Pedro Calderón de la Barca

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pedro Calderón de la Barca
Pedro Calderón de la Barca
Calderón de la Barcaren erretratua.
Datu pertsonalak
Izen osoa Pedro Calderón de la Barca y Barreda González de Henao Ruiz de Blasco y Riaño
Jaio 1600eko urtarrilaren 17a
Madril (Espainia)
Hil 1681eko maiatzaren 25a
Madril (Espainia)

Pedro Calderón de la Barca y Barreda González de Henao Ruiz de Blasco y Riaño edo Calderón de la Barca (Madril, Espainia, 1600eko urtarrilaren 17a – Madril, Espainia, 1681eko maiatzaren 25a) poeta eta antzerkigile espainiar nabarmena izan zen.

Espainiako Urrezko Mendearen delako egileen artean dugu, La vida es sueño eta El alacalde de Zalamea izanda bere lanik ezagunenetarikoak.

Calderón de la Barca-ren antzerkia ideologia kutsu handiaz dago hornitua. Espainiako erregearen zerbitzari leiala eta Kontraerreformaren aldeko sutsua izan zen, eta xede nagusi horietara jarri zuen bere dohain ukaezina. Europako antzerkigile nagusietakoa izan zen garai hartan Calderón.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Calderon bizi zeneko Madrilgo etxe estua.

Bost anai-arreba izan zituen; hirugarrena zen bera. Bederatzi urte zituela jesuiten eskola inperialean sartu zen; bost urtez egon zen eskola hartan humanitateak ikasten eta latindar poetak aztertzen eta haien lanak ikertzen. 1610ean ama hil zitzaion, eta aita Juana Freyrerekin ezkondu zen. Handik urtebetera, Calderonen aita hil egin zen eta amaordeak auzitara eraman zituen seme-alabaordeak, herentzian kalteturik atera zela-eta. Epaia amaordearen aldekoa izan zen eta Calderonek eta bere anai-arrebek aitaren idazkaritza saldu behar izan zuten amaordeari ordaintzeko.

Horretan, Calderonen aitonak kapilautza bat sortzea erabaki zuen ilobaren batek bete zezan kargu hura, eta 1614an Alcalan matrikulatu zen Calderon. Ondoren, Salamancako unibertsitatera joan zen ikasketak jarraitzera. Azken hiri horretan, kanonak eta zuzenbidea ikasi zituen.

1620an Madrila joan zen bizitzera, eta hainbat liskarraldi izan zituen. Haietako batean, esate baterako, Calderonek berak eta bere anaiek parte hartu zuten eta Friasko dukearen zerbitzuan lan egiten zuen Diego de Velasco jaunaren seme bat hil zen; Calderonen senideek tratu bat hitzartu zuten; haren arabera 600 dukat ordaindu behar izan zituzten. Garai hartan, hainbat poesia lehiaketetan parte hartu zuen Calderonek, eta orduantxe hasi zen, seguru asko, idazten. Calderonen lehenengo lana 1623koa da, "Amor, honor y poder" (Maitasuna, ohorea eta boterea) hain zuzen ere.

Urte horretan hasi eta 1625. urtea arte Italia iparraldean eta Flandrian aritu omen zen soldadu, eta handik itzuleran, Friasko dukearen zerbitzura hasi zen lanean ezkutari gisa. Une horretan bertan hasi zen Calderon antzerkigintzan, eta denbora gutxian, gorteko antzerkigile ofizial bihurtu zen.

1635. urte inguruan, beste liskar batean egotea egokitu zitzaion: Pedro de Villegasek, Antonio de Villegas komikoaren semeak, larriki zauritu zuen Calderonen anaia bat eta Trinitarioen komentuan ezkutatu zen; idazlea eta aguazil talde bat komentuan sartu ziren haren bila, haina ez zuten heren helburua lortu. Gertaera haren kontrako izan ziren Lope (bere alaba komentu hartan bizi zen) eta fray Hortensio Paravicino. Azkenean, iskanbila hutsa izan zen hura, eta Calderonek Paravicinori erantzuteko, "El príncipe constante" (Printze tematia) komedia idatzi zuen. 1636an Santiagoren abitua eman zion erregeak.

1637an Infanterriko dukearen zerbitzura jarri zen eta hala hasi zen Calderonen karrera militarra. Hondarribia Conde jeneralaren setiotik askatu zuen gudarostean egon zen Calderon; konde-dukearen gudarostean, berriz, Kataluniako gerran parte hartu zuen. Leridako setioan (1642) Felipe IV.aren mendeko gudaroste bateko buru izan ondoren, erretiratzea erabaki zuen.

