Patvinsuo Parke Nazionala

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 63°06′41″N 30°42′16″E / 63.11139°N 30.70444°E / 63.11139; 30.70444

Patvinsuo Parke Nazionala
Patvinsuo lintutornilta.JPG

Suomunsaari dorretik ateratako PNren argazkia.
Kokalekua Ilomantsi eta Lieksa, Ipar Karelia
FinlandiaFinlandia
Azalera 105
Sorrera 1982
Bisitari-kopurua 14.000 (2007)
Arduraduna Metsähallitus

Patvinsuo Parke Nazionala (finlandieraz, Patvinsuon kansallispuisto) Finlandia ekialdeko Ipar Karelia eskualdean dagoen parke nazional bat da. Errusiaren mugatik gertu dago eta herrialdeko ikerketa munduan ezaguna bihurtu da bertako natura basatiari, hondarrezko ertzei, oihan zaharrei eta eremu zingiratsuei esker. Hegazti espezie desberdin asko eta hauek behatzeko dorre ugari daude. Parke nazionalaren ikurra gutxitan ikus daitekeen eta oihan zaharretan ezkutatzen den hartz arrea da [1].

Parkea 1982. urtean sortu zen eta 1992tik UNESCOren Ipar Kareliako Biosfera Erreserba osatzen du Petkeljärvi Parke Nazionalarekin batera. Guztira, 105 km²-ko azalera dauka eta eskualdeko parke handiena da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasierako egur ikaztegiak ikus daitezke Mäntypolku Basabidea eginez gero, Suomu Natura Informazio Bordatik gertu. Bertan, Neguko Gerran finlandiar gudarosteak energia lortzeko baliabide erabilienari buruzko informazioa jaso daiteke.

Izan ere, ikatza egitea zen Ipar Kareliako eremu honetako herritarren lanbide garrantzitsuenetako bat eta eskualdeko ekonomia ere, egur ikatzaren inguruan oinarrituta zegoen. II. Mundu Gerrarekin batera, SESBen muga ezegonkorra bilakatu zen eta garaiko Finlandiako Gobernuak mugako egur ikaztegiak sendotu zituen. Hala ere, Neguko eta Jarraipenaren guden eta sobietarrak Finlandian sartu ondoren, inguruko herrietan izugarrizko triskantzak izan ziren eta honek, baliabide ekonomikoaren amaiera ekarri zuen [2].

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionala, iparraldeko eta hegoaldeko ezaugarrien arteko mugan dago. Eremu zingiratsu eta hareatsuek, eta basoek osatzen dute parkea; gutxienez, lau aintzira (Hietajärvi, 167,02 km² dauzkan Koitere erraldoia, Nälmänjärvi eta Suomunjärvi), lau urmael txiki (Korpilampi, Sirkalampi, Surkanlampi eta Syrjälampi), Kurkilahti badia bakarra, lau muino txiki (Autiovaara, Hietavaara, Rauvunvaara eta Surkanvaara) eta lau ibai motz (Hiienjoki, Nälmänjoki, Suomunjoki eta Surkanpuro) daude.

Patvinsuo bestalde, parke nazionalari izena ematen dion eremu zingiratsu bat da; natura ezaugarri bereziengatik ikerketa talde finlandiar askok egiten dute lan bertan. Basoak aldiz, gainontzeko lurzorua estaltzen du. Autiovaara muinoaren inguruan parke nazionaleko oihan zahar nagusiak daude eta bertan, Finlandiako pinu zaharrenak aurki daitezke. Bost urtean behin, aukeratutako parkeko lurzoru zati batean sute kontrolatuak pizten dituzte; honela, lurra ongarritu eta basoak indartu egiten dituzte.

Hareazko hondartzen artean dagoen Suomunjärvi aintzira bisitari gehien erakartzen dituen lekua da. Izotz Aroan sortutako aintzirak 24 km-ko hondarrezko ertza dauka eta Koitere bizilagun erraldoia kontuan hartu gabe, parke nazionaleko aintzira handiena da. Natura basatia ere eskaintzen duen beste aintzira ospetsua, iparraldean dagoen Hietajärvi aintzira da; aintzira hau ere garai beretsuan sortu zen eta amildegi txikiz inguratua dago [3].

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia guztien artean izarra hartz arrea da. Parke nazional honetako hartzak guztiz basatiak dira eta ezusteko bat baino gehiago eman ohi die bisitariei. Hala ere, normalean, ihesean ibiltzen dira eta bertako oihan sakonetan murgildu ohi dira. Beste ugaztunen artean, otsoak, urtxintxa hegalariak, lepahoriak, ipar-katamotzak, jatunak, udako altzeak eta Finlandiako baso elur-orein ospetsuak. Kastoreak ere aurki daitezke bertan ibaietan; gaur egun, 20-30 bat kastore inguru egongo direla uste dute begiraleek, baina hauek ez dira Ipar Karelia bertako bizilagunak, izan ere, 1945. urtean Nälmänjoki ibaian utzitako bikote baten ondorengoak dira.

Dena den, animalia espezie desberdin gehienak dituen familia hegaztiena da. Bertako zingira eta basoetan habiaratzen dutenen artean daude, antzara hankahoriak, basoilarrak, belatz gorriak, buztangorri argiak, euli-txori papargorriak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, kurriloak, lezkari gorriztak, okil beltz eta hiruatzak, urretxindor gorriztak eta zisne txistulariak [4].

Suomunjärviko hareazko hondartza.

Leku aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereziki aipatzekoak diren bi leku daude parke nazionalean:

  • Egur-ikaztegia: lehen aipaturiko eta Mäntypolku Basabidea jarraituz dagoen XIX. mende bukaerako egur ikaztegia. Bertan, XX. mendearen hasieran inguruko ipar kareliarrek zuten bizimodua eta lanbideari buruzko saioak daude. Suomu Natura Informazio Bordatik gertu dago.
  • Suomuko Oroitzapen Zuhaitza: ehunka urteko adina duen zuhaitz hau aspaldiko bizidun isila da. Oroitzapen zuhaitz honetan, basogintzan jarduten ziren XIX. mendeko bi familien izkribuak daude; jaiotza edo heriotza datak, edo hartz arre baten hilketaren pasadizoa. Parke nazionaleko leku bisitatuenetako bat da [5].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markatutako 80 km-ko bide-sarea dago parke nazionalean. Oinezkoentzat eta neguan eskiatzaileentzat diren ibilbide hauetatik ezagunenak 25 km-ko Patvinkierto Bide Biribila eta hain bestetan aipatutako Mäntypolku Basabidea dira. Lehenengoa da parkeko bide luzeena; motzena aldiz, oihanetik doan 3 km-ko Kuusipolku Basabida da. Arrantza, txirrindularitza eta bainua onartuak daude. Arrantzatu daitezkeen arrainen zerrenda motza da, haien artean, arrainzuriak, koregono zuriak eta aintzira perkak [6].

Bertara iristeko Kantatie 73 edo 74 errepideak hartu behar dira. Ilomantsi eta Lieksa udalerrietara iritsiz gero, seinaleak jarraitu eta parkerako bidea azkarra da. Garraio publikoa erabili nahi bada, Uimaharjutik Kivilahtira doan autobusak geldialdi bat dauka parke nazionalaren sarreran [7].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Patvinsuo Parke Nazionala Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]