Percy Bysshe Shelley

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Percy Bysshe Shelley.

Percy Bysshe Shelley (Field Place, Sussex, Ingalaterra, 1792 - Livorno, Italia, 1822) ingeles poeta izan zen. Ingalaterrako poeta erromantiko nagusietako bat izan en.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shelley Field Placen jaio zen, 1792. urtean, Sussexko konderrian. Aita noblezia txikiko kidea zuen, eta bazituen ondasun eta lur batzuk. Etongo eskola aristokratikora bidali zuten, eta hantxe hasi zen Percy gaztea errebelatzen, eskolako giro gaiztotuan, ikasle zaharrenek gazteenei egiten zizkieten doilorkeriak zirela-eta. Hamazazpi urterekin idazten zituen, jada, eleberriak eta poemak, Argien Mendeko filosofoen aldeko sutsua zen, eta, haiek bezala, pentsamolde kristauaren kontrakoa. 1810ean Oxfordera joan zen, eta handik urtebetera eskolatik egotzi zuten, liburuxka baten kariaz, The Necessity of Atheism ("Ateismoaren beharraz"). Oso maitabera zen, eta prest egoten zen beti estutasunetan ikusten zituen neskei laguntzeko. Hemeretzi urterekin, bere arreben adiskide batekin ezkondu zen, Harriet Westbrookekin; 1813an alaba bat izan zuten. Garai hartan, zenbait bidaia egin zuen Irlandara, irlandar herria iraultzara eta ideia iraultzaileetara bultzatzeko, arrakasta handirik gabe, ordea. 1812an William Godwin filosofoa ezagutu zuen, Oxfordeko garaietatik miresten zuena. Gizona ez zuen espero bezalakoa aurkitu; baina haren alaba Maryz maitemindu zen, eta 1814an kontinentera ihes egin zuten biek. Ordurako, emaztearengan, Maryrengan ez bezala, ez zuen batere parekotasun intelektualik aurkitzen; Mary bera idazle bikaina zen, eta izumenezko literaturako obra inportanteenetako bat, Frankestein, idatzi zuen. Seme bat izan zuten, William. Aldi batez, Shelleyk uste izan zuen bazutela elkarrekin bizitzea emazteak, maitaleak eta hirurak. Baina Harrietek bere burua Hyde Parkeko aintzirara bota zuen (1816), eta Shelley Mary Godwinekin ezkondu zen. 1813an poema luze bat argitaratu zuen, Queen Mab, a Philosophical Poem ("Mab erregina, filosofia poema bat"), Godwinen filosofia arrazionalista anarkikoaren eraginpekoa eta aski heldugabea, baina oso pasarte ederrak dituena.

1816an agertu zen Shelleyren lehen lan inportantea, Alastor, or the Spirit of Solitude ("Alastor edo bakardadearen espiritua"), bertso askeetan idatzitako poema, izakiarenganako maitasunez eta maitasun ezinezko batek sorturiko pesimismoaz betea.

Beste obra bat argitaratu zuen ondoren, The Revolt of Islam (1818, "Islamaren matxinada"), epopeia liriko-sinboliko moduko bat, aski monotonoa. 1816an idatzi zuen bere poema ederrenetako bat, Mont Blanc, poema filosofikoa, poetak izadiarekin bat eginik eta hura biziarazten duen indar misteriozko batek sentitzen duen estasi panteista gogorarazten duena, eta Rousseauren eragin nabaria duena. Heriotzaren gaineko gogoetak nagusitzen dira 1814tik 1818rako urte nahasi horietako beste poema laburragoetan.

Erbesteko obra handiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1815ean poetaren aita hil zen, eta, oinordekotzari esker, bidaiatzeko eta estutasunetan zituen bere adiskide ugariei laguntzeko aukera sortu zitzaion Shelleyri. Baina berak ere kezka larriak zituen. Justiziak kendu zion lehen emaztearekin izandako haurren zaintza, besteak beste; gainera, legez kanpokotzat jotzen zuten Ingalaterran, bere adiskide Byron bezalaxe. Urte bereko martxoan, Ingalaterratik alde egin zuen, berriz ez itzultzeko. Italian bizi izan zen, Pisan gehienbat. Bizimodu ibiltari horrek, eta Maryren bigarren haurraren heriotzak, hondatu egin zuen senar-emazteen arteko harremana. Erroman, 1819an, antzinako monumentuen hondakinen edertasunean aurkitu zuen Shelleyk kontsolamendua; bereziki maite zituen Caracallaren termak, eta ordu asko eman zituen han bere drama liriko handia, Prometheus Unbound ("Prometeo lokabea") idazten: Prometeoren mito zaharra hartu, eta gizakiak Zeruaren kontra egindako matxinadaren zentzu filosofikoa ematen dio poetak.

Obra handinahiagoen artean, tragedia bat dago, The Cenci (1819, "Cencitarrak"), jokatu ez zen drama lirikoa -gaiaren gogortasun moralagatik-, Hellas (1821), Greziako independentziari buruzko beste drama lirikoa, eta lau poema, seiehuna bertsokoak. The Witch of Atlas (1820, "Atlasko sorgina"), fantasia delikatua da, baina zenbaitetan giza interesik gabea, emazteak seinalatu zion bezala.

