Pedro Novia de Salcedo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aihotz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 12:36, 25 maiatza 2016
Pedro Novia de Salcedo.

Pedro Novia de Salcedo Castaños (Bilbo, Bizkaia, 1790ko urtarrilaren 18a - 1865eko urtarrilaren 1a) bizkaitar politikari, hizkuntzalari eta idazlea izan zen.

Biografia

Bilboko San Frantzisko ikastetxean egin zituen Filosofia ikasketak. 1820an, Probintziako diputatu izendatu zuten. Handik lau urtera, Bilboko Kontsulatuko buru izan zen, eta 1825ean eta 1846an Diputatu Nagusi, oñaztarren alderdiko ordezkari. Kargu hartan izan zen bitartean, foruak kentzeko saioen kontra jardun zuen suharki, eta haren jarrerari esker bertan behera gelditu ziren saio haiek guztiak.

Bilboko alkate izan zen, eta Gorteetako diputatu eta senadore. 1851n, Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Bizcaya y provincias de Alava y Guipúzcoa, hiru probintzien foruen aldeko adierazpena argitaratu zuen.

Hiztegigintzan ere aritu zen; harena da Diccionario etimológico del idioma bascongado izeneko hiztegia, hil ondoren, bi liburukitan argitaratu zena (1887). Novia de Salcedok Larramendiren hiztegia hartu zuen oinarri gisa, baina azalpenak, Aizkibelek Euskeratik Erderara biurtzeko Itztegian egin zuen bezala, euskaratik gaztelaniara eman zituen. Helburua, ordea, ez zuten biek berbera izan, Novia de Salcedok etimologiak aurkitu nahi baitzituen. Euskarazko hitzen zati txikienei (silabei, letrei...) esanahia eman nahi izan zien.


Erreferentziak