Peruko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Machu Picchu, inken azken gordelekuetako bat.

Peruko historia zenbait milurtekotan luzatu da, mendialdeko eta kostaldeko basamortuetako hainbat kultura ugaritatik hasita. Duela 15.200 bat urte, Bering itsasartea zeharkatutako gizataldeek, Amerika ipar-hego igaro eta gaurko Peruko eskualdean kokatu ziren. Lurralde hau Norte Chico zibilizazioaren (munduko sei zibilizazio zaharrenetakoa) eta Inka Inperioaren sorleku izan da. XV. mendean Espainiar Inperioaren konkistaren ondoren, bertan ezarritako erregeordetzak ia Hego Amerika osoan izan zuen eskumena. Nazioak 1821ean lortu zuen independentzia.

Kolonaurreko kulturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonaurreko historia, hau da, europarrak iritsi baino lehenagokoa, lau garaitan zatitu ohi da: arkaikoa, eratzea, eskualdekoa eta inperiala.

Garai arkaikoa (-7600 - -2600)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glaziarren atzerakadaren ostean, gizataldeak etxekotze eta sedentarizazio prozesua geldiro hasi zuten, bertako klimaren egonkortzeak lagunduta. Garai hartan garatu zen Caral zibilizazioa ( K. a. 3000-K. a. 1800)

Eratze garaia (-2700 - -200)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eratze garaian zehar, lehen herrixkak eta antolaketa politikoak agertu ziren, eta estatu teokratikoak agertzea ahalbidetu. Hauen artean dago Caral zibilizazioa. Honen ondoren, hainbat kultura iraunkor jaio ziren, bi nagusiak Chavín kultura (K. a. 1000-K. a. 200) eta Paracas kultura (K. a. 800-200) zirela.

Eskualdeko garapen garaia (-200 - 900)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazca kulturan garatu ziren Nazcako lerro ezagunak (400-650).

Eskualdeko garapen garaia, batzuetan Garai klasikoa deitua, Chavín kulturaren eta kosmogoniaren gainbeherarekin hasi zen. Garai honen ezaugarrietako bat eskualdeen bakartzea da: eskualde bakoitzak entitate politiko txikiak dituzten bakoitzak bere eredu kulturala garatuz. Elkarren arteko harremanak merkataritza baino ez da. Hurrengo garaian garatutako Chimú eta Inken zibilizazioak agertu arte, hauek dira nagusiak:

Garai inperiala (900-1532)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Inkak»

Garai inperiala, batzuetan garai klasiko ondokoa deitua, Huari kulturaren gainbeherarekin hasi zen. Alboko kulturak menperatzeko asmoa zuten estatuak agertu ziren. Hauen artean daude Chimú, Chance eta Chincha kulturak.

Hala ere, Inka zibilizazioa nagusitu zen lurraldean. Inkak hegoaldeko tribu gerlaria zen. Gutxinaka, iparralderantz hedatu ziren 1100 eta 1300 artean, Cuzcoko haran emankorrera iritsi arte. hedapen handia 1438an hasi zen, Pachacutec buruzagiarekin, alboko lurraldeak konkistatzen hasi zelako. Garai honetako azken 70 urteetan, Cuzcoko erresuma Andeetan hedatzen zen inperioa sortu zen: Inka Inperioa.

Nahiz eta XII. mendearen inguruan sortu, XV. mendearen erdialdetik aurrera izan zituen urterik oparoenak, eta Hego Ameriketako inperio ahaltsuena eta handiena izatera iritsi zen espainiarrak heldu aurreko urteetan. Gaur egungo Peru, Ekuador, Bolivia eta Argentinako eta Txileko iparraldea hartzen zituen. XVI. mende amaieran, Pachacutec buruzagiak (1438-1471) Tupac Yupanqui semeari (?-1493) igaro zion boterea, inperioa egungo Ekuadorko lurraldeetaraino hedatuz. Haren seme Huayna Capac buruzagiak (?-1527) egungo Kolonbiaraino hedatu zuen lurraldea. Huayna Capac-en Huascar eta Atahualpa semeen arteko ondorengotza gerra piztu zen. Bigarrenaren gudarosteak irabazi zuen, espainiarrak eskualde honetara iritsi zirenean.

