Pizkundeko humanismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vitruvioren gizona, Leonardo da Vinciren marrazkia

Pizkundeko humanismoa edo Errenazimentuko humanismoa Erdi Aroaren azken mendeetan —Pizkundearekin batera— garatutako pentsamolde humanista izan zen, unibertsoan ororen gainetik gizakia jarri zuena. Italian XV. mendean sortu eta XVI. mendearen lehen erdian Europa osora zabaldu zen. Erdi Aroko biztanleak Jainkoak zehaztu eta ezarritako ordena bati jarraituz bizi izan ziren. Pizkundeko humanismoa zabaltzearekin batera, ordea, gizakiak izango dira beren bizimoduaren protagonista osoak. Horren ondorioz, ospea, gizartean onartua izatea, etorkizunean oroitua izatea eta horrelako ideiak indarra hartzen hasi ziren kulturaren eta artearen esparruetan.

Erdi Aroaren kultura-ereduaren aurrean kultura berri bat sortzea zuen helburu mugimendu berriak. Horretarako oinarria, gizakia pertsona gisa eta herritar gisa betegintzarrez hezteko oinarria, heldulekua, Antzinako Grezia eta Erromako hizkuntzan eta literaturan zuen, eta haietan oinarri hartutako erreferentzia intelektualak eta balio moralak erabili zituen bere helburuetarako: eredu klasikoan hezitako gizakia eta bizimodua.

Humanismoa ez da filosofia jakin baten adierazle. Pico della Mirandolaren idazlan baten izenburuak —De dignitate hominis, 1486— eta haren diskurtsotik ateratako esaldi batek erakusten du ongien humanismoaren xedea: «Irakurri dut arabiarren liburuetan, ez dela munduan ezer miragarriagorik gizakia baino». Hori da gizakiaren betegintzarrerako eredua. Gizaki eredu hori ez da intuizio bakar baten emaitza, ordea. Picok arabiarren literatura aipatzen du, baina Greziako eta Erromako literaturari lotuago egon zen, berez, humanismoa.

Pentsamolde berri hori argi eta garbi nabarmendu zen Italiako hiri oparoenetan, eta haren adierazpide nagusiak erretratuaren generoa eta hilobietako monumentuak izan ziren, izugarri garatu baitziren biak. Ez dira literatura-lanak ere ahaztu behar: Danteren, Petrarcaren eta Boccaccioren lanak dira pentsamolde humanistaren adierazle nagusiak.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, mugimendu hori Pizkundeko humanismoa edo, soil-soilik, humanismoa izenez ezaguna bada ere, sorreran beste izen batzuk ere hartu zituen: studia humanitatis (Coluccio Salutatik XIV. mendean Zizeron eta Geliorengandik jasotakoa), humaniores litteru eta humanitas ere bai, Greziako eta Erromako jakintza irakasteko erabiltzen ziren diziplina-multzoari deitzeko izenak ziren: gramatika, erretorika, poesia, historia eta filosofia morala.

Humanitas hitzetik eratorriak dira italierako Umanita, frantseseko Humanités, edo gaztelaniako Humanidades. Humanistak ziren, berriz, Humanitas horietan maisu zirenak, nahiz eta XV. mendeko italiar humanistei hitz hori ez oso atsegin izan. Izan ere, behe-mailakotzat zeukaten. Haietako gehienak (C. Salutati, Poggio, L. Bruni, G. Manetti, L. B. Alberti, etab.) burgesiaren goi-mailakoak ziren, eta elite bat osatzen zuten. Elite horrek helburu handitzat zeukan kultura klasikoan oinarritutako humanismoa, eta horren barruan sartzen zen dotore hitz egitearen eta idaztearen artea (zuzentasuna eta dotoretasuna ezinbestekoak ziren estiloan, arau klasikoaren arabera), eta adeitasun eta tratabide finarena. Kualitate horien jabe izateak eskaintzen zion eliteko kideari halako omena, XVI. mende hasieran galduz joan zena, jakituria klasikoa zabaldu eta arrunt bilakatu zen neurrian.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen humanismoaren ezaugarri nagusiak:

  • Ordu arte, Erdi Aroan, Jainkoa zen ideia guztien erdigunea; humanismoarekin, ideia hori baztertu eta gizakia goraipatu zuten, gizakia baitzen arrazoiz eta askatasunez beteriko izaki bakarra. Horregatik, ezagutza eta egia bilatzeko metodo bat ezarri zen, norberaren gogoetan eta arrazoian oinarritua.
  • Greziako eta Erromako kultura izan zuten iturri. Grezierarekiko interesak bultzaturik, egile klasiko handiak itzuli zituzten; Platon eta Aristoteles, batez ere, eta bi-biak giza jokamoldearen eredutzat jo zituzten.
  • Zientziaren eta aurrerapen teknikoaren aldeko jarrerak eta jakin-minak espiritu zientifiko berria ekarri zuten, behaketan eta saiakuntzan oinarriturik.
  • Herri-hizkuntzen erabilera (frantsesa, italiera, gaztelania...), kultura zabaltzeko bitarteko gisa, latinaren eta grezieraren ordez. Biblia itzultzea aurrerapauso nabarmena izan zen.

Humanista asko kultura klasikoaren ondarea, xede zientifikoa eta balio kristauak lotzen saiatu ziren (Biblia eta arazo erlijiosoak aztertzea). Kristau-humanismo horren erakusgarri nagusia Erasmo Rotterdamgoa izan zen.

Petrarca, humanismoaren ordezkari nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenazimentuko humanismoaren sorreran figura gailen bat dago: Petrarca (1304- 1374). Petrarcari gaur egungo omena haren lirika isuritik datorkio, haren Canzoniere famatutik, non gorteko tradizioan eta iradokizun klasikoan oinarrituta, europar belaunaldi askori maitasun-eredua erakutsi dion. Petrarcak Antzinako Erromako kulturarako isuri nabarmena izan zuen bere obran. Bi eratara zabaldu zion bidea humanismoari:

  • Alde batetik, testu eta autore klasiko latinoak berreskuratu eta berritu zituen. Ordura arte ezezagunak ziren kodizeak kopiarazi, Tito Livioren Ab urbe condita zaharberritu, eta Virgilioren Eneida oharrez bete eta ikertu zuen. Literatura klasikoan gaur egun nagusitzat jotzen diren autore asko, Tito Livio eta Vitruvio, Zizeron eta Ponponio Mela, besteak beste, Petrarcari esker ezagutzen dira. Gainera, latinaren espirituan murgildu, eta Zizeronen erritmoan eta estiloan bere luma beratuta, estilo klasiko beteginaz ondutako idazlanak egin zituen: De viris illustribus, De rerum memorandum, De vita solitaria, etab.
  • Bestetik, Erdi Aroko kulturaren kontrako jarduna aurrera eraman zuen. Erdi Aroko kulturaren hezkuntza sistemarik adierazgarriena eskolastika baitzen, haren kontra jardun zuen eginahalean. Petrarcaren ustez, eskolastika bizitzatik eta zientziatik at zegoen. Gainera, haien latin arrunta gaitzetsi egiten zuen. Izan ere, Petrarcak Erromako ondarea zaharberritu nahi zuen, latinezko testu klasikoen ikerketaren bitartez.

Humanismoaren hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendearen bukaeran eta XVI.aren hasieran, humanismoa, hezkuntzaren bidez, erabat finkaturik zegoelarik Italian, eta aurrelari ibili zirenen adorea aienaturik, Europako beste herrialdeetara zabaldu zen haren itzala. Hau hainbat ongileen (Karlos VIII.a Frantzian, Elisabet Gaztelakoa eta Mendoza eta Cisneros kardinalak Espainian, Frederiko Saxoniakoa Alemanian, etab.) bultzadari esker gertatu zen, eta berehala hartu zuen indarra gortean, unibertsitateetan, hainbat elizgizonengan eta burgesiaren zati handi batean.

