Pedro Hilarion Sarrionandia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pedro Hilarion Sarrionandia
Bizitza
JaiotzaGarai1865eko urriaren 22a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaZornotza1914ko abuztuaren 5a (48 urte)
Hezkuntza
HizkuntzakAmazigera
gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmonjea, misiolaria eta hizkuntzalaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Pedro Hilarion Sarrionandia Linaza (Garai, Bizkaia, 1865eko urriaren 22a - Zornotza, Bizkaia, 1914ko abuztuaren 5ean) abade frantziskotarra izan zen. Afrikako misioetan ibili zen Marokon. Errifeko amazigera hizkuntzaren lehen gramatika idatzi zuen, oraindik ere oinarrizko liburutzat hartzen dena.

Haren bizitzaren hainbat pasarte ditu aztergai Joseba Sarrionaindiaren Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) liburuak.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gaztetik hartu zuen frantziskanoen bidea eta 16 urterekin sartu zen Santiago de Compostelako Ikastetxe fratziskotarrean. Handik Chipionako Nuestra Señora de Regla Ikastetxera joan eta bertan abade frantziskano egin zen. Ondoren, Afrikako misioetara joatea aukeratu zuen. Marokora 1902an iritsi zen, eta han izan zen, 1911 arte.

Sarrionandia Marokora heldu zenean, Jose Lertxundi misio haietako prefektu apostolikoa zen. Lertxundik bertako hizkuntza ikasteko eginbidea proposatu omen zion, baina ez arabiera, beste hizkuntza baizik, hots, amazigera, bertakoek tarifit edo schelja deitzen zutena. Sarrionandiak hura ikasteko erabakia hartu zuenean, hizkuntza hartan ez zegoen ez letrarik, ezta libururik ere. Hartara, aurretik frantsesa eta arabiera ere ikasi behar izan zituen.

Espainiako armada eta administrazioaren aldetik laguntzak izan zituen zeregin horretan, frantziskanoen misioak eta bertako hizkuntza ikasteak asmo kolonialen barruan hartzen zirenez.

Gramatika 1904ko udarako bukatu zuen. Hala ere, ez zen 1905eko abuztura arte argitaratu.

Errifera garai hartan ahozkoa zen. Erriftarrek artean ez zuten hitz egiten zuten mintzairaren idazteko sistema grafikorik edo alfabetorik. Idatzi behar izanez gero, arabierazko eredua erabiltzen zuten, baina ortografi araurik gabe. Sarrionandiak gaztelaniazko alfabetoa hartu zuen, soinu baliokideetan, eta bestelako soinuetarako ere, gaztelaniazko antzeko grafiak erabili.

1906an interprete lanetan ibili zen Algecirasko Nazioarteko Konferentzian, Europako estatu nagusiek Marokoko lurraldeak banatzeko egin zuten bileran, alegia.

1910eko maiatzean, Mogador (Essauira, egun) aldera joan zen. Haren asmoa iparraldeko erriferaren eta hegoaldekoen hizkeren arteko aldea aztertzea zen. Lan horiek amaitzeko baimena eskatua zuen Lebrijako komentuan biltzeko.

1911n, Zornotzara itzuli eta senideekin oporretan zela, tranbia istripu baten ondorioz bertan hil zen 1913ko abuztuaren 5ean Larreako Karmeliten Komentuan.[1]. Ordurako, euskaraz, gaztelaniaz eta latinez gain, bazekien grekoz, frantsesez, arabieraz, amazigeraz eta susiaz ere (Marrokoko Sus eskualdeko hizkuntza).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gramática de la lengua rifeña. Imprenta Hispano-Arábiga de la Misión Católica, Tanger, 1905. (XX-458 orrialde)

Liburuaren beste edizio bat egin zen, moldiztegi berean, 1925ean.

Hainbat aipamen eta komentario agertu ziren prentsan gramatikaren inguruan. Monsieur René Basset-ek Revue d'histoire et de littérature aldizkarian argitaratutako komentarioen erantzuna idatzi behar izan zuen Sarrionandiak. Tangerren publikatuko zen 66 orrialdeko liburuxka:

  • Contestación del P. Pedro H. Sarrionandia a Mr. René Basset. Imprenta Hispano-Arábiga de la Misión Católica, Tanger, 1907.

1909an, Sarrionandiak txosten bat bidali zion Espainiako heziketa ministroari. Editore izenik gabe baina data osoarekin, azaroaren 23an argitaratu zen 8 orrialdeko lan hau:

  • Noticia sobre la lengua que se habla en el Rif, lengua aborigen de todo el Norte de África, Pedro H. Sarrionandia. Tetuan, 1909.
  • Amaitzear eta argitaratu gabe utzi zuen Diccionario rifeño-español. Esteban Ibáñez Robledo frantziskotarrak, Sarrionandiaren hiztegian oinarrituta, hiztegia argitaratu zuen gerora.

Horretaz landa, ahotik belarrira jasotako ipuin ea elezaharrak ere bilduta zituen egunen batean argitaratzeko.

Irakaskuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abd el Krim irakasle izendatu zuten Melillako Schelja Akademia sortu zenean eta bertan ematen zizkien klaseak espainiarrei eta marokoarrei. Eskolak emateko Sarrionandiaren gramatika eta metodoa erabiltzen zituen, 1914 urriaren 2an El Telegrama del Rif kazetan argitaratutako artikuluan azaldu zuenez.

Harrez gero, Sarrionandiaren liburua hizkuntza horren irakaskuntzaren oinarria da gaur egun arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Lourido Díaz, Ramón.-El franciscano y primer berberólogo español Pedro H. Sarrionaincia Linaza (1856-1913)(or.11), lan honen sarreran: Gramática de la Lengua Rifeña. Melilla : Barcelona: UNED-Melilla, 2007.ISBN 978-84-7290-365-4

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]