Peruko konkista (1532–1572) eta erregeordetza (1542–1824)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Peruko erregeordetza»
Limako San Francisco de Asis eliza, espainiar barrokoaren adibide (XVI-XVIII. mendeak)

Ozeano Barea aurkitu ondoren, espainiar esploratzaileek Hego Ameriketako kostaldea aztertu zuten, eta Peruko inperio handiaren berri izan zuten. 1531n Francisco Pizarro lurraldea konkistatzera abiatu zen 180 soldaduren buru. Espainiarrek Atahualpa inken erregea atxilotu eta, hark bahisaritzat gela bete urre ordaindu bazuen ere, hil egin zuten (1533). Urte horretan bertan, Lima hiria sortu zuten espainiarrek, itsasorako aterabidea izateko.

Konkistak aldaketa handiak eragin zituen: lurraren eta ondasunen banaketa zela eta, gerra piztu zen konkistatzaileen artean; gerrek eta eritasunek biztanleria urritu zuten; amerindiarrak lan gogorretara behartuak izan ziren; bertako kulturaren eta erlijioaren ordez espainiarrena ezarri zen, eta biztanleriaren banaketa aldatu zen administrazioa mendietatik (Cuscotik) kostaldera (Limara) aldatzearekin batera.

1543an Espainiako Karlos I.a erregeak Peruko erregeorderria sortu zuen konkistatzaileen arteko guduak amaitzeko eta koroaren aginpidea Hego Ameriketan sendotzeko. Erregeorderriak ia Hego Amerika osoa hartzen zuen. Erregeordeen lehen egitekoa konkistatzaileen matxinadak menderatzea izan zen. Francisco de Toledoren gobernupean (1569-1581), lurraldearen barne-antolamendua egituratu eta ekonomiaren hazkundea bideratu zen, zilarraren ustiapenean oinarritua. Lima erregeorderriaren hiriburu eta, bi mendez, Hego Ameriketako merkataritza-gune nagusi bilakatu zen. Erregeorderriak XVII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina, nolanahi ere, arazo askori aurre egin behar izan zien: itsaslapurren erasoei, espainiarren arteko gerrei, amerindiarren matxinadei, administrazio- eta erlijio-arazoei, kontrabandoari eta izurriteen eta lurrikaren ondorio larriei, besteak beste.

XVIII. mendean garrantzia galdu zuen Peruko erregeorderriak, ekonomiaren hazkundea moteldu egin baitzen erregeorderriaren zatiketagatik, zilar-ekoizpenaren beherakadagatik eta biztanleriaren urritzeagatik neurri handi batean. Mende horretan zehar, Peruko erregeorderria hirutan zatitu zen: Granada Berria (1717), Rio de Plata (1776) eta Txile (1778). Bestalde, kolonia-erregimenarekiko morrontzak Hego Ameriketako korrejidoreen eskuetan zegoen merkataritzaren monopolioa, zerga-igoerak eta Tupac Amaru amerindiarraren matxinada eragin zituen (1780-81). Kreole aristokraten artean ere burujabe izateko asmoa gero eta sendoagoa zen.

Peruko Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hasierako askapen-mugimenduak sortu zirenean, Espainiako koroak Hego Ameriketan izan zuen azken babesgune bihurtu zen Peru. 1821ean José de San Martín argentinar jeneralak Peruren burujabetasuna aldarrikatu zuen Liman, Simón Bolivar Askatzaileak Junineko eta Ayacuchoko guduetan (1824-25) De La Serna erregeordearen osteak menderatu zituenean gauzatu zena.

Peruren independentziaren aldarrikapena irudikatzen duen koadroa.

