Patxaran

Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxean eginiko patxarana

Patxarana Euskal Herriko edari alkoholdun gozo eta gorriluna da, % 25-30 inguru alkohol bolumena duena. Elorri beltzaren (Prunus spinosa) fruituak (basaranak) anis-pattarrean beratuz egiten da. Batzuetan kafe-ale gutxi batzuk, kanela adartxoren bat edota banilla-lekaren bat gehitzen zaio, zaporea emateko. Bazkal edo afalostean eta oso hotz edaten da, digestioaren lagungarri.

1988an Nafarroako Patxarana Adierazpen Geografiko Babestua sortu zen.

Historia

Agirien arabera, patxarana Gonofre Nafarroakoa eta Teresa Arellanokoaren arteko ezkontzan zerbitzatu zen 1415ean. Gonofre Karlos III.aren semea zen. Badakigu Blanka erreginak patxarana hartu zuela Santa Maria de la Nieva monasterioan 1441ean, sendabelar gisa.

Hala ere, patxarana batez ere Nafarroa Garaiko etxeetan ekoizten zen edaria izan da, XIX. mendean boladan jarri zen arte. Nahiz eta Euskal Herritik kanpora ez den oso ezaguna, nafar gazte ugarik soldaduska egitean patxaran botila zeramatenez zaletasuna hein batean Espainian hedatu zen.

XX. mende erdialdera hasi zen merkaturatzen, hainbat enpresa ekoizle sortu baitziren. Zaharrena Zoco da, lehen aldiz 1956an merkaturatua eta Ambrosio Velascoren familiak sortua, Viana inguruan patxarana ekoizten ibili den familia 1816tik eta egun Pernod Ricard enpresarena. Beste marka batzuk dira: La Navarra, Etxeko, Kantxa edo Barañano Atxa, besteren artean.

1988an Nafarroako Patxaranaren Kontseilu Arautzailea eratu eta Nafarroako Patxarana Adierazpen Geografiko Babestua sortu zuen, besteak beste ekoizpena, kalitatea eta botilaratzea kontrolatzen dituena. Oraingoz patxarana arautzen duen erakunde bakarra da, eta Nafarroako Patxarana jatorri deitura sormarka ematen duena. 1990eko hamarkadatik aurrera, elorri beltza landatzen hasi zen basaranak lortzeko.

Ekoizpena

Nafarroan ekoizten da patxaranaren % 95. 2000an, Nafarroako 7,7 milioi litro patxaran saldu ziren.[1]

Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago kontseilu arautzailerik, baina ekoizleak bai, hala nola Amurrioko Destilería Atxa, zaharrenetakoa.[2]

Azkainen Oldarki izeneko garagardoa ekoizten da, % 6 patxaran duena.

Prestaketa

Basaranak adarrean (Elorri beltza).

Patxarana prestatzeko 250 gramo basaran behar da pattar litroko eta beratzen utzi 7 edo 8 hilabetez leku fresko eta ilunean. Denbora igarota, iragazi egin behar da, ziroparekin nahastu (ura eta azukrea batera irakinda) eta botilaratu.

Beratzean erramu hosto bat edo kafe-aleak[3] ere gehitu daitezke, ikutu berezia emateko. Gutxi batzuetan beste osagai ugari ere gehitu dakioke, hala nola, kamamila loreak, mitxoletak edo kanela zotza.

Dastaketa

Beirazko baso edo kopa freskoan edatea aholkatzen da, 6 eta 8 °C artean. Edaria hozteko, botila hozkailuan sar daiteke edo izotz harriak gehitu. Hala ere, ez zaio izotz gehiegi gehitu behar, urtean zaporea indargetu eta aldatzen baitu.

Patxarana ez da hobetzen denbora igaro ahala, eta ekoizpenetik 2 edo 3 urte pasa baino lehen edatea aholkatzen da. Zapore gozoak berriz hartzeko aukera ematen du, baina gehiegizko kontsumoak urdaileko arazoak eragin ditzake. Gainera, pattar gozo gehienek bezala, biharamun edo bestondo txarra eragiten du.

Bitxikeriak

Esan ohi denez, patxarana ekoiztu ondoren basaran beratuak jatea eromena sortzen du, edo patxaranarekiko betiko higuina.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Patxaran Aldatu lotura Wikidatan