XV. mendearen erdiaz geroztik, inprimatzeko makina asmatzeak ideia humanisten hedapena sustatu zuen. Hasiera batean, liburuak hiri garrantzitsu batzuetan soilik argitaratzen ziren, oso garestiak zirelako: esaterako, Venezian, Parisen eta Anberesen. Dena den, handik gutxira, Europako beste hiri batzuetan ere argitaratu ziren. Adibidez, XVI. mende osoan, 200.000 liburu plazaratu ziren Europan.

Nagusiki, Akademiek bultzatu zuten pentsamendu humanista, eta hizkuntza, literatura eta filosofia izan zituzten aztergai. Jakintsuz osaturik zeuden eta, jaun batek diruz babesturik (mezenasgoa), antzinako eskuizkribuak itzultzeaz eta ezagutzak nahiz ideiak trukatzeaz arduratzen ziren.

Unibertsitateek eginkizun garrantzitsua izan zuten, jendea prestatzeko eta ezagutza berriak zabaltzeko; esaterako, Bolonia, Padua, Florentzia, Lovaina eta Alcalá de Henareskoak.

Humanismoaren hedatze horretan hiru pertsona gailentzen dira: Erasmo Rotterdamgoa, Lluís Vives eta Guillaume Budé. Eta hiru horietan nagusia, Erasmo izan zen. Alde handiz, bera izan baitzen Petrarcaren eta Vallaren bideari argien lotu zitzaiona eta, alde handiz, garai hartako Europan eragin handiena izan zuena bera izan zelako. Bat zetorren Erasmo aurreko humanistek erakutsi zuten eskolastikaren gutxiespenean. Bat zetorren Bibliaren iturrietara itzultzearekin: Biblia idatzita zegoen jatorrizko hizkuntzetan aztertu beharra zegoen. Balio handia ematen zien studia humanitatis delakoei eta, bereziki, elokuentziari, guztizkoa iruditzen baitzitzaion gizakiaren formaziorako eta gizarte zoriontsu bat eratzeko. Azken alderdi hori garrantzitsua zen Erasmorentzat, kezkaz begiratzen baitzuen Europako kristau komunitatea bitan ari zela banatzen, erlijio-eztabaidak zirela medio. Saiatu zen, eta, neurri batean, lortu ere egin zuen erlijio eraberritzearen beharraz ziharduen bere mezu humanista, Philosophia Christi, helaraztea komunitate horretako jakintsuen eta ez hain jakintsuen mailara.

Espainian, berriz, Elio Antonio de Nebrija izan zen humanismoaren abiarazlea, 1481ean idatzi baitzuen Introductiones latina, herrialde honetako Errenazimentuan giltzarri izan zen liburua. Latina oinarri harturik erraztu nahi du, Petrarcak eta Vallak Italian bezala, artearen bilakabidea, medikuntzarena, teologiarena eta beste gainerako jakintzena. Aipatutakoez gainera, garrantzi handiko humanistak izan ziren, Italiatik kanpo, Juan de Valdés Espainian, François Rabelais Frantzian, Thomas More eta Francis Bacon Ingalaterran.

Denboraren poderioz, humanismoa Antzinatearen gurtze linguistiko eta formal hutsa bilakatu zen, sormenerako indarrik gabeko erudizio hutsa. Humanismoaren gainbeheran garrantzi handikoa izan zen, halaber, Erreforma Protestantearen eta Kontrarreformaren arteko eztabaida. Luterok, kristautasunaren berezitasuna azpimarratzen baitzuen, filosofia jentilaren kontra eta Kontrarreformaren teologoek, berriz, ortodoxiarako joerarekin. Europan piztu ziren gerrek eman zioten azkena Pizkundeko humanismoari eta haren idealari. Ilustrazioan izan zuten humanisten ideiek beren loraldia.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]