Perfumea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Perfumea
Datuak
IdazleaPatrick Süskind (1985)
Argitaratze-data1985
Jatorrizko izenburuaDas Parfum – Die Geschichte eines Mörders
HizkuntzaAlemana
HerrialdeaAlemania
OCLC14130766
Euskaraz
IzenburuaPerfumea. Hiltzaile baten historia
ItzultzaileaMiren Arratibel
Argitaratze-data2007
Orrialdeak320 or.
ISBN978-84-96643-75-8

Perfumea. Hiltzaile baten historia (alemanez, Das Parfum, die Geschichte eines Mörder) eleberri bat da, Patrick Süskind idazle alemaniarraren lehena, 1985ean argitaratua. Hasieratik bihurtu zen best-seller eta berrogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli da.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istorioa XVIII. mendeko Frantzian kokatzen da eta Jean-Baptiste Grenouilleren bizitzan datza. Grenouillek gainerako pertsonek baino askoz garatuago dauka usaimena eta zentzumen horren bidez jabetzen da bere inguruan gertatzen denaz. Hala ere, bere gorputzak ez du usainik.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuak 4 atal eta 51 kapitulu ditu:

  • Lehen atala: 1. kapitulutik 22. kapituluraino. Grenouille 1738ko uztailean jaio denetik Parisetik alde egiten duen arte (18 urte).
  • Bigarren atala: 23. kapitulutik 34. kapituluraino: Grenouille mendian isolatzen da. Isolamendua amaitu eta Montpellierrera joaten da. (7 urte).
  • Hirugarren atala: 35. kapitulutik 50. kapituluraino: Grenouille Grassera heltzen da eta hiriko neskarik ederrenak hiltzen ditu (3 urte).
  • Laugarren atala: 51. kapitulua: Parisera itzultzen da eta han hil egiten da, 1767ko ekainaren 25ean.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jean-Baptiste Grenouille: pertsonaia nagusia, 1738ko uztailean jaioa
  • Grenouilleren ama: Jean-Baptiste bere bosgarren seme-alaba da. Exekutatu egiten dute lehenengo lauak hiltzeagatik.
  • Jeanne Bussie: Jean-Baptisteren inudea. Horren gorputzak usainik ez daukala sumatzen duen lehenengo pertsona da.
  • Aita Terrier: Saint-Merriko komentuko ongintza ekintzak administratzea du ardura. Jean-Baptiste ume maitagarria zela uste zuen hasieran, baina umetxoa bera usaintzen hasten denean, ikaratu eta madame Gaillarden eskuetan uzten du.
  • Madame Gaillard: Haurrak hartzen dituen emakumea, haien ostatua ordaintzen badiote. Ez du usaimenik, txikitan, su-makoarekin kolpe bat jo ziolako bere aitak kopetan, sudurra sortzen den tokian. Denboraren poderioz, Jean-Baptiste igarlea dela sinestera heltzen da, eta igarleek hondamena eta heriotza ekartzen dituztela uste duenez, umea Grimal larru-ontzaileari saltzea erabakitzen du.
  • Grimal: larru-ontzailea. Grenouillek berarentzat lan egiten du. Jasandako tratua oso gogorra izan arren, Jean-Baptiste berehala betetzen ditu haren aginduak eta edozer jakirekin etsitzen du. Giuseppe Baldinik Grimali ordaintzen dio Jean-Baptiste berarekin eramateko.
  • Aranen neskatoa: Grenouillen lehenengo biktima.
  • Giuseppe Baldini: Perfumegilea. Grenouille kontratatzen du ikastun gisa. Jean-Baptistek egiten dituen perfumeei esker asko aberasten da eta aintzinean zuen ospea berreskuratzen du. Azkenean, ofiziale izendatzen du Grenouille. Hau alde egitean, bere etxea ibaira amiltzen da.
  • Taillade-Espinasse markesa: Bere etxean hartzen du Grenouille menditik alde egitean. Jean-Baptiste bere teoria zientifikoa frogatzeko erabiltzen du. Bere ustez, lurrak fluidum letale delakoa egozten du. Beraz, lurretik gero ta urrunago egon behar da osasuntsu mantentzeko.
  • Madame Arnulfi: Alarguna. Bere senarra zenaren perfume etxearen jabea da. Grenouille kontratatzen du bigarren ofiziale gisa.
  • Dominique Druot: Madame Arnulfiren lehen ofizialea eta maitalea. Lan osoa Jean-Baptisteren ardurapean uzten du.
  • Laure Richis: Neska ilegorri ederra. Bere usaina Grenouilleren ametsen usaina da. Usain hori onarria da perfume bat sortzeko Jean-Baptisteren planetan.
  • Antoine Richis: Laureren aita. Grasseko bigarren kontsula eta hiriko aberatsena.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an Tom Tykwer alemaniar zuzendariak Das Parfum – Die Geschichte eines Mörders izeneko filmean zinemaratu zuen.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]