Pax Romana

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Erromatar Inperioa, Augusto Zesarren agintaldian. Kolore horiak K.a. 31.ean inperioaren parte zen eremua adierazten du; kolore berdeak, berriz, Zesar Augustoren erregealdian konkistatutako lurraldeak; eta kolore arrosak, estatu bezeroak.

Pax Romana (euskaraz, «erromatar bakea»), Erromatar Inperioaren mende zeuden lurraldeetan ezarritako bake-garaia, K.a. 29. urtetik K.o. 180. urtera arteko denboraldia.

Zesar Augustok bakea ezarri zuen, erromatar administrazioaren eta lege-sistemaren bidez, lehenago gatazkak izan zituzten buruzagi, tribu, errege edo hiri etsaien artean, besteak beste, Greziako polisen edo galiar tribuen artean.

Bakea Erromatar Inperioaren barruan ezarri zen, noski; inperioaren mugetan, ordea, borrokan segitu zuten tokian tokiko herriekin, germaniarrekin eta partiarrekin, adibidez.

Lehen enperadoreak, Zesar Augustok, ezarri zuen Pax Romana; hori dela eta, Pax Augusta ere deitzen zaio. Zesar Augusto enperadoreak Janoko tenpluko ateak itxi omen zituen K.a. 24. urtean, ustez kantabriarrak eta asturiarrak garaitu zituenean. Egiaz, K.a. 19. urtera arte segitu zuten kantabriarren aurkako gerrek, baina K.a. 29. urtea jotzen da Pax Romana denboraldiaren hasieratzat, orduan aldarrikatu baitzuen Zesarrek ofizialki gerra zibilen amaiera. Bakealdiaren bukaera, berriz, K.o. 180. urtea jotzen da, Marko Aurelio enperadorearen heriotza-urtea.

Bake-garai honen loraldia Antoninoen dinastia izan zen (K.o. 96-192). Erromatar Inperioak II. mendean izan zuen hedadura handiena: mendebaldean, Ozeano Atlantikotik hasi, eta, mendebaldean, Tigris ibairaino. Merkataritzari dagokionez, gero eta seguruagoak ziren komunikabideak, eta horrek mesede egin zion egoera ekonomikoari. Hiriak edertu egin ziren, eta kultura-jarduera aberastu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]