Pierre de Lancre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Pierre de Lancre (Bordele, Frantzia, 1553 - Paris, 1631) magistratu frantziarra zen, 1609an Lapurdin eginiko sorgin-ehiza burutu zuena.

Aitona, Bernard Errostegi, baxenafarra zen, baina Bordelera bizitzera joan zenean euskal abizena aldatu zuen, Lancre frantsesa hartuz. Familiaren euskal jatorriaren ukazio horrek eragina izan omen zuen Pierre de Lancreren ezinikusian euskaldun zen ororekin.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ikasketak Jesusen Lagundian egin zituen; zuzenbide-ikasketak Turinen egin eta Bordelera itzuli zenean epaile izan zen. Parlamentuko kontseilari izateko hautatu zuten 1582an. Erlijioak eragin handia zuen beregan eta kode penalaren oinarritzat ere erlijioa hartzen zuen. 1607an, Eliza katolikoaren irizpideak modu estuenean hartzen zuen filosofia tratatu bat argitaratu zuen: Tableau de l´inconstance et l´instabilité de toutes choses (Gauza ororen aldakortasuna eta iraun ezina erakusten duen liburua).

1609an, Henrike IV.a erregeak Lapurdira bidali zuen bertako sorginen kontuak ikertzera. Ahalmen guztiak bere eginda hirurogei lagun sorginkeriaz salatu eta hilarazi zituen. Nafarroako Luis II.aren garaia zen eta Inkisizioak Euskal Herrian egin duen triskantzarik handienetakoa burutu zuen. 1612an liburu bat argitaratu zuen: Tableau de l´inconstance de mauvais anges et démons (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Lancrek ez zuen ezertan ulertu nahi izan lapurtarren izaera. Bertako erakunde, hizkuntza, ohiturak, lan-molde eta abarretan Deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten. Zera idatzi zuen, adibidez:

« Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra.  »

Senpereko gazteluan burututako epaiketetan, gogorkeria eta injustizia handiz jokatu zuen; halere, Henrike IV.ak estatu-kontseilari izendatuz saritu zuen. Bordeleko parlamentuan jarraitu zuen 1620 arte eta bi liburu idatzi zituen: 1617an, Le Livre des Princes (Printzeen liburua) eta 1622an, L'incrédulité et mescreance du sortilège pleinement convaincue (Sortilegioaren eskuetan dagoenaren sinestezina eta fedegabea).

Idatziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tableau de l'inconstance et instabilité de toutes choses (1607)
  • Tableau de l'inconstance et instabilité... revu et corriger et augmenter d'un livre nouveau de l'inscontance de toutes les nations principales d'Europe (1610)
  • Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons: lehen argitalpena (1612), berrargitaratua (1613) eta (1982). Éditions Aubier, Palimpseste bilduman.
  • Le livre des princes contenant plusieurs notables discours pour l'instruction des Roys, Empereurs et Monarques (1617)
  • Incrédulité et mescréance du sortilège plainement convaincue (1622)
  • Du sortilège (1627)