Pedro Nafarra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Pedro Nafarra, jaiotza-izenez Pedro Bereterra (Garde, Erronkari, Nafarroa, 1460 - Castel Nuovo, Napoli, Italia, 1528) nafar militarra izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazterik jo zuen Italia aldera, eta Pedro Roncal izenez jarri zen Joan Aragoiko kardinalaren zerbitzari, 1485 arte. 1487tik aurrean itsaslapurretari jardun zuen Mediterraneo itsasoan, eta ontzi portugaldar baten aurkako erasoan zauritu zuten. 1500. urtean, turkiarren aurkako borroketan sartu zen Pedro Navarro izenez, eta 1503an Napoli hiria kendu zien frantsesei. Olivetoko konde egin zuten ondoren.

1507an Fernando Aragoikoari lagundu zion Gaztelako aitoren semeen aurka, eta 1510ean Tripoli eta Tunisia (Ipar Afrika) konkistatu zituen. 1512an, frantsesek preso hartu zuten Ravennan, eta preso hartu zuenak, Albreteko zaldunak, hogei mila ezkutuko saria eskatu zuen bahituaren askatasunaren alde. Espainiako koroak kasurik egin ez, eta hiru urtez eduki zuten preso frantsesek, Frantzisko I.a erregeak aske utzi eta bere armadako jeneral egin zuen arte. Pedro Nafarra espainiarren aurka borrokatu zen ordudanik.

Genovan preso hartu zuten 1523an, eta 1526an utzi zuten libre. 1528an Napoli hiria setiatu zuen frantses armadak, jeneral nafarra buru, baina etsi behar izan zuten hilabete batzuen ondoren. Preso hartu zuten, eta Castel Nuovoko gazteluan hil zen handik gutxira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]