Plasmodium falciparum

Wikipedia, Entziklopedia askea

Plasmodium falciparum
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaChromista
FilumaApicomplexa
KlaseaAconoidasida
OrdenaHaemospororida
FamiliaPlasmodiidae
GeneroaPlasmodium
Espeziea Plasmodium falciparum
William H. Welch, 1897
Datu orokorrak
OstalariaHomo sapiens eta Anopheles
Genomaren kokapenaprotists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org… eta protists.ensembl.org…

Plasmodium falciparum protozoo unizelular eta eltxoen eta gizakien bizkarroi bat da. Plasmodium generoaren izaki hilgarriena da, gizakiengan malaria[1] eragiten baitu. Ez da malaria eragiten duen Plasmodium bakarra, baina bai malaria larriena sortzen duena. Anopheles generoko eltxo emeak izaten dira ziztadaren bidez gaixotasuna transmititzeaz arduratzen direnak. Protozoo honek eragiten duen gaixotasuna malaria falciparum-a da[2][3], malaria motarik arriskutsuena eta lehen esan bezala hilkortasun tasa handikoena[4]. Gaixotasun hau baliabide ekonomikoek eraginda, Sahara azpiko Afrikan askoz arruntagoa da beste munduko edozein lekutan baino.

Espezie hau, duela 10.000 urte inguru eratorri zen, goriletan aurkitzen zen Laverania izeneko beste malaria eragile batengandik[5]. Alphonse Laveran izan zen lehena identifikatzen 1880an eta Oscillaria malarie moduan izendatu zuen. Aurrerago, 1897an, Ronald Ross izan zen gaixotasuna eltxoen bidezko transmisio baten bitartez hedatzen zela jabetu zen lehena. Bere izen zientifikoa, Plasmodium falciparum, William H. Welch-ek eman zion 1897an, baina, ICZN-k ez zuen onartu 1954 arte. 1898an Giovanni Battista Grassi-k gaixotasunaren transmisio osoa argitu zuen, Anopheles eltxo emetik hasita gizakira arte.

P. faciparum-ek forma desberdinak ditu bere bizi-zikloan zehar; gizakia kutsatzen duen hasierako fasean eltxoen listu guruinetatik esporozoitoak transmititzen dira. Hauek hazi eta biderkatu egiten dira gibelean merozoito bihurtuz. Ondoren, merozoitoek eritrozitoak inbaditzen dituzte trofozoitoak, merozoitoak eta gametozitoak eratzeko, garapen-fase honetan malariaren sintomak gizakietan ikusten direlarik. Eltxoetan, gizakiengandik jasotako gametozitoez baliatuz, ugalketa sexuala ematen da beraien barnean zigotoa eratuz. Zigotoak, mugimendu ameboidearen bidez, eltxoaren digestio-hodiko kanpo hormara migratzen du. Han handitu egiten da eta esporozoito bihurtzen da, zikloa errepikatuz.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) argitaraturiko azken txostenaren arabera (World Malaria Report, 2018) 2017an 219 milioi malariaren kasu eman ziren mundu guztian eta 435.000 pertsonen heriotza ekarri zuten[6]. Ia malaria guztien heriotzak P. falciparum-ak eraginikoak izaten dira, heriotza guztien % 93 garatu gabeko Afrikako herrialdeetan ematen delarik. Aipatzekoa da 5 urtetik beherako umeak izaten direla kalte handienak pairatzen dituztenak, heriotzen % 62 osatzen dutelarik[6].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Falciparum malaria ezaguna zen Antzinako Grezian, izen orokor gisa πυρετός pyretós "sukarra" eman ziotenak[7]. Hipokratesek (c. K.a. 460-370) sukar tertziario eta sukar kuaternario izenekin hainbat deskribapen egin zituen[8]. Antzinako Egipton prebalentzia handia zuen eta Antzinako Erroman ere ezaguna zen[9]. Erdi Aroko italiarrak izan ziren "malaria" izena eman ziotenak, "mala", txarra eta "aria", aire hitzen elkarketatik, uste zutelako miasmatik edo kutsatutako airetik transmititzen zela[10].

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laveranen malariaren marrazkiak.

