Peter Paul Rubens

Wikipedia, Entziklopedia askea
Peter Paul Rubens
Peter Paul Rubens
Autoerretratua, 1623, Royal Collection
Datu pertsonalak
Izen osoa Peter Paul Rubens
Jaio 1577ko ekainaren 28a
Siegen, Westfalia (gaur egun Alemania)
Hil 1640ko maiatzaren 30a
Anberes, Espainiar Herbehereak (gaur egun Belgika)
Bikotekidea(k) Isabelle Brandt
Hélène Fourment
Sinadura

Peter Paul Rubens (Siegen, Westfalia, 1577ko ekainaren 28aAnberes, Espainiar Herbehereak, gaur egun Belgika, 1640ko maiatzaren 30a), Pieter Pauwel edo Petrus Paulus ere deitua, belgikar margolaria izan zen. Flandesko Barrokoko artista entzutetsuenetakoa izan zen, bere koadroen mugimendu, kolore eta sentsualtasun aberatsarengatik.

Anberesko eskola eratu zuen eta artelan ugarik dute haren sinadura, baina, batez ere, kontrarreformako erretauletan, erretratuetan, paisaietan eta mitologiazko margolanetan nabarmendu zen. Mitologia gaietan erakutsi zuen sentsualtasun biziak bihurtu zuen, bereziki, pintura barroko oparoaren erakusgarri nagusi. Europa osoko nobleziak eta arte biltzaileek erosi zituzten haren lantegian ekoiztutako margoak. Filipe IV.a Espainiakoak zein Karlos I.a Ingalaterrakoak zaldun izendatu zuten.

Bizitza eta obra

Lehen urteak eta Italiako aldia (1577-1608)

Siegenen jaio zen, 1577an. Liskar erlijiosoen eta politikoen eraginez, Anberestik erbesteratu behar izan zuen flandestar abokatu eta diplomatiko baten semea zen. 1589an, aita hil ondoren, Anberesera joan zen familiarekin eta hiri hartan egin zituen arte ikasketak, Italiako pinturaren aldeko joera piztu zion Otto van Veen artistarekin, batez ere.

1600. urtean Italiara jo eta Vincenzo Gonzaga Mantuako dukearen zerbitzuan hasi zen lanean, kopiagile eta erretratugile gisa. Hala, Italia osoan eta Madrilen barrena ibili zen urte haietan, eta gogotik eman zitzaion italiar kulturako alderdi artistiko guztiak aztertu eta bereganatzeari. Berehala ospe handia izan zuen, eta koadro eskari asko egin zizkioten, garai hartako italiar pintore onenen pare baitzegoen ordurako. Haren lehenengo margolanetan nabarmena da antzinateko estatuen, Michelangeloren, Rafaelen eta Caravaggioren eragina. Urte haietan azaltzen hasi ziren tenebristen argi-ilunetatik urrun zeuden Veneziako pintoreen kolore argiak Rubensen lanetan: Lermako dukearen erretratua (1603, Prado, Madril), Zirkunzisioa (1605, Chiesa del Gesù e dei Santi Ambrogio e Andrea, Genova).

Anberes (1608-1621)

Burupotreta Isabelle Brandtekin, 1609 aldean, Alte Pinakothek, Munich

1608an ama hil zitzaion eta Anberesa itzuli zen. Flandriako egoera politikoa baretua zen ordurako. Han Espainiako koroaren zerbitzuan ziharduen Alberto artxidukeak gorteko margolari izendatu zuen, lantegia Anberesen bertan, inolako zergarik ordaindu gabe, ezartzeko baimen bereziarekin. Margolari izateaz gainera, gorteko aholkulari ere izendatu zuten eta, hala, handikien egoitzetan sartzea izan zuen, gora egin zuen gizarte mailan, eta aginduzko margolan asko egin zuen, bai hirirako, bai elizarako eta bai goi mailako jendearentzat ere. 1609. urtean Isabelle Brandtekin ezkondu zen.

Gurutzearen zutitzea (erdiko taula), 1610, Anberesko katedrala

Garai hartako margolan ospetsuenek -Gurutzearen zutitzea (1610, Anberesko katedrala)- argi erakusten dute italiar artearen, eta bereziki Caravaggioren, zer nolako eragin handia zuen Rubensen lanak: argiaren bizitasuna, giza irudien dotoretasuna, eta margolanaren antolamendu zeharo barrokoa. Urte haietan erlijiozko gaiak landu zituen bereziki, Kontraerreformak erlijioari eman zion bultzadaren ondorioz; horren erakusgarri argia da Kristoren gorpua gurutzetik eraistea (1611-1614, Anberesko katedrala) erretaula bikaina.