Borrokaldi hartan bertan Calderonen anaia bat hil zen. Urte haietan, bestalde, Calderonen Pedro Jose semea jaio zen; ez dago, ordea, seme haren amaren berririk. 1651. urtean Calderon apaiz egin zen, eta semea ofizialki ezagutu zuen, ordu arte iloba zuela esan ohi baitzuen. Handik gutxira, ordea, hil egin zitzaion semea. Calderon Toledoko Errege Berrien kapilau izendatu zuten eta Toledora joan zen bizitzera. 1663an Erregearen ohorezko kapilau egin zuten eta gortera joan zen berriz ere bizitzera. Gortean zela autoak eta heste antzerki piezak zuzentzen jarraitu zuen; bere bizitzaren azkeneko urteetan, gortean aurkeztuko zituen auto sakramentalak eta komediak besterik ez zituen idatzi. Garai horretan Madrilgo Apaizen Lagunartean sartu zen, eta bertako kapilau nagusi izan zen. Felipe IV.a hil zenean (1665), gorteko antzerkigile nagusi izaten jarraitu zuen.

Dramak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Calderon antzerki lanak idazten hasi zen garaian, Lope de Vegaren antzerki eskola zen nagusi oraindik antzerkigintzan. Calderon eskola haren bidetik abiatu bazen ere, poliki-poliki hartatik banandu eta antzerki mota trinkoago bat, estilizatuago bat osatu zuen. Calderonen lanetan pertsonaia gutxiago agertzen zen eta adimena sentiberatasunaren gainetik jartzen zuen.

Calderonen dramen sailkapena hainbat irizpideren arabera egin daiteke, baina indar gehien duen sailkapena Menendez Pelayok proposatutakoa da. Sailkapen horren arabera, drama erlijioso, filosofiko eta trajikoetan banatzen dira Calderonen dramak.

Calderon de la Barcaren omenezko monumentua, Madrilen.

Drama erlijioso nagusiak hauek dira: "Printze tematia", "La devocion de la Cruz" (Gurutzearen debozioa), "El purgatorio de San Patricio" (Patrizio santuaren purgatorioa), "El mágicoprodigioso" (Azti miragarria), "Los dos amantes del cielo" (Zeruko bi maitaleak), "Los cabellos de Absalon" (Absalonen ileak), "Judas Macabeo" (Judas Makabeo), "Las cadenas del demonio" (Deabruaren kateak), "La aurora de Copacabana" (Copacabanako egunsentia), "La exaltacion de la Cruz" (Gurutzearen gorespena) eta "El gran príncipe de Fez" (Fezko printze handia).

Valbuena Prat idazleak hiru aldi bereizi zituen Calderonen drama erlijiosoen artean: lehenengo garaian, gainerakoetan baino lan sutsuagoak eta ez hain intelektualak egin zituen. Garai horretako erakusgarri izango litzateke "Gurutzearen debozioa". Bigarren aldiaren erakusgarri, berriz, "Patrizio santuaren purgatorioa" eta "Printze tematia" lanak hartzen dira. Garai horretakoa da, bestalde, "Azti miragarria" drama subjektiboidealista, zeinetan jakintsua gogoetaren bidez eta ikerketaren bidez iristen den kristautasunaren egietara.

Calderonen drama filosofikoen artean "La vida es sueño" (Bizitza ametsa da) lana da aipatuena. Lan hori 1635. urte inguruan idatzi zuen Calderonek, alegia bere bigarren estilo aldian. Bigarren aldi hori aurreko aldia baino idealistagoa bada ere, lan horretako heroiak lehenengo aldikoen zenbait ezaugarri ekartzen ditu gogora. Drama trajikoen artean aipagarriak dira "El alcalde de Zalamea" (Zalameako alkatea) eta "La niña de Gomez Arias" (Gomez Ariasen umea).

Askoren ustez, "Zalameako alkatea" lanarekin iritsi zen Calderon goreneko mailara.

Lope de Vegaren dramaren izenburu berdina badu ere, harenak baino ekintza eta tentsio dramatiko handiagoa du. "Gomez Ariasen umea" ere giro kostunbrista eta errealistan osatua da, eta Velez de Guevararenizen bereko lanaren moldaketa da; lan hartatik hartu zituen zenbait eszena eta hirugarren ekitaldi osoa. Drama hori protagonista gaiztoaren heriotzarekin amaitzen bada ere, maitasunezko zaldunen liskarren gainean osatua da egitura nagusia.

Calderonen lanaren parte handi bat ohorezko lanek hartzen dute; eskema horren arabera, emaztearen odolaz garbitzen da engainatutako senarraren kaltea. Calderonek antzezten zituen ezaugarri nagusietako bat ohorea zen; baliabide dramatiko hori Lopek asmatua bazen ere, Calderonek eraman zuen goreneko mailara. Lan mota horien artean aipatzekoak dira: "El pintor de su deshonra" (Bere desohorearen marrazkilaria), "El medico de su honra" (Bere ohorearen medikua), "A secreto agravio, secreta venganza" (Ezkutuko irainari, ezkutuko mendekua), "El mayor monstruo del mundo" (Munduko munstrorik handiena), etab.