Johann Friedrich Meckel fisikari alemaniarra izan zen lehenengoz P. falciparum aurkitu zuena, baina ikusi zuen momentuan ez zekien zeren aurrean aurkitzen zen. 1847. urtean malariaz hil zen pertsona baten odolean eta barean, pigmentu beltz granulatuak aurkitu zituela esan zuen baina ondorio zehatzik atera gabe. 1880. urtean, Charles Louis Alphonse Laveran frantsesak, ospitalean lanean zebilela, malaria sortzen duen patogenoa identifikatu zuen eta 1881. urtean The Lancet aldizkarian argitaratu zuen aurkikuntza garrantzitsu hau, patogenoari, Oscillaria malariae izen zientifikoa eman ziolarik[10]. Baina, Laveran-en aurkikuntza eszeptizismo-puntu batekin jaso zuen zientzia-komunitateak, Theodor Albrecht Edwin Klebs eta Corrado Tommasi-Crudeli izen handiko fisikariek  malariaren patogeno sortzailea jadanik haiek aurkitu zutela aditzera eman zutelako. Bakterio bat zela uste zuten eta Bacillus malariae izenaz ezagutzen zela esaten zuten (haiek emandako izena)[11].

Laveran-en aurkikuntza 5 urte pasa ostean onartzen hasi ziren, Camillo Golgi biologo italiarrari esker; bere mikroskopioz eginiko behaketengatik eta beste teknika aurreratuagoen erabilpenengatik, malaria pairatzen zuten pertsonen gorputzean bizkarroi baten presentzia zegoela baieztatu baitzen. Komunitate zientifikoaren guztizko onarpena jasotzean, 1907. urtean Laveran-i medikuntzaren Nobel saria eman zioten. 1894. urtean Patrick Manson fisikari ingelesak, eltxo-malaria teoria formulatu zuen; ordurarte uste zen, malariaren bizkarroia airearen bitartez hedatu eta transmititzen zela. Teoria berritzaile hori ikertzeko eta baieztatzeko helburuarekin Mansonen lagun eta ikertzailea zen Ronald Ross zirujau ingelesak Indiara jo zuen. Bertan zegoen lehen urtean, bizkarroiak eltxo batzuetan bizi zirela ikusi zuen eta handik denbora batera, eltxo hauek gaixotasunaren transmisioan zerikusia zutela konprobatu zuen hegaztien bitartez; eltxo gaixoek hegazti osasuntsuak ziztatu eta gaixotu egiten zituzten.

Garai berdintsuan, Giovanni Battista Grassi fisiko eta zoologo italiarrak aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuen, gizakietan gaixotasuna Anopheles generoko eltxo emeek transmitizen zutela ikusi baitzuen. Gaur egungo datuen eta ikerketen arabera, Anopheles generoko 70 espezie baino gehiagok transmititu diezaioke gizakiari P. falciparum bizkarroia[12].

Zientzialari hauek, Manson, Ross eta Grassi, egin zituzten ikerketa eta aurkikuntzengatik medikuntzaren alorrean Nobel saria lortzeko hautagai moduan izendatu zituzten 1902. urtean. Azkenean, Ronald Ross-i besterik ez zioten eman.

Plasmodium genero zuzenaren izena, 1885. urtean sortu zuten Ettore Marchiafava eta Angelo Celli fisikari italiarrek. Hala ere, Plasmodium falciparum espezie honen izena, William Henry Welch amerikarrak eman zion 1897. urtean. Azkenik, 1900. urtean, aurretik aipaturiko Grassi italiarrak, Plasmodium generoko espezien sailkapenak egin zuen, bizkarroiak berak sorturiko sukarra gizakiaren gorputzean egoten den denboraren arabera; P. vivax espezieak pare bat eguneko sukarra sortzen zuela zehaztu zuen, P. malariae 4 egun inguruko sukarra sortzen zuela eta azkenik larriena P. falciparum-ek astebete baino gehiago iraun dezakeen sukarra sortzen zuela zehaztu zuen.

Azkenik, 1954. urtean ICZN-k (International Commission on Zoological Nomenclature-k), Plasmodium falciparum-aren izena aprobatu zuen.

Eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun onartzen da P. falciparum, Afrikako mendebaldeko goriletan aurkitzen den Laverania-tik (tximuetan aurkitzen den Plasmodium azpigenero bat) eratorria dela. [13][14]Aniztasun genetikoak adierazten du giza-protozoo hau duela 10.000 urte inguru sortu zela.[15] P. falciparum-en ahaide hurbilena P. praefalciparum da, gorilen bizkarroi bat hain zuzen.[16][17][18]Bi ezpezie hauek estuki loturik daude txinpantzeen, P. reichenowi, bizkarroiarekin, zeina uste zuten P. falciparum- en ahaide hurbilena zela. P. falciparum hegaztien bizkarroi batetik sortua zela ere uste zuten, azkenean adostasun batera iritsi ziren arte.[19]

Polimorfismo genetikoaren maila oso baxua da P. falciparum-en genomaren barruan, tximuak infektatzen dituzten Plasmodium espezieekin alderatuz (P. praefalciparum, barne).[20][16]Honek aditzera ematen du P. falciparum-en jatorria gizakietan duela gutxikoa dela, P. falciparum-en andui bakar bat izan baita gizakiak kutsatzeko gai.[16] Plasmodium falciparum-en informazio genetikoa aztertuz, ondorioaztatu dute duela gutxi gertaturiko protozoo honen hedapena nekazaritzaren iraultzarekin bat datorrena. Liteena da nekazaritza estentsiboa garatzean eltxoen populazioaren dentsitateak gora egitea, ugalketa-txoko gehiago eman izanagatik, eta posible da honek eragitea P. falciparum-en bilakaera eta eboluzioa.[21]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genoma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1995an Malariaren Genoma Proiektua eratu zen P. falciparium-aren genomaren sekuentzia ezagutzeko. Bere mitokondriaren genoma 1995an argitaratu zen[22] eta 1998an bere nukleoaren lehenbiziko kromosoma batena, 2. kromosomarena hain zuzen. 3. kromosomaren sekuentzia 1999an azaldu zen eta genoma osoa 2002an otsailaren 3an[23]. Bere 24 megabasezko genoma Adeninan eta Timinan oso aberatsa da (gutxi gorabehera % 80) eta 14 kromosomatan antolatuta dago. Orain arte 5.300 gene deskribatu dira. Bariazio antigenikoetan parte-hartzen duten hainbat gene kromosomaren eskualde subtelomerikoan kokatuta daude. Hauek var, rif eta stevor familietan banatuta daude. Genoman, 59 var, 149 rif, eta 28 stevor gene existitzen dira, hainbat sasigene eta mozketekin batera. Ikertzaileen arabera nukleoak kodetzen duen proteinen % 10 apikoplastora zuzentzen dira eta proteomaren % 4,7 mitokondriora[23].

Eritrozitoak merozoitoez infektatuta

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikrobio honek ez du itxura bakarra, polimorfikoa baita eta morfologia ezberdinak hartzen ditu bere bizi-zikloan zehar.

Oro har, Plasmodium guztiek (gizakia ostalaritzat dutenak) bost fase garatzen dituzte gizakian: esporozoitoak, eskizonte hepatikoak, trofozoitoak, merozoitoak eta gametozitoak.

Eltxoetan hiru garapen-fase erakusten dituzte: oozinetoak, oozistoak eta esporozoitoak.

Odolean duen fasearen arabera, morfologia aldakorra da (gizakien kasuan):