Independentziaren ondoren, militarrak elkarren lehian aritu ziren aginpidea lortu nahian, eta lehendakariaren ahalmena murrizten zuten konstituzio liberalak (1828 eta 1834) onartu ziren arren, Peruko gobernua oligarkia baten eskuetan geratu zen urte askotan. 1837an, Andrés Santa Cruz jenerala Peru eta Bolivia konfederazio batean biltzen ahalegindu zen, baina Argentinak eta Txilek ez zuten batasun hura begi onez ikusten, eta Txileko gudarosteak zapuztu zuen ahalegina Yungay-ko guduan (1839). Ramón Castilla mariskala aginpidean izan zen urteetan (1845-51 eta 1855-62), bake-giroa nagusitu eta aurrerapenak izan ziren herrialdean, 1841ean aurkitu zen guanoaren ustiapenaren irabaziei esker batez ere. Urte horietan, besteak beste, esklabotasuna debekatu zen, kostaldeko nekazaritzan berrikuntzak egin ziren, eta burdinbidea eta telegrafoa hedatu ziren. Espainia bere aginpidea ezartzen ahalegindu zen 1864an, baina Peruk, Ekuadorrek, Boliviak eta Txilek, elkar harturik, aurre egin zioten. 1869an, Espainiak Peruren burujabetasuna onartu zuen.

1879an, Atacamako basamortuko gesal-hobien jabegoa zela eta, Peruren eta Txileren arteko gerra piztu zen. Gerra 1883an amaitu zen, eta Peruk hegoaldeko Tarapaca probintzia galdu zuen. Gerra ostean, ekonomiak, guanoaren urritzeagatik eta gesal-hobien galeragatik batez ere, hondoa jo zuen. Peruko burgesia aginpidea berreskuratzen ahalegindu zen. 1895ean Nicolás de Piérolak lortu zuen lehendakaritza, eta hurrengo 24 urteetan zibilak izan ziren agintari. Urte baketsuak izan ziren, ekonomiaren hazkundearekin batera aurrerapenak ekarri zituztenak. Haren agintaldian sortu ziren Peruko lehen industriak.

Demokrazia eta militarismoa (1930–1979)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1902tik aurrera, Estatu Batuetako Cerro de Pasco Investmen Company konpainiak bere gain hartu zuen meen ustiapena. Augusto Leguía lehendakari izan zen urteetan (1908-12 eta 1919-30) aginpide handia eskuratu zuen, erdi-mailako klaseetara eta sortu berria zen langileriara hurbiltzen ahalegindu zen, eta berrikuntza asko eragin zituen. Hala ere, Peruko ekonomia (tabakoa, petrolioa, burdinbideak) Estatu Batuetako enpresen mende zegoen. Leguíak langileen eta ikasleen matxinadei aurre egin behar izan zien. 1924an Víctor Raúl Haya de la Torre ezkertiarrak, Mexikon erbesteraturik zela, Ameriketako Herri Aliantza Iraultzailea alderdia (APRA) sortu zuen, Estatu Batuen nagusitasunaren eta oligarkiaren aurka zegoena. 1929an militarrek Leguía aginpidetik kendu eta Sánchez Cerro teniente koronela ezarri zuten haren ordez. Sánchez Cerrok gogor zapaldu zuen burgesia txikiaren eta langileen artean gero eta jarraitzaile gehiago zituen APRA alderdiaren matxinada bat 1932an. 1933an hil zuten Sánchez Cerro, eta Benavides jeneralarekin oligarkiak iraun zuen aginpidean (1933-39).

1945ean, APRAk eta Peruko Alderdi Komunistak bat egin zuten, eta haien lehendakarigaia, Bustamante Rivero, atera zen garaile hauteskundeetan. Militarrek, ordea, Bustamante APRA legez kanpo uztera behartu zuten, eta 1948an Manuel Odría jeneral eskuindarra ezarri zuten aginpidean haren ordez. Odríaren lehendakaritzapean (1948-56) oinarrizko eskubideak indargabetu ziren, eta APRAko kideak esetsiak izan ziren. Bien bitartean, mendialdeko nekazariak politikan parte hartzen hastearekin batera, matxinadak ere ugaritu ziren. 1962an APRA alderdiko Haya de la Torre atera zen garaile, baina militarrek hauteskundeak baliogabetu eta nekazarien matxinadak gogor zapaldu zituzten. Hurrengo urtean Fernando Belaúnde Terry kontserbadorea, Acción Polular alderdiko sortzailea, atera zen garaile. Nekazaritzaren erreforma txiki bat bideratu zuen, baina amerindiar nekazariak, lurra ala hil lemapean, matxinatu ziren eta zapalduak izan ziren berriro. 1965ean MIR ezkerreko mugimendu iraultzaileak, Castro eta Guevararen jarraitzaileak, borroka armatua hasi zuen; Peruko gudarosteak erraz menderatu zuen.

1968an Juan Velasco Alvarado jeneral ezkertiarrak aginpidetik kendu zuen Belaúnde, eta politika nazionalista eta erreformatzailea bideratu zuen: nekazaritzaren erreforma bizkortu zuen, banketxeak, arrantza, eta kobrearen eta petrolioaren ustiapena nazionalizatu zituen, Estatu Batuen parte hartzea murriztu eta SESB eta Kubarekiko harremanak sendotu zituen.

1970eko maiatzaren 31n lurrikara batek suntsitu zuen Lima; 50.000 pertsonatik gora hil ziren. 1972an Peruko itsaslasterraren aldaketa batek arrantzaren hondamendia eragin zuen. Halaber, militarren esku handiaren beldur, inbertsioak gutxitu ziren, eta ekonomiak hondoa jo zuen. 1975ean, Francisco Morales Bermúdezek indarrez hartu zuen aginpidea, eta aurreko lehendakariaren neurri asko aldarazi zituen: Estatu Batuekiko harremanetara jo eta atzera pribatizatu zituen enpresak.

Berrezarpen demokratikoa eta hauteskundeak (1979–gaur)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an konstituzio berri bat onartu zen. 1980ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Belaúnde Terry atera zen garaile, eta urte askoren ondoren militarren mendean egon ondoren, zibilek eskuratu zuten berriro aginpidea. Lehendakari berriak liberalismo ekonomikora jo zuen atzera, baina ezin izan zuen ekonomia hondamenditik atera. Urte horretan bertan Sendero Luminoso mugimendu maoista sortu zen, eta borroka armatuari ekin zion. Gobernuak salbuespen-goera ezarri zuen Liman eta Callaon, eta militarren zainpean jarri zituen Ayacucho eta mendialdeko beste probintzia batzuk. Oinarrizko giza eskubideak ez ziren errespetatu, eta biztanleek, bizirik iraun nahi bazuten, Sendero Luminosoren edo gudarostearen alde egin beharra zuten. 1981ean, berriro azaleratu ziren Peruren eta Ekuadorren arteko muga-arazoak.

1985ean, APRA alderdiak irabazi zituen lehendabiziko aldiz hauteskundeak, eta Alan García Pérez izendatu zuten lehendakari. Lehendakari berriaren lehentasunak gerrilla eta krisi ekonomikoa desagerraraztea izan ziren. Bake-batzorde bat antolatu zen, baina 1986an Peruko gudarosteak Sendero Luminosoko presoen matxinada batzuetan eragin zuen sarraskiaren ondoren desegin zen batzordea. Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurrietako bat banketxeak nazionalizatzea izan zen (1987).

Alberto Fujimori.

1990ko hauteskundeetan Mario Vargas Llosa idazlea aurkeztu zen eskuineko alderdietako koalizio baten buru, baina Alberto Fujimoriren Cambio-90 alderdia atera zen garaile. 1992an Fujimorik, gudarostearen laguntzarekin, estatu-kolpe bat eragin zuen, munduko herrialde gehienek arbuiatu zutena. Fujimorik Legebiltzarra eta epaien aginpidea deuseztatu, eta esku handia bereganatu zuen. Urte horretan bertan Sendero Luminoso mugimenduko buruzagia, Abimael Guzmán, atxilo hartu zuten. Azaroan, Biltzar Konstituziogilea hautatzeko hauteskundeetan, alderdi tradizionalen parte hartzerik gabe, Fujimoriren alderdiak gehiengo absolutua lortu zuen. Ekonomia % 6,5 hazi zen, arrantzari, eraikuntzari, manufakturei eta ekonomia informalari esker. 1995ean Kolonbiak, Venezuelak, Peruk eta Boliviak Andeetako merkatu komuna sortzea aurreikusita zegoen, baina Peruk muga-zergak kentzeko jartzen zituen trabak eragozgarri gertatu ziren. 1995eko hasieran, Peruk eta Ekuadorrek gerra egin zuten mugaldean, Condor mendilerroan. Bake-hitzarmena Rioko Protokoloan zehaztu zen, Argentina, Brasil, Txile eta Estatu Batuen bermearekin. Apirileko hauteskundeetan, Fujimori atera zen berriro garaile, aiseago oraindik. Javier Pérez de Cuéllarek, Nazio Batuetako idazkari ohiak, ez zituen bigarren itzulirako behar ziren adina boto eskuratu. Urte horretan, Fujimorik amnistia eman zuen gerrillaren aurka borrokan giza eskubideak urratzeagatik espetxeratuta zeuden militar eta polizientzat. Aurpegirik gabeko epaileek, epaiketan anonimotasuna gorde zutelako hala deituak, 2.000 pertsona baino gehiago kondenatu zituzten 1992 eta 1995 bitartean.

1996ko abenduan, Liman, Tupac Amaru gerrillako talde batek Japoniako enbaxada hartu zuen, enbaxadak egindako harrera-festa bateko 450 gonbidatuak barruan zeudela. Ekintzak izugarrizko oihartzuna izan zuen mundu osoan. Negoziazioen bidez, gerrillak zenbait bahitu-talde askatu zituen egunak igaro ahala. 1997ko apirilaren 22an, bahiketa gertatu zenetik 126 egunetara, gudarosteko komando batek enbaxada askatzea lortu zuen. Ekintzan Tupac Amaruko 14 kideak, geratzen ziren 72 bahituetatik bat eta soldadu bi hil ziren. Inkesten arabera, perutarren % 65ek ontzat hartu zuten militarren esku-hartzea.

1997ko maiatzean, kargutik kendu zituzten Auzitegi Konstituzionaleko kideak, Peruko konstituzioak Fujimori berriro hautatzea debekatzen zuela adierazteagatik. 2000. urtean, Fujimori hautatu zuten berriro ere lehendakari, baina urte horretan bertan uko egin behar izan zion lehendakaritzari, Montesinos (Inteligentziako Zerbitzuko buru) ustelkeria-sare bateko buru zela egiaztatu zenean. Kongresuak Valentín Paniagua hautatu zuen behin-behineko lehendakari, eta hark hauteskundeetara deitu zuen 2001. urtean. Alejandro Toledo irten zen garaile, eta Fujimori estraditatzeko nazioarteko kanpaina bat jarri zuen abian (Fujimori Japonian zegoen). Toledok indartu egin zuen ordu arteko eredu ekonomikoa, eta hazkunde makroekonomikoa nabarmena izan bazen ere eta ekonomia suspertzea lortu bazuen ere, alde sozialek ez zuten onera egin. 2006ko hauteskundeetan Alan García Pérez iritsi zen agintera, eta kanpainan gogor kritikatu bazuen ere Toledoren gobernua, berak jarraitu egin zuen haren politika ekonomikoarekin. 2007an, poliziari egindako hainbat erasok nabarmen utzi zuten Sendero Luminoso berriro ere armatzen ari zela.

2011ko uztailaren 28an Ollanta Humala Tasso hautatu zuten lehendakari, hauteskundeak Alberto Fujimoriren alaba Keiko Fujimori Higuchiri irabazita.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Peruko historia Aldatu lotura Wikidatan