Epipsychidion (1821), egileak Pisan ikusi zuen eta bahituta zegoela uste izan zuen emakume italiar bati eskainia da, eta, sinbolo ilunetan, maitasun ideal bat islatzen du, Danteren Beatricenganakoa bezalakoa; poemaren amaiera poeta erromantikoen Arkadiaren ametsa da, zibilizazioa eta gaitza sartu ez diren Mediterraneoko uharte batean. Adonais Keatsen ohoretan idatzitako elegia ederra da, Erroman hil berria baitzen hura, tuberkulosiak jota (1821); aldi berean, Shelleyren beraren erretratua eta garaipenezko kantua da, poesiaren garaipena heriotzaren kontra; ideia bera ageri da urte bereko hitz lauzko liburuxkan, Defense of Poetry ("Poesiaren alde"). Azkenik, Rosseauren inspirazioaren mendean, Dantek Virgilio nola, huraxe hartu baitzuen gidari Shelleyk, The Triumph of Life ("Bizitzaren garaipena") poema idatzi zuen, terza rima erabiliz, obra guztietan Danterengandik hurbilena.

Poema hori izango zen agian Shelleyren maisulana, baldin eta heriotzak eten ez balu.

1819tik 1822rako pieza laburretan daude antologiek famatu dituzten Shelleyren poemak, To a Skylark ("Hegazabal bati"), adibidez, eta beste batzuk Jane Williamsek inspiratuak; Shelleyren adiskide baten laguna zen Jane, eta berriz ere, erremediorik gabe maitemindu zen. Haren senarrak, Shelleyk berak bezala, oso maite zuen itsasoa. Poetak itsasontzi bat eginarazi zuen, Ariel, eta han ematen zuen denbora, itsasoan, ametsetan, idazten. 1822ko uztailaren 2lean, Shelley eta Janeren senarra Lericin itsasoratu ziren, Livornora, adiskide baten hila joateko. Itzultzean, ekaitz batek hondoratu zituen, eta biak ito ziren. Egun batzuk geroago aurkitu zituzten hondartzan, eta Byronek antzinakoen modura erre zituen gorpuak.

Ingeles gutxik zekien orduan bere poeta handienetako bat galdu zuenik. Hamazazpi urte behar izan ziren Shelleyren obrak argitaratzeko. Hala ere, poesiaren zale sutsu zen poeta-belaunaldi gazte bat (Tennyson eta Browning, aurrena; Swinburne, Francis Thompson, James Thompson, geroago), jeinu ia ezezagun haren miresle izan zen.

Mendearen bukaerarako, Ingalaterrako poeta erromantikoetan maitatuena zen Shelley.

Yeatsek bere gidaritzat hartu zuen; baina aintza hori gehiegizkoa ere bazen, eta ondoren etorri zen belaunaldiak, Lehen Mundu Gerrakoak -neurritasunak, zenbaitetan lehortasunak, intelektualtasun isekariak erakartzen zuena-, baztertu egin zuen. T.S. Elliot bereziki gogorra izan zen Shelleyren lirikotasun sutsuari, politika utopiazaleari eta tradizio kristauari egin zion erronkarekin.

Haren ondoren, berriz ere nabarmendu ziren Shelleyren lanaren alderdi interesgarriak, Danterekiko parekotasuna adibidez.

Iritzien gorabehera horiek harrigarriak dirudite, baina iraganeko egileen irakurketa zorrotzago bat ekarri ohi dute, eta aski ohikoak dira poeten kasuan, poeta erromantikoenean bereziki; hobeak izaten dira onarpen konbentzional bizigabeak baino; antzera gertatu da Lamartine, Victor Hugo, Schillerren lanekin.

Beste poeta ingelesek baino nabarmenago, Keatsek ez ezik, bazuen Shelleyk haurtzaroa berpizteko eta mitoak sortzeko gai zen irudimen bat, poeta grekoen antzera.

Izan ere, Shelleyk jatorrizko hizkuntzan irakurtzen zituen Homero, Eskilo eta Platon, eta haien zalea zen. Calderon eta Goetheren lanak itzuli zituen, eta nekerik gabe sartzen zen Danteren munduan. Irudimen aberatsegi hori, ordea, lausotasunean galtzen zen zenbaitetan. Gauzen pertzepzio zorrotz eta lasterra zuen, eta orobat, lasterra zen idazten: hutsak ez dira gutxi haren lanetan. Poemen egitura askotan ahula da, eta nabarmena da sentimentaltasunaren arriskua. Baina Shelleyrena ez da apaingarrizko poesia hutsa. Sarritan lortu zuen ikuspen-garbitasun bat eta forma soiltasun bat, ingeles kritiko batek baino gehiagok klasiko deitu duena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Percy Bysshe Shelley Aldatu lotura Wikidatan