  • Esporozoitoak: infektatutako eltxoak ziztada egiten duenean Plasmodium falciparum injektatzen du, esporozoito moduan. Esporozoitoak itxura fusiformea du, eta 10-15 μm-ko luzeera. Odoletik gibelera joaten da. Esporozoitoek hepatozitoen mintzeko hartzaileekin elkartzeko proteinak dituzte, eta gibelean eskizonte bihurtuko dira..
  • Eskizonteak: zelula amak dira asexualki ugaltzen direnak, pigmentu beltzen multzo bat ikus daiteke bere morfologian. Gibelean sortzen dira, esporozoitoetatik abiatuta. Itxura oboidea dute, 40-70 μm-ko diametroa duena.
  • Merozoitoak: Eskizonteak merozoite bihurtzen dira gero, gibelean. Merozoitoak eskizonte baino txikiagoak dira, 1,5 μm luze eta 1 μm-ko diametroa izanik. Merozoito horiek gibeletik irtetzen dira gero eta odolera pasa, bertan eritrozitoak infektatuz. Eritrozitoen barruan eraztun baten itxura hartzen dute. Merozoitoak ugaltzen dira, eta horietatik hiru zelula mota sor daitezke: merozoito gehiago, gametozitoek eta trofozoitoak. Proteina garrantzitsu batzuk dituzte: mintz apikaleko antigenoa (AMA1), merozoitoaren gainazaleko proteina (MSP1) eta eritrozitoei loturiko antigenoa (EBA). Roptria familiako zenbait proteina ere aurkitzen dira merozoitoaren puntan dagoen eta eritrozitora sartuko den erpinean, geruza bat eratuz.
  • Gametozitoak: bastoi itxura dute, mutur kurbadunekin. Luzeak dira, 8-12 μm-koak. Hauek dira eltxoak berriz infektatuko dituztenak: malariaren gaixo bati ziztada egiten diotenean, eltxoek odoleko gametozitoak hartzen dituzte, eta eltxoaren barruan gametozito horiek gameto arrak eta emeak sortuko dituzte. Eltxoaren digestio-aparatuan gameto horiek elkartuko dira, zigotoa sortuz. Zigoto hori gero esporozoito bihurtuko da, zikloa errepikatuz.
  • Trofozoitoak: zitoplasma sendoa da eta pigmentu ilun batzuk ikus daitezke.

Bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plasmodium falciparum-aren bizi zikloa
Infektatutako odolaren emaitza zentrifugatu ostean.

Gizakietan infekzioa, Anopheles generoko eltxo emeak pertsona bat ziztatzerakoan hasiko da (jakinik 460 espezietatik 70ek sortzen dutela malaria gaixotasuna). Anopheles gambiae espeziea da ezagunenetarikoa eta Afrikan kalte handienak ekartzen dituena. Gizakiaren odola xurgatzen ari den bitartean, hau da, elikatzen dabilen bitartean, eltxoak, esporozitoak listu guruinetatik proboszidera bideratuko ditu eta proboszidearen bitartez gizakiaren barnera sartuko ditu.

Eltxoaren listuak, antikoagulatzaile- eta antiinflamatorio-entzimak dauzka, modu honetan ziztada jasotzean, gizakiaren gorputzean ez dira odol-koaguluak ezta erreakzio mingarriak sortzen.

Normalean, ziztada bakoitzean, 20-200 esporozoito [24] barneratzen dira; gizakiaren sistema inmunologikoak 30 minutu inguru behar izaten ditu esporozitoak deuzestatzeko, baina, gutxi batzuek “ihes egiten” dute eta berehala gibeleko zelulak, hepatozitoak, inbaditzen dituzte[25]. Ziztadatik ordubetera esporozoitoak gibelera iristen dira [26].

Hepatozitoetara sartzera doanean, konplexu apikala eta KOAT gainazala galtzen du. Mikrobio parasitoak behin barruan egonda gibeleko eskizogonia prozesua pairatuko du; hepatozitoetan mikrobioa ugalketa asexualaren bidez eskizonteak sortzen ditu (13-14 mitosi eta meiosi pairatuko ditu, azken emaitza eskizonte sinzitial zelulak izango direlarik). Eskizonte bakoitzaren gainazaletik 16-18  zelula alaba txikiagoak aterako dira, merozoito izena hartuko duten zelulak izango direnak.

Guztira, gibeleko fase honetan, 90.000 merozoito sor daitezke,[27] gerora merosoma izeneko besikuletan odolera igorriak izango direnak.[28]

Gibeleko zelulak apurtzen direnean merozoito horiek guztiak odolera pasatzen dira. Behin merozoitoak odolean daudela, organulu inbaditzaile batzuk erabiltzen dituzte odoleko eritrozitoak ezagutzeko eta ondoren sartu eta ostalari moduan erabiltzeko. Eritrozitoaren barruan dagoela, bakuola bat sortzen du, ostalariaren barnean dagoen bitartean garapen zuzena izan dezan[29]. Momentu honetan, bizkarroia hemoglobinaren degradazioz elikatzen da. Eritrozitoak inbaditu ondoren, bakuola honen barnean inbasiorako egiturak (KOAT gainazala eta konplexu apikala) galtzen dituzte trofozoito bihurtuz.Trofozoito hau hazi ondoren ezkizonte bilakatuko da.

