Perpaus erlatibo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpaus erlatiboa izenlagun-funtzioa duten perpaus txertatu (mendeko perpaus) mota bat da (azalpena bideoz: [1]). Perpaus bakunean adjektiboak betetzen duen funtzioa betetzen du perpaus erlatiboak.

Perpaus erlatibo arruntek -(e)n atzizkia hartzen dute. Atzizki hori, gainerako perpaus txertatuetan bezala, aditzari itsasten zaio, eta aditza perpausaren azken muturrean uzten da:

  • Lehen ikusi dudan mutila autobusera igo da.
  • Pintore horrek bihar jasoko duen saria ez da txantxetakoa.

Perpaus erlatiboa izen-sintagma baten barruan kokatua agertzen da. Normalean, izen-sintagmaren ardatz den izenaren ezkerretara kokatzen da: goiko adibideetan argi ikusten da hori, mutil eta sari izenen ezkerretara kokatuak agertzen baitira perpaus erlatiboak:

Hala ere, zilegi da, gainerako adjektiboei ematen zaien kokagune bera ematea erlatiboei, hots: izenaren eskuinetara:

  • Gizon diru asko zuen batekin ezkondu zen Miriam.

Perpaus hori zilegi da, nahiz eta normalena erlatiboa ezkerretara kokatzea izango litzatekeen:

  • Diru asko zuen gizon batekin ezkondu zen Miriam.

Perpaus erlatiboen egitura orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, erlatiboak izen-sintagma batean kokaturik agertzen dira. Baina badute beste ezaugarri oso garrantzitsu bat ere: perpaus txertatuan osagai bat isilpean egongo da nahitaez. Eta, gainera, isilpeko osagai hori sintagmaren ardatz egiten duen izenaren erreferentziakide izango da:

Perpaus erlatiboak (luzaroan iraun duen) hutsune bat du: ez du esaten nork edo zerk iraun duen luzaroan. Hala ere, jakina da hizkuntzak dela perpaus horretan falta den edo isilpean utzi behar izan den osagaia. Hain zuzen, sintagmaren ardatz den [hizkuntza hau] osagaiaren erreferentziakide delako –hori da «i» azpiindizearekin adierazten dena– interpreta daiteke sintagma behar bezala. Hain zuzen, luzaroan iraun duena eskola balitz, ezingo litzateke benetan perpaus erlatiborik osatu. Hor datza, hain zuzen, -(e)lako / -(e)n konpletiboen eta erlatiboen arteko diferentzia. Baina euskaraz perpauseko izen-sintagma bakoitzak dagokion kasu-marka izan ohi du. Kasu-marka hori izen-sintagmari itsatsia joan ohi da, gainera. Hortaz, perpaus erlatiboan osagai bat isilpean gordetzen bada, gertatzen den hutsunea izen-sintagmari ez ezik kasu-markari ere badagokio, ezin baita «airean» utzi kasu-atzizkia. Ondoko adibide hauetan, isilpeko osagaiari erraz antzematen zaio bakoitzean kasu-marka berezia dagokiola:

  • a. Lehen [Ø] ikusi ditudan mutikoak ez dira oraindik agertu.

[Ø] hori mutikoak sintagma balitz bezala interpretatu behar da. Alegia, mutikoak ikusi ditut lehen eta mutiko horiek ez dira oraindik agertu. Beraz, izen-sintagma absolutiboa da ezkutatu dena, NOR sintagma alegia.

  • b. [Ø] zoritxar hori gertatu zaien mutikoak oraindik aireportuan omen daude.

Hots: mutikoei zoritxar bat gertatu zaie eta mutiko horiek oraindik aireportuan omen dira. Beraz, datiboa dagokio perpaus erlatiboko isilpeko osagaiari. Hala ere, erlatibatze-modu honek perpausaren interpretazio egokiari begira hainbat arazo sortzen ditu. Izan ere, nola jakiten da zein den isilpeko osagaiari dagokion kasua? Zer erreferentzia duen, izen-sintagmaren ardatzak ematen du. Baina osagai horri zein kasu legokiokeen jakitea ez da, zenbaitetan, hain erraza. Edo, beste modu batera aurkeztuta: zilegi al da, isilpeko osagaiari edozein kasu dagokiola, erlatibatzea? Adibidez, honako bi perpaus hauetatik atera ote liteke erlatibo bidezko egiturarik?:

  • 1. Jonek seme-alabengatik bizia emango luke.
  • 2. Seme-alabak oso zintzoak dira.