Lan horietan erabili zuen diagonal egitura barrokoari esker, Rubens berehala gailendu zen Anbereseko eskolako margolarien artean. Haren arrakastak eta goi mailako gizartetik zuen eskari gero eta handiagoak bultzatuta, laguntzaile trebatu mordo bat bildu zuen bere lantegira: Antoon van Dyck, Jacob Jordaens, Frans Snyders eta beste zenbait pintore. Lantegi horrek 1615etik 1625era bitarte izan zuen goraldia; garai hartakoak dira, besteak beste, Ixion Junok engainatua (1615 aldean, Louvre, Paris), Leuciporen alaben bahiketa (1616, Alte Pinakothek, Munich)[1] eta Lantza ukaldia (1620, Arte Eder museoa, Anberes). Austriako artxidukearekiko loturari esker, izugarri aberastu zen, eta antzinako gauzaki eta arte lan bilduma ikusgarri bat osatu zuen bere etxe ederrean.

1618tik aurrera, kolore askoz ere argiagoak erabili zituen eta pintzelkada arinen bitartez erraz nagusitu zitzaion kolorea marrari bere lanetan. Giro sentsuala nabarmendu zen ordutik aurrera berak landuriko mitologia gaietan; leku berezia hartu zuten haietan emakumezkoen gorputz oparoek.

Maria Mediciren saila eta diplomazia misioak (1621-1630)

Maria Mediciren lehorreratzea Marsellako portuan, 1622-1625 aldean, Louvre, Paris.

1621. urtetik aurrera diplomazia lanak egin zituen Espainiako koroaren alde. Pintura lanean jarraitu zuen, ordea, eta 1620ko hamarkadan margolan sail handiak egiteari ekin zion, bere lantegiaren antolamenduak horretarako bide ematen baitzion. Hala, erabat berritu zuen dekoraziozko margolan handien teknika: ez zuen sail horretako margolan bakoitza beregain lantzen, sail osoaren baitan ikusita sortuko zuen efektuaren arabera baizik. Rubensen ospea mugez haraindi zabaldua zen ordurako; Frantziako Maria Medicik Luxembourg jauregi eraiki berriko galeria bat apaintzeko eskatu zion, eta hark erregina amaren bizitza modu alegorikoan kontatzen zuen Maria Mediciren historia saila (24 oihal, 1622-1625, Louvre, Paris) egin zuen; lan hark arrakasta handia izan zuen batere barrokozalea ez zen Pariseko giroan. Garai hartakoa zen Anberesko San Karlos Borromeo elizako dekorazio multzoa, 1718ko suak hondatu zuena.

1620tik 1628ra egin zituen margolan soilak ez ziren koadro eta tapiz sail haiek baino gutxiago nolakotasunez eta bikaintasunez, artista horrek bete-betean iritsia baitzuen heldutasuna. Magoen gurtza (1624, Arte Eder museoa, Anberes) da aldi horretako lanik bikainetako bat, baina aipagarria da, orobat, Santa Katalinaren ezkontza mistikoa (1628, San Agustin eliza, Anberes)[2]. Hamarraldi hartan nabarmenak dira, halaber, Rubensek bere bidaietan eta eginbide diplomatikoetan ezagutu zituen Europako handiki askoren erretratu ugariak, hala nola, Maria Medici (1622, Prado Museoa, Madril)[3], Henri de Vicq baroia (1625 aldean, Louvre, Paris) eta George Villiers, Buckinghameko dukea (1625, Kimbell Art Museum, Fort Worth)[4]. 1625etik 1627ra, Isabel artxidukesaren eskariz eta Madrilgo Karmeldar oinutsen moja komenturako, Eukaristiaren Garaipena izenaz egin zituen 21 tapizetarako margolanek eman zioten amaiera Rubensen bizitzako aldi oparoenari.