Eskizonte-fasean dagoenean DNAren bikoizketa asko gertatzen dira. Eskizonte bakoitzetik 16-18 merozoito sortzen dira. Merozoito hauek odolaren eritrozitoak apurtzen dituzte, eritrozito berriak inbadituz. Infekzio-fase hau oso koordinatuta gertatzen da, horrenbestez, odolean dauden bizkarroi guztiek odoleko globulu gorriei aldi berean kalte egiten diete. Odoleko fase hau ematen ari den bitartean, gaixoak malariaren sintomak (sukarra, anemia, desorden neurologikoak..) pairatzen hasiko den momentua izango da.

Eritrozito kaltetuak, odolaren bitartez gorputzeko leku askotara zabal daitezke eta bertan isolaturik geratu. Garunera zabalduz gero, garuneko malaria sortzen da, gaixotasunak hartu dezakeen biderik arriskutsu eta serioena bilakatzen dena eta hilkortasun-probabilitate altua duena.

Eskizonte batzuek zenbait forma sexualetan desberdintzen dira, ar eta eme gametozitoak. Gametozito hauek 7-15 egun behar dute heldutasuna lortzeko, gametozitogenesiaren ondorioz. Anopheles eltxoek gaitza duen pertsona bati hozka egiten dionean, gametozitoak irensten ditu[30].

Inkubazio epean agertzen dira infekzioaren sintomak, Plasmodium generoaren artean P. falciparium-arena denboraldi motzena da. Inkubazio-denboraldi ohikoena 11 egunekoa da[31], baina 9-30 egun tartekoa ere izan daiteke. Kasu isolatuetan, denboraldia 2, 3 edo 8 urteetara luzatu egin da[32]. Haurdunaldia eta GIB-arekiko koinfekzioak baldintza garrantzitsuak dira sintomen atzerapenentzako[33]. Bizkarroiak odol-testekin aurki daitezke infekziotik 10 egun pasa direnean[31]. Gibeleko fasean Plasmodium falciparum-ek ez du malariaren sintomak eragiten (inkubazio epea da), baina odolera pasatzen denean eta eritrozitoak apurtzen dituenean malariaren sukar erasoak agertzen dira.

Eltxoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eltxoaren hesteen barruan, gameto emeak heltze-prozesuan zenbait aldaketa morfologikoak jasaten ditu, handiago eta borobilago bihurtzen. Gametozito arrak nukleoaren zatiketa azkar bat jasaten du 15 minutuetan, zortzi mikrogameto flagelodun sortzen (exflagelazio izeneko prozesua)[34]. Mikrogameto flagelodunak makrogameto emea ernaldu egiten du zigoto diploidea eratzeko. Zigotoa garatzen da oozineto bihurtzen. Oozinetoa zelula mugikorra da eta eltxoaren beste organoak inbaditzeko ahalmena du. Eltxoaren hestearen mintz peritropikoa zeharkatzen du eta epitelioa gurutzatzen du. Hau egin eta gero lamina basalean sartzen da. Oozisto mugigabe bihurtzen da eta bertan kokatzen da. Hainbat egunetan, oozistoa 10 alditan zatitzen da esporoblastoa eratzeko, ehunaka nukleo izanik. Meiosia gauzatzen da 3000 zelula kume haploide, esporozitoak, sortzeko[35]. Esporozito heldugabeak oozistoaren mintza zeharkatzen dute hemolinfera. Eltxoaren listu guruinetara migratzen dira non gehiago garatzen dira, gizaki berri bat infektatzeko eta infekzio ziklo berri bat osatzeko prest egonik [36].

Patogenizitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plasmodium falciparum-ek sorturiko sintomak, eskizonteen apurketatik eta eritrozitoen suntsiketaren ondorioz gertatzen dira. Gaixo gehienek sukarra (>% 92), anemia (% 90), hotzeria (% 79), buruko minak (% 70) eta izerdi-prozesua (% 64) jasaten dituzte. Baina zorabioak, ondoezak, muskuluetako mina, sabeleko mina, goragaleak, gorakoak eta beherakoak ere gaixotasun honekin lotzen dira.[37]

Bihotz-taupaden maiztasun altua, ikterizia, zurbiltasuna, gibelaren hantura eta barearen hantura ere diagnostikatu dira.