(1) perpausa nahi bada erlatibatu, «seme-alabengatik» osagaia –postposizio eta guzti– utzi beharko litzateke isilpean. Hau litzateke ondorioa:

  • ??[Jonek [Ø] i bizia emango lukeen] seme-alabak oso zintzoak dira.

Perpaus hori ezin interpretatuzkoa da. Zuzena da, seguru asko, baina ez da onargarria, interpretatzeko dauden oztopoengatik.

Erlatibagarritasun-mailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nolanahi ere, erlatibagarritasun horretan mailak daudela esan behar da:

a) Nor, nori eta nork sintagmak oztopo handirik gabe utz daitezke isilpean.

Isilpean zerbait uzten denean, hiztunak isilpeko hori «berreskuratzeko» modua izan behar du. Hori, gehienetan, aditzari esker lortzen da. Aditzak hiru sintagma horiekin komunztadura duenez gero, berak salatuko du isilpeko osagaiak zein kasutan joan beharko lukeen. Beraz, era horretako osagaiekin ez dago inongo arazorik erlatibatzea aurrera eramateko.

b) Perpaus erlatiboko aditza nolakoa den ere aldea dago.

Izan ere, zenbait aditzek kasu jakin bateko osagaia eskatzen dute osagarri gisa. Hori gertatzen da, adibidez, BIZI aditzarekin edo mugimendu-aditzekin (joan, etorri, irten, eraman eta antzekoekin). Horregatik, honako hauek interpretatzeko arazorik ez da izaten:

  • Ni bizi naizen herritik gazte askok alde egin du. ([Ø] = ‘herrian’)
  • Aitak autoa konpontzera eramaten duen tailerrak eusko labela omen du. ([Ø] = ‘tailerrera’)
  • Ni txikitan joaten nintzen eskolan plaka handi bat jarri dute. ([Ø] = ‘eskolara’)

c) Ardatz den sintagmak eta isilpeko osagaiak kasu edo postposizio bera dutenean ere gauzak errazten dira.

Honako bi perpaus hauek bat eginez, erlatibo gisa emateko arazoak izango dira:

  • Jonek mutil horrengatik hainbeste sufritu du.
  • Mutila Beasainen bizi da.
  • ? Jonek hainbeste sufritu duen mutila Beasainen bizi da.

Baina beste bi hauekin gauzak errazagoak dira:

  • Jonek mutil horrengatik hainbeste sufritu du.
  • Mutil horrengatik beste batzuek ere asko sufritu dute.
  • Jonek hainbeste sufritu duen mutilagatik beste batzuek ere asko sufritu dute.

Bi sintagmak kidekoak direnez, erlatibatzea errazagoa gertatzen da.

Ardatza isilarazia duten egitura erlatiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagmaren ardatza izena da, baina badira, agerian behintzat, ardatzik ez duten izen-sintagmak:

Bost neska etorri dira.Bost [Ø] etorri dira.
Ikasle berriak lotsaturik daude.[Ø] berriak lotsaturik daude.

Modu berean, perpaus erlatiboa izen-sintagma baten osagai izan ohi denez, izen-sintagma horren ardatza ere isilpean egon daiteke. Besteetan bezala, testuinguruak edo dena delakoak horretarako bide ematen badu:

Nik ezagutzen ditudan mutilak oso berritsuak dira.Nik ezagutzen ditudan [Ø]ak oso berritsuak dira.
Etxe hau egin zuen arkitektoa ospetsua da.Etxe hau egin zuen [Ø]a ospetsua da.

Hain zuzen, euskaraz zenbait perpaus txertatu –denborazko adberbialak bereziki– modu honetan eratuta daudela pentsa liteke:

  • Ikusi zaitudanean = Ikusi zaitudan [Ø] ean.
  • Autoa erosi nuenetik = Autoa erosi nuen [Ø] etik.

