Peter Maxwell Davies

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Peter Maxwell Davies.jpg

Peter Maxwell Davies (Manchester, Ingalaterra, 1934 -) ingeles abangoardiako musikagilea da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manchesterko Musika Talde Berriko kide da, Birtwisle eta Alexander Goehrrekin batera. Musika-ikasketak Manchesterko Musika Eskolan eta Manchesterko Unibertsitatean egin zituen. 1957an, beka bat irabazi zuen Goffredo Petrassi musikagile italiarrarekin Erroman ikasteko. Ikasketak amaitu ostean, musika-irakasle izan zen Cirencesterreko eskolan. 1967an, musikagile eta interprete gisa hasi zen Pierrot Playersekin (taldearen sortzaile izan zen, Birtwislerekin batera). Daviesen hurrengo hiru urteetako konposizio gehientsuak esandako taldeak interpretatu zituen. 1970ean desegin zen taldea, eta The Fires of London izeneko taldea sortu zuen Daviesek, musika-zuzendari bakarra bera zela. Urte hartatik aurrerako musika gehiena Eskoziako Orkney uharteetan egin zuen, eta eskoziar musikan oinarritu zituen bere konposizio asko.

Gizon armatuaren gaineko meza izeneko obran, Erdi Aroko musikako hainbat elementu antzematen dira, ez dago alferrik XIII. mendeko dantzetan inspiratua. Antzerkirako egin dituen lanen artean aipatzekoak dira Eight song for a mad king, Le jongleur de Nôtre Dame maskaradarako idatzia eta Vesalii icones. Hainbat opera ere idatzi ditu: Taverner, XVI. mendeko musikagilearen bizitzari buruzkoa, The two fiddlers, Orkneyko haurrentzat idatzia, The Lighthouse, The martyrdom of St. Magnus eta Ave Maris Stella. Aipagarriak dira, orobat, Veni Sancte spiritus, Magnum mysterium, Leopardi fragments (tronpetarako sonata), bi sinfonia eta Turris campanarum sonatium, Yamash´ta japoniar perkusionistarentzat idatzia.

2004. urtean Master of the Queen's Music izendatu zuten, eta 2008. urtean Manchester University Music Societyko (MUMS) buru. 2009. urtetik aurrera, Cambridgeko Homerton Collegeko ohorezko kide da.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]