Gaixoaren globulu gorriak modu sinkronizatuan suntsitzen dira, merozoito ugari aldi berean askatzen direnean. Hori, normalean, 48 ordutik behin gertatzen da, eta horrek hotzikarak, sukar handia eta izerdia eragiten dizkio gaixoari. Malariaren "sukar eraso" beldurgarriak dira.

P. falciparum-ek bahiketa bidez egiten du lan, beste Plasmodiae batzuekin partekatzen ez duen berezitasun bat. Eskizonte helduek eritrozito infektatuen gainazalaren ezaugarriak aldatzen dituzte, modu honetan odol-hodiei atxikitzen zaizkie. Honek mikrozirkulazioa eragozten du eta ondorioz organo batzuen disfuntzioa eragin, garunarena esaterako malaria zerebralean (garuneko kaltea da malariaren ondorio larrienetako bat).[38]

P. falciparum da malariak eragindako giza-gaixotasun eta heriotza larri gehienen arduraduna, malaria larri edo nahasi izeneko egoeran dagoenean. Malaria larri hau maiztasun gehiagorekin aurkitzen da bost urtetik beherako umeetan,[31] eta haurdun dauden emakumeetan (haurdunaldiari loturiko malaria deitua).[39]

Emakumeek lehen haurdunaldian malaria larriak jasateko sentikortasun handiagoa dute, gainerako haurdunaldietan ez dira hain sentikorrak antigorputzak ekoizten dituztelako.[40]

Baina amaren immunitatea handitzeak jaioberrien malariarekiko sentikortasuna handitzen du.[39]

Immune-sistemarekiko interakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erantzun immunologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anopheles generoko eltxo batek, P.falciparum-en ehunka esporozoito transmititu ditzake ziztada batekin baldintza esperimentaletan. Naturan ordea, 80 baina gutxiago izaten dira.[41] Esporozoitoak ez dira zuzenean odolera sartzen, larruazalean txertaturik gelditzen dira hasieran, bi edo hiru orduz. Hauetatik % 15-20 soilik igaroko dira odolera, non zelula dendritikoek aktibatzen dituzten eta hauek, era berean, T linfozitoekin gauza bera egiten dute (CD8+ T zelulak), azken hauek mikrobio bizkarroiak suntsi ditzaten. Larruazalean geratzen diren gainerako esporozoito gehienak sortzetiko sistema immuneak, kate-erreakzio baten bidez, zeinean fagozito batzuek (neutrofiloek eta makrofagoek) parte hartzen duten, hilko ditu.

Odolera sarturiko esporozoito gutxi batzuk (% 0,5-5) gibelera joaten dira. Fase honetatik aurrera, bizkarroiak hainbat proteina ekoizten ditu, immunitate-sistemako zelulen komunikazioa eragotziko dutenak [42]. Modu honetan seinale immuneak ez dira nahiko indartsuak izango makrofagoak aktibatzeko.

Sistema immunearen sahiestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

P.falciparum odolean dagoenean gizakien immunitate-sistemak erraz detektatzen badu ere, erantzun immunea sahiesten du mintzeko 2.000 antigeno baino gehiago ekoiztuz.[43] Esporozoitoak hasierako etapan, proteina bat ekoizten dute (CSP), hepatozitoekin elkartuko dena.[44] Bestalde,esporozoitoak TRAP proteina erabiltzen du hepatozitoei lotzeko eta beraien barnean sartzeko eta mugitzeko. Horrela immunitate-sistemaren zeluletatik ihes egitea lortzen du.

Eritrozitoen inbasioan zehar, merozoitoek, mintzeko antigeno apikala (AMA1), eritrozitoei loturiko antigenoa (EBA), merozoito cap proteina 1 (MCP1), miosinari loturiko proteina (MTIP) eta merozoitoko gainazaleko proteinak (MSPs) askatzen dituzte immunitate-sistemaren ezagutzea saihesten dutenak.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malariaren diagnostiko klinikoa baieztatzeko protozoo bizkarroia (Plasmodium falciparum edo beste Plasmodium bat) antzeman behar da gaixoaren odolean. Hori egin zuen lehenengo aldiz Charles Laveranek 1880an, eta geroztik diagnostikoaren funtsa ez da gehiegi aldatu. Kontuan hartu behar da zaila dela protozoo bizkarroia gaur-gaurkoz laborategian kultibatzea, beraz odolaren behaketa mikroskopikoa da prozedurarik onena bere presentzia antzemateko. Odol-frotisak erabiltzen dira horretarako, Giemsa tindaketa aplikatuz. Eritrozitoen itxura aztertzen da, bereziki, barnean merozoitoak edo trofozoitoak dauden ikusteko [45] [46]. Gametozoitoak ere ikusgari daude sarritan (ikusi artikuluaren goiko aldean, eskuinean, dagoen argazkia: bi gametozoito agertzen dira odol-frotisean, eritrozitoen artean).

