Pirinioetako sarrio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pirinioetako sarrio
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
GeneroaRupicapra
Espeziea Rupicapra pyrenaica
Bonaparte 1845[1]
Banaketa mapa

Pirinioetako sarrioa (Rupicapra pyrenaica) Rupicapra generoko animalia da. Artiodaktiloen barruko Caprinae subfamilia eta Bovidae familian sailkatuta dago

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burua

Arrek eta emeek kako formako adarrak dituzte, baina arrenak lodiagoak dira eta punta aldean itxiagoak. Burua eta eztarria argiak dira, begiak estaltzen dituen maskara itxurako orban beltz batekin. Gorputzaren kolorea marroi iluna da bizkarraldean, bularrean, hanketan eta saihetsetan, eta argiagoa ipurtaldean eta sorbaldetan. 1,1-1,3 m-ko luzera du; isatsa laburra izaten da, 4cm ingurukoa. Jaioberritan 2 kg inguru pisatzen dute; heldutasunean 40 kg pisatzera iristen dira arrak, eta emeak normalean ez dira 30 kg-tik pasatzen.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedapena

Sarrioa Kaukasotik hasi eta Europa atlantikoraino banatuta dago, eta Europako mendikate gehienetan aurkitzen da. Iberiar Penintsulan bi nukleo nagusi daude: pirenaica subespeziea Pirinioetan eta parva subespeziea Kantauriar mendilerroan. Euskal Herrian, Nafarroaren ekialdeko erpin altuenetan, eta Zuberoako eta Behe Nafarroako isurialde piriniarrean aurkitzen da. Nafarroakoak subespeziearen mendebaldeko muga dira.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoen eta basoak baino goragoko larreen arteko mugan mugitzen dira. Udaberrian, elurra urtuz doan heinean, altitudean gora mugitzen dira elur orbanen artetik agertzen den belarraz elikatzeko. Udan bizi dira altitude maximoan, ganadu-taldeen kokapenaren gainetik. Neguan haizearekiko babesa duten mendialdeak hautatzen dituzte. Ehiza jarduera mantentzen den lekuetan gizakia ibiltzen den inguruak saihesten dituzte, baina parke naturaletan eta beste eremu babestuetan giza jarduerara ohitzen dira. Ihesbideen hurbiltasuna gustatzen zaie, harkaitzena edo basoena normalean.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udan beren denboraren zati handia ematen dute jaten sarrioek. Gutxi mugitzen dira eta atseden asko hartzen dute. Horrela udan pisu dexente irabazten dute eta honek erreserbak ematen dizkie neguan bizirauteko. Espezie belarkarak egurtsuak baino gehiago hautazen dituzte, baita basoan dabiltzanean ere. Elurrak neguan larreak estaltzen dituenean soilik hasten dira sarrioak espezie egurtsu gehiago jaten. Baldintza hauetan koniferoak, erikazeoak eta elurretatik gailentzen diren beste zuhaixka batzuk jaten dituzte, eta tokiko sarrio dentsitatea altua denean kalteak eragin ditzakete basoko espezieetan.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araldia azaroan hasten da. Urtea bakarrik pasa duten ar nagusiak eme taldeetara bilduko dira orduan, eta bertan arrik bada, eta aurre egiten badio iritsi berriari, borroka egingo dute eme taldearekin nor geratzen den erabakitzeko. Galtzaileak ihes egin beharko du taldea utziz. Borroka hauetan sabelean ere jotzen dizkiete kolpeak elkarri, eta hemen ikusten da zeinen garrantzitsua den adarren kako forma, bestela zauri larriak egingo lizkieke elkarri.

Kume bakarraz erditzen dira, oso arraroa bi kume izatea. 2 kg-rekin jaiotzen dira. Taldeen ugalkortasun tasa altua da (%70 - 80) eta gorabehera askokoa lekuaren eta urte sasoiaren arabera. Kumeen heriotza tasa altua lehen bizitza urtean, eta honek populazioak oso motel haztea eragiten du.

Lehenengo bizitza urtean %40 - 50eko heriotza-tasa dute, eta urte 1 eta 2 artean %10 - 40koa. Heldutasunean heriotza-tasa baxuak dituzte. Bizi-itxaropen altua dute, 20 urteak gaindi ditzakete. Hazten ari diren populaziotan 2 urteko emeen proportzio altu bat ugalkorra da; egonkortutako populaziotan aldiz ez dira ugalkorrak izaten 3 - 4 urte arte. Ez dira seneszentzian sartzen 11 - 13 urte arte.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguneko jarduera dute. Talde desberdinak osatzen dituzte, baina talde egonkor bakarra ama eta kumearen artekoa da, bizitzako bigarren urteraino iraun dezake. Batera migratzen duten taldeak ere ikusi dira, baina ez dute luzaro irauten elkarte hauek. Emeen talde handitan “haurtzaindegi” izeneko egiturak ikusi dira, sarrio kumeak batera jarrita eta inguruan helduak hauek ikuskatzeko. Dentsitate altuek eme talde handiak eta ar taldeak egitea faboratzen dute, eta inguru basotsuek talde txikiak egitea; baina honetan ere ikusi dira salbuespenak.

Arrak eta emeak bereizita egoten dira araldian izan ezik. Joera lurraldekoiak ere ikusi dira

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarrioak beste ungulatu basatiekin eta etxe-abereekin lehiatzen du bazkagatik, baina ez du talde mistorik osatzen hauekin. Sarrioa helduak ehiza ditzaken espezie bakarra otsoa da, baina kumeak azeriaren eta arrano beltzaren harrapakin ere izan daitezke.

Queratoconjuntivitisa da azken urteetako epizootia zabalduena sarrioen artean. Zornadurak eragiten ditu begien inguruan, eta guztiz itsu utzi dezake animalia. Oso kutsakorra den arren patogenizitatea ez da oso altua. Pasteurella multocidak eragindako pneumonia ere gaixotasun ohikoa da, heriotzak eragin ditzake kume eta gazteen artean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bonaparte. (1845). Cat. Meth. Mamm. Europe, 17 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]