Komediak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Calderonen antzerki lanen parte handi bat komediek osatzen dute, eta horien artean nabarmentzen dira ohiturazko komedia esaten zaienak. Bestalde, eskema berezi baten araberako antolamendua dute: zaldun noble eta ausart bat, maitemindurik, eta edozein unetan sastakoa emateko prest; emakume eder ezkongabea, umezurtz eta aitaren tutoretzaren mende; pertsonaia irrigarri bat, eta damaren zerbitzari bat. Maitasuna da osagai nagusia, eta ondoren, nahaste-borrastea sortzen duten hainbat egoera eta gaizki ulertu. Komedia mota horretan aipagarriak dira, besteak beste, "El alcalde de si mismo" (Bere buruaren alkate), "La dama duende" (Dama iratxoa), etab. Leku berezia hartzen dute komedia mitologikoek; errege aretoetan antzezten ziren eta eszenografia handia izaten zuten: "La hija del aire" (Airearen alaba), "Eco y Narciso" (Eko eta Narziso), etab.

Auto sakramentalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auto sakramentalen inguruan antolatzen da Calderonen antzerki guztia. Galderonek goreneko mailara eraman zuen Corpuseko ohitura dramatikoa, eta Calderonen autoak jenero horren eredu gelditu ziren.

Zazpi talde handitan banatzen dira Calderonen auto sakramentalak: filosofikoak eta teologikoak, "El gran teatro del mundo" (Munduaren antzeztoki handia), "El gran mercado del mundo" (Munduaren merkatu handia), adibidez; mitologikoak, "Los encantos de la culpa" (Erruaren xarma), "El divino Orfeo" (Orfeo jainkozkoa); parabolak eta ebanjelioko pasarteak, "El diablo mundo" (Mundu deabrua), "El mayor de los dias" (Egunetan handiena); historikoak eta elezaharren ingurukoak, "La devocion de la cruz" (Gurutzearen debozioa).

Bestalde, hiru aldi bereiz daitezke auto sakramentalen artean: lehenengo aldian, auto labur arinak idatzi zituen, hala nola, "El pleito matrimonial del alma y el cuerpo" (Arimaren eta gorputzaren ezkontza auzia) eta "La cena del rey Baltasar" (Baltasar erregearen afaria); bitarteko aldian idatzi zuen (1648-1660), besteak beste, "El gran teatro del mundo"; eta 1660tik aurrera hirugarren aldia osatu zuen, konplexutasun teologiko handikoa eta poetaren heldutasun artistikoa bete-betean erakusten duena. Azken aldi horretakoak ditu "La vida es sueño" (1673) eta "El santo rey don Fernando" (1671, Fernando errege santua).

La vida es sueño[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Calderon de la Barcaren omenezko monumentua, Madrilen. "La vida es sueño" irudikatzen duen zatiaren xehetasuna.

"La vida es sueño" bertsotan idatzitako drama da. Poloniako Basilio erregeak, zenbait horoskoporen bidez, Sejismundo bere seme jaio berria etorkizunean tirano fedegabea izango dela jakiten du. Erregeak, orduan, haurra hilik jaio dela sinestarazten die gainerakoei eta dorre batean sartzen du.

Dorrean basatien modura hazten da Sejismundo . Baina erregeak, semea erregetzatik baztertu aurretik, froga bat egin nahi dio eta gortera eramaten du semea lokarturik.

Sejismundori bere benetako jatorria zein den jakinarazten diotenean biziki haserretzen da. Erregeak, erantzuna ikusirik, dorrera bidaltzen du berriro ere. Behin dorrera itzuli denean gertatutako guztia ametsa izan dela uste du Sejismundok, baina baita bera dorre hartan egotea ere. Azkenik, erregeak erregetza ilobei uztea erabakitzen du, baina herriak altxamendua antolatzen du eta Sejismundo eramaten dute gortera. Baina Sejismundo aitaren zerbitzura jartzen da apal-apal.

Lan nagusien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Amor, honor y poder, 1623.
  • La cisma de Inglaterra, 1627.
  • Casa con dos puertas, mala es de guardar, 1629.
  • La dama duende, 1629.
  • El príncipe constante, 1629.
  • La banda y la flor, 1632.
  • La cena del rey Baltasar, 1632.
  • La devoción de la cruz, 1634.
  • A secreto agravio secreta venganza, 1636.
  • La vida es sueño, 1636.
  • El mágico prodigioso, 1637.
  • El mayor monstruo del mundo, 1637.
  • El médico de su honra, 1637.
  • Los dos amantes del cielo, 1640.
  • El pintor de su deshonra, 1650.
  • El alcalde de Zalamea, 1651.
  • La hija del aire, 1653.
  • El gran teatro del mundo, 1655.
  • Guárdate del agua mansa, 1657.
  • Eco y Narciso, 1661.
  • La niña de Gómez Arias, 1672.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pedro Calderón de la Barca Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]