Piotr Kropotkin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Piotr Kropotkin (1842-1921)

Piotr Alexeievitx Kropotkin printzea (errusieraz Пётр Алексе́евич Кропо́ткин) (1842ko abenduaren 21tik, 1921eko otsailaren 8ra) geografoa izan zen eta politika arloko pentsalari errusiarra, mugimendu anarkistaren teoriko garrantzitsuenetakotzat hartu da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kropotkin Moskun jaio zen 1842ko abenduaren 21ean, San Petersburgon ikasi zuen eta Errusiako ejerzitoan parte hartu zuen 1862tik 1867raino. Urte horietan bi espedizio zuzendu zituen Siberiara eta Mantxuriara, hurrenez-hurren, eta hauei esker geografiari eta “urtzaldiari” buruzko aurrerapen zientifiko garrantzitsuak lortu ziren.

San Petersburgora bueltatu zen 1867an, Geografia Elkarte errusiarraren ofiziala izendatu zutelarik. 1871tik 1873ra Finlandia eta Suediako glaziarrak aztertu zituen aipatu elkarte horren izenean. Ikerketa hauek egiten ari zen bitartean politikari buruz idazten zuten teoriko nagusien idazkiak irakurri zituen eta azkenean sozialismo iraultzailearen ikuspuntuak bereganatu zituen, hemen ezagutu zuelarik marxismoa. Aurrerago aldiz anarkismoaren doktrina erradikalaren jarraitzaile sutsua izango zen.

1872. urtean Lehen Internazionalean parte hartu zuen, baina lehenengo marxista moduan eta gero Mikhail Bakunin ideologo anarkistaren jarraitzaile bezala. Honek bere jarrera anarkokomunista salatzen du.

Errusiara bueltatu zenean, bere etapa sozialistaren ondoren, pentsamolde anarkistak zabaltzen hasi zen, eta horregatik atxilotu eta kartzelan sartu zuten 1874. urtean. Ihes egitea lortu zuen bi urte geroago eta elkarte anarkista internazional batean sartu zen, Jurako Federazioa. Ondoren Frantzian bizi izan zen 1883an berriz ere atxilotu egin zuten eta 5 urteko espetxe zigorra ezarri zioten jarduera anarkistak egiteagatik. 3 urtez kartzelan egon ondoren aske utzi zuten eta Ingalaterrara joan zen bizitzera eta lan egitera, han 30 urtez egon zen.

Lehenengo Mundu Gerran inperialismo errusiarraren aldekoa izan zen, horren erruz internazionalistek gogor kritikatu zuten. Otsaileko iraultzen ostean errepublika gaztea defendatu zuen. 1917ko Iraultza boltxebikearen ondoren bere herrira bueltatu zen eta Moskutik gertu bizi izan zen eta kargu ofizialik ez izan arren politika sobietarrean parte hartu zuen. 1921eko otsailaren 8an zendu zen Dimitroven, Moskutik gertu dagoen herrixkan, handik idatzi zizkion Lenini bere gutun famatuak.

Kropotkinen lanen gai nagusia zera zen, edozein motatako gobernu formarekin bukatzea elkarlaguntza eta kooperazioaren bidez zuzenduko zen gizarte bat lortzeko, estatu erakunderik gabeko gizartea. Gizarte ideal hori (anarkokomunista edo komunismo anarkista) prozesu iraultzaile baten emaitza izango zen, aldez aurretik kolektibizazio prozesu bat gertatu beharko zena. Pentsamolde anarkistaren inguruan idatzi zuen liburu garrantzitsuena Ogiaren Konkista izan daiteke.

Bere alde naturalistan, kooperazioaren garrantzia planteatu zuen eboluzioan. Bere lanik famatuena, Elkar-Laguntza, Siberian bizi zituen esperientzietatik abiatuz, Thomas Henry Huxley eta Herbert Spencer (Darwinismo sozialaren aita) kritikatu zituen hautaketa naturala izakien arteko borrokan oinarritzen baitzuten.

Ingelesez naiz frantsesez idatzi zituen bere obrak.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuak:

  • Matxino baten hitzak (1885)
  • Kartzelak (1887)
  • Ogiaren konkista (1892)
  • Zelaiak, fabrikak eta tailerrak (1899)
  • Iraultzaile baten memoriak (1899)
  • Elkar-Laguntza: Faktore bat Eboluzioan (1902)
  • Zientzia berria eta anarkismoa
  • Errusiar literatura (1905)
  • Izua Errusian (1909)
  • Iraultza Handia 1789 - 1793 (1909)
  • Etika, jatorri eta eboluzioa (1924)
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Piotr Kropotkin Aldatu lotura Wikidatan