Beste prozedura batzuek PCR edo teknika serologikoak erabiltzen dituzte bizkarroi parasitoa antzemateko gaixoaren odolean edo listuan [47]

Banaketa eta epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transmisiorako tenperatura egokiaren mapa urtaroen arabera.

P.falciparum kontinente guztietan aurkitu dezakegu Europan izan ezik. MOE-k 2018an argitaraturiko txostenaren arabera  2016-an 216 milioi pertsonak pairatu zuten malaria eta 2017-an berriz kopuruak gora egin zuen 219 milioi gaixorekin. Guztira 435,000 pertsona hil ziren urte horretan gaixotasun hau dela eta.

Malariaren eraginez gertaturiko heriotzen % 92 Afrikan kokatzen dira, Afrika baita infekzio hau harrapatzeko probabilitate gehien dituen kontinentea, eta bost urtetik beherako haurrak dira kaltetuenak, heriotza hauen % 62 talde honetakoak baitira.

Infektatuen % 80 Afrikako Saharatik hegoaldera topatzen ditugu, % 7 Asiako hego-mendebaldean  eta % 2 mediterraneo-ekialdean.

Nigeriak du intzidentzia handiena mundu mailako kasuen % 27 biltzen duelarik. Afrikatik kanpo berriz Indiak du intzidentzia handiena, munduko kasu guztien % 4,5 bertan gertatzen direlako.[48] Historikoki bizkarroi hau eta bere gaixotasuna oso ezagunak izan ziren Europan, nahiz eta gaur egun Europa malariarik gabeko eskualdetzat kontsideratzen den. Hau XX.mende hasieran abian jarri ziren hainbat programen ondorioz, esaterako, intsektizida bidezko fumigazioak, sendagai bidezko terapiak eta ingurumen-ingeniaritzak, guztiz deuseztatzea lortu zuten 1970eko hamarkadarako.[49] Gaur egun estimatzen da 2.400 milioi pertsona daudela infekzio-arrisku iraunkorrean.[50]

Gurean atzerritik ekarritako kasuak gero eta ohikoagoak dira, turisten eta etorkinen artean. Ekarritako malariaren kasu gehienen atzean Plasmodium falciparum dago, eta sarritan klorokinarekiko andui erresistenteak dira [51]

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1640. urtean Huan del Vego zientzialariak Kinkina landare-generoaren barruan sartzen diren espezie konkretu batzuen azala erabiltzen hasi zen malaria gaixotasuna sendatzeko helburuarekin, aurretik, Ekuadorreko eta Peruko indiar natiboek sukar desberdinak tratatzeko erabiltzen zuten teknika berdina mantenduz. Aurrerago, 1820. urtean Pelletier eta Caventour zientzialari frantsesek, aurrera pausu handi bat eman zuten, Kinkina landareetan malariaren kontra zerk eragiten zuen aurkitu baitzuten; kinina alkaloideak hain zuzen ere. Horrenbestez, erauzketak egiteari ekin zieten, gaixotasunaren kontrako eraginkortasuna emendatuz.

1891. urtean, malariaren aurkako medikamentu sintetikoak ekoizten saiatzen hasi ziren mundu osoan zehar. Ezaguna izan zen lehen medikamentua, Atabrine izan zen, 1933. urtean ezagutarazi zena II. Mundu Gerran, baina, ez zuen arrakasta handirik eduki, sortzen zituen kontrako efektu kaltegarriak zirela eta. Handik aurrera, zenbait saiakera egin zituzten medikamentu artifizial eta eraginkor bat aurkitzeko helburuarekin, baina gehienak, baztertuak izan ziren (sortzen zituzten zeharkako