[Ø] hori ‘momentu’, ‘garai’ edo horrelako zerbait bide da. Hain zuzen, horregatik hartzen du perpaus horrek hartzen duen balioa, denborazkoa alegia. Adibidez, Goizuetako euskaraz arrunt-arrunta da Autoa erosi nuenemon (Autoa erosi nuen denbo(ra)n) esatea.

Beste era bateko perpaus erlatiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. ZEIN … BAIT- / ZEIN … -EN tankerakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza erromanikoen antzera, euskaraz ere –batez ere garai bateko literaturan ugari ziren– izenordain erlatiboen bidez osa daitezke perpaus erlatiboak. Izenordain erlatibo horiek, hizkuntza erromanikoetan bezala, galde-hitzen forma berekoak dira: zein, non,… etab. Horretaz gainera, perpaus erlatiboaren aditzak bait- aurrizkia edo -(e)n atzizkia izango du: «Barreneko aitzindari hau (…) –zein deitzen baitute doktoreek Synderesis–, da gure kontzientzia edo arrazoi naturala» (Axular, Gero, 272)

  • «Zugarramurdiko artzainek, zeinen nagusiak komentuko fraideak baitziren, …» (P. Iturralde, Murtuts eta beste, 45)
  • «Baduzu etxe hanitz zointan egiten baita olio, salboin, bainan guziz usain on» (J. Etxepare, Buruxkak, 89).

Horien egitura ez da -(e)n atzizkiaz baliatuz osatzen diren erlatiboena bezalakoa. Halakoetan ez dago, berez, isilpeko [Ø]-rik. Horren ordez, izenordain erlatiboa du, eta izenordain horrek ez du inolako oztoporik dagokion kasu-marka edo postposizioa gordetzeko. Zein izenordain erlatiboak kasu-marka gordetzen duenez, gorago aipatutako zenbait oztopo gainditzeko aski aproposak gerta daitezke.

Era horretako erpaus erlatiboen ordena, ohiko erlatiboenekin konparatuz gero, gaztelaniaz eta, oro har, hizkuntza erromanikoetan, gertatzen dena bera da:

… Izen-sintagma + Perlat [ZEIN … BAIT- Aditza]

2. NOR ERE, ZER ERE eta antzekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, ardatza ezabatua duten erlatiboen ordez, nor ere, zer ere, non ere eta antzekoak ere ugari ageri dira idazle klasikoetan:(60)

  • a. «Nork ere nahi baitu bere buruaz kontu onik eman, behar ditu bortz zentzuak (…) begiratu» (P. Axular, Gero, 504)

(= Bere buruaz kontu onik eman nahi duenak,…)

  • b. «Zoin ere baitira gizonetan hobekienik dohatuak, hek izendatu aitzindaritzat» (J. Etxepare, Buruxkak, 59)

(= Gizonetan hobekienik dohatuak direnak izendatu…)

  • c. «Nun ere baita gauza hau, han bakarrik ohart ditake zerbeiti begiak bipil dabilana» (J. Etxepare, Buruxkak, 56).

(= Gauza hau den lekuan bakarrik ohart daiteke…)

Sarritan, korrelazio gisakoak gertatzen dira hauek: non ere … bait-… han; zein ere … bait-hura. Hori da (b) eta (c)-n ikusten dena.

3. BAIT-en bidezko erlatiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlatiboak bait-en bidez ere osa daitezke, inolako izenordainik erabili gabe. Gehienetan, horrelakoak kausazkotzat hartzen dira, baina egiazki erlatibo soiltzat ere har litezke:

  • «Badira zuhaitz batzuk udaren finean sasoinetik kanpoan hasten baitira loratzen» (P. Axular, Gero, 288)

(= Badira zuhaitz batzuk udaren finean sasoiz kanpo hasten direnak loratzen).

  • Gizon bat atxilotu dute, deus ez baitu aitortu nahi.

(= Gizon bat atxilotu dute, deus aitortu nahi ez duena).


Bait-en bidez, konpletiboak ere osatzen dira:

  • «Izugarriena da neronek ez baitakit» (J. Mirande, Haur besoetakoa, 93)

(= izugarriena da neronek ez dakidala)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]