuen hitzaldia