Paul Henreid

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paul Henreid.

Paul Henreid —jaiotza-izena: Paul George Julius Henreid Ritter von Wassel-Waldingau— (Trieste, Austria, 1908ko urtarrilaren 10a - Santa Monica, Kalifornia, 1992ko martxoaren 29a) estatubatuar zinema-aktore eta zuzendaria izan zen, austriarra jatorriz.

Biografia

Suediar baroi baten semea zen. Arte dramatikoko ikasketak egin zituen, eta antzoki batean Max Reinhardten laguntzaile-lanak egiten ziharduela, Otto Premingerrek aktore-dohainak ikusi zizkion. Bere lehen filma, Hohe Schule (1934), Austrian egin zuen, baina nazismoaren erasotik ihesi, 1935ean, Britainia Handian lan egin behar izan zuen, eta 1939az geroztik, Estatu Batuetan.

Goodbye, Mr. Chips (1939) filmean parte hartu zuen, eta nazismoaren arriskuez ohartarazten zuten zenbait lanetan ere bai: Last Train to Munich (1940), Joan of Paris (1941) eta Casablanca (1942), azken horretan, Europa erdialdeko erresistentziako kide baten papera eginez. Warner etxeak kontratatu zuen, eta entzute handia lortu zuen Now Voyager (1941) filmean, Bette Davisen senarraren paperean. Ondoren, The Spanish Main (1945), Last of the Bucaneers (1950), Song of Love (1947) eta Of Human Bondage (1946) filmetan ere parte hartu zuen.

1948az geroztik, bere filmak ekoizten hasi zen, eta 1957tik aurrera, zuzendari-lanetan. Hala, For Men Only (1951), A Woman´s Devotion (1957), Live Fast, Die Young (1960) edo Dead Ringer (1964) filmak eta Alfred Hitchcock Presents telebistako saioko kapitulu asko ere berak zuzendu zituen. Gero, 1970eko hamarraldian, superprodukzio askotan agertu zen: The Four Horsemen of the Apocalypse (1962), Operation Crossbow (1965), The Madwoman of Chaillot (1968) eta Exorcist II: The Heretic (1977).

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paul Henreid Aldatu lotura Wikidatan