1626an, bere lehen emaztearen heriotzak bat-batean eten zuen sormen beteko aro hura. Garrantzi handiko egiteko diplomatikoen ardura hartu zuen orduan; Ingalaterran eta Espainian ibili zen, eta parte handia izan zuen bi erresumen arteko bakean (1630eko Madrilgo Ituna). Espainia zein Ingalaterrako erregeek noble izendatu zuten. Aldi berean, eta Tizianoren eraginez, Londres eta Madrilen ikusi baitzuen haren lana, bere estiloa pixkana-pixkana aldatuz joan zen: margo beroagoak erabili zituen, argia ere leunago irudikatu zuen, eta gai barrukoagoak eta lirikoagoak landu zituen.

Azken urteak (1630-1640)

1629tik 1634ra berriz ere ekin zion margolan handien eta tapizen sailei: 9 margolan Londreseko Whitehall jauregiko harrera gelako sabairako; Akilesen mitoa irudikatzen zuten 8 tapiz (1630-1635, Prado Museoa, Madril)[5]; Anberesen gobernari berriaren omenez egitekoak ziren jai handirako 43 garaipen-arku, haren zirriborroak oinarri harturik bere ikasleek eginak; Ovidioren Itxuraldatzeak lanean inspiraturik, Felipe IV.a Espainiakoarentzat egindako saila, Saturno (1636-1637, Prado, Madril)[6] tartean.

Hiru Graziak, 1636-1638, Prado Museoa, Madril)

1630ean, Hélène Fourment, hamasei urteko gaztearekin, ezkondu zen. 1630etik 1640ra, bere azkeen urteetan alegia, erlijiozko margolan gutxiago egin zuen: San Ildefonsoren triptikoa (1630-1632, Kunsthistorisches Museum, Viena)[7], Kalbario mendira igotzea (1634-1637, Arte Eder museoa, Brusela). Aldi berean, gai mitologikoak eta dionisiakoak ugaritu zituen -Andromeda (1638, Gemäldegalerie, Berlin), Hiru Graziak (1636-1638, Prado, Madril), Venus eta Adonis (1638, Metropolitan Museum of Art, New York), Parisen epaiketa (1639, Prado, Madril)-, eta askoz gehiago ari izan zen landako ikuspegiak margotzen, batez ere, 1634an, Het Steen jauregia (Anberestik hurbil) erosi zuenez geroztik: Landa ikuspegia ortzadarrarekin (1635-1640, Hermitage, Leningrado)[8], Kermesse (1630-1638 aldean, Louvre, Paris), Steengo parkea (1630-1635, Kunsthistorisches Museum, Viena)[9], Gurdia ilunabarrean (1630eko hamarkada, Museum Boijmans Van Beuningen, Rotterdam). XVIII. mendearen hasierako rokoko estiloa, eta bereziki Antoine Watteauren obra, aitzinatzen duten ezaugarriak ikusi dituzte aditu batzuek koadro horietan.

Erretratua izan zen, ordea, aldi horretan gehien landu zuen generoa, bere emaztearen eta bere seme-alaben erretratuak bereziki, bizi pozaren, familia giro zoriontsuaren eta samurtasunaren gorazarrez: Hélène Fourment bere bi umerekin (1636 aldean, Louvre, Paris)[10], Autoerretratua Hélène Fourment eta Pieter Paul semearekin (1639 aldean, Metropolitan Museum of Art, New York)[11].

Rubens 1640ko maiatzaren 30ean hil zen, eta Anberesko Done Jakue elizan ehortzi zuten. Bi urte geroago, haren alargunak Ama Birjina santuez inguratua margolana jarri zuen hil kaperan. Koadro horrek adierazten ditu hobekien bizitzaren azken aldi hartan egin zuen lanaren ezaugarriak: margoen joko bikaina, formak argi urrekoloreaz argitzeko modua, eta haren biziarnasari darion zirrara eta kemena.

Iruditegia

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak

  1. Rapto de las hijas de Leucipo. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  2. Desposorios místicos de santa Catalina, Virgen y el Niño con santos. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  3. María de Médicis. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  4. George Villiers, duque de Buckingham. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  5. Aquiles descubierto por Ulises entre las hijas de Licomedes. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  6. Saturno devorando a un hijo. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  7. Visión de San Ildefonso. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  8. Paisaje con un arco iris. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  9. Parque de Steen. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  10. Helena Fourment con dos de sus hijos. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
  11. Autorretrato con Helene Fourment y su hijo Pieter Paul. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-13).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Peter Paul Rubens Aldatu lotura Wikidatan