Piyamaradu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Piyamaradu Mendebaldeko Anatoliako gobernari bat izan zen, K. a. XIII. mendearen lehen erdialdean, Muwatallis II.a, Urhi-Teshub eta Hattusili III.a errege hititen garaian.

Piyamaradu noble hitita bat izan zen. Gorteak arbuiatu ondoren, Ahhiyawa erresumara ihes egin zuen, non, Ahhiyawaren basailu zen Milawatarekin senidetasun harremanak ezarri zituen. Milawatatik, arrakastaz inbaditu zuen Wilusa, bertako errege bihurtuz.

Piyamaraduren arrakastengatik asaldatuak, tokiko basailu hitita batzuk, hura botatzen saiatu ziren, baina huts egin zuten, eta, izan ere, Piyamaraduk, horietako baten aurka, Lesbos uhartea konkistatu zuen. Bere etsaien boterearen hedapen honen aurrean, Muwatallis II.ak, Piyamaradu Wilusatik botatzea lortu zuen armada bat bidali zuen, aldi berean, tronuan, aurreko erregea ezarriz. Baina ez zuen Piyamaradu harrapatzerik lortu, ihes egin zuena, beharbada, Milawatara itzuliz.

Erbestetik, Piyamaraduk, hititen aurkako matxinada sustatzen jarraitu zuen, eta aukera berri bat izan zuen Hattusili III.aren erregealdian, Mendebaldeko Anatoliako estatu batzuk, independente bihurtzen saiatu zirenean. Hattusilik, beste armada bat bidaliz erreakzionatu zuen, Piyamaradu berriz garaituz, eta hau, Milawatara ihes egitera behartuz, eta, hititak erresuma honetan sartu zirenean, Ahhiyawara. Bigarren ihesaldi honen ondoren, Piyamaradu historiako erregistroetatik desagertzen da.

Froga dokumental sendorik gabe, Piyamaraduk, Priamorentzako oinarri bezala balio izan zuela iradoki da, berak konkistatu zuen Wilusa, Troiarekin identifikatzen baita.