Peter Lorre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Peter Lorre
Peter Lorre
Datu pertsonalak
Izen osoa László Löwenstein
Ezizena Peter Lorre
Jaio 1904ko ekainaren 26a
Rosenberg (Austria-Hungariako Inperioa, egun Eslovakia)
Hil 1964ko martxoaren 23a
Hollywood, Los Angeles (Kalifornia Ameriketako Estatu Batuak)
Lan nabarmenenak M (1931)
The Maltese Falcon]|The Maltese Falcon (1941)
Casablanca (1942)
The Raven
IMDB IMDBko fitxa


Peter Lorre (Rosenberg, Austria-Hungariako Inperioa, egun Eslovakia; 1904ko ekainaren 26a - Hollywood, AEB; 1964ko martxoaren 23a), jatorri judutar eta hungariarreko aktorea izan zen. Bere benetako izena László Löwenstein zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaneraz hezi zuten eta txikia zela familiak Vienara jo zuen. Aitak aginduta-edo bankari izateko ikasi zuen, eta horretan jardun sasoi batean, lanetik bota zuten arte. Antzerkiari ekingo dio, inprobisazioaren bidetiko eskola batean izena emanaz; psikoanalisiaren gaineko interesa ere garai horretan ernatu zitzaion, bizitza osoan kezka izango duen diziplina. Zuzendu zuen film bakarra horren adierazgarri da: "Der Verlorene".

Bizpahiru urtean hainbat antzokitan ibiliko da aktore, Breslau, Zurich edo Vienan; 1929an Bertolt Bretchek Mann ist Mann lanerako Berlinera ekarri zuen. Georg Büchner eta Frank Wedekind idazleen lanak ere taularatu zituen edota Brecht eta Kurt Weill musikagileak elkar batera sortutako Happy End lana. Fritz Lang zinema zuzendariak antzokian ikusi zuen eta M (1931) filmerako hautatu.

Naziek 1933an Alemanian boterea eskuratutakoan, erbestera bidea egin zuen Lorrek, aurrena Parisera eta hurrena Londresera. Han Alfred Hitchcockek aukera eman zion gaiztoarena egiteko The Man Who Knew Too Much, 1934ko filmean.

Aldi baterako Hollywoodera jo zuen eta eskainitako pertsonaiak molde jakinekoak ziren, atzerritar zein bilau gaiztoak. Horra 1935ean filmatutako Mad Love, edota pertsonaia baten gainean eginiko seriea, Mr. Moto, John P. Marquand idazleak sorturiko detektibe japoniarraren gainekoa. Arrakasta nahikoa izan zuen ekoizpen honek, eta Lorre ezagun bihurtu zuen. Gaixotasunak jota ezin ekin izan zion 1939an Son of Frankenstein filmari eta bete behar zuen lana Basil Rathbonek osatu zuen. Hurrengo urtean, Bela Lugosi eta Boris Karloff aktoreekin batera You'll Find Out pelikulan hartu zuen parte. Arian-arian Lorre, Warner Bros. produkzio-etxeko lanetan agertzeari esker, gero eta famatuagoa zen. Jarraiko bi urteetan oso film ezagunetan ikusiko dugu: The Maltese Falcon ("Maltar Belatza", 1941) eta Casablanca (1942) dira lan horiek. 1941ean Amerikako Estatu Batuetako hiritartasuna bere egin zuen.

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Lorreren agerpenak bakanagoak dira eta irratian jarduten du gehienbat. 1951n Alemanian da film bat idatzi, zuzendu eta antzezteko: Der Verlorene. Kritikak lan bikaintzat jo zuen. 1954an Jules Verneren eleberrian oinarritutako Walt Disneyren 20,000 Leagues Under the Sea ekoizpenean hartu zuen parte, Kirk Douglas eta James Mason aktoreen ondoan. 1960ko hamarkadaren hasieran Roger Corman zinemagilearen aurrekontu txikiko baina harrera ona izan zuten hainbat lanetan aritu zen, tartean The Raven filma dagoelarik.

59 urte zituenean istripu zerebrobaskularra jasan zuen eta horren ondorioz hil.

Filmagintza hautatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Peter Lorre Aldatu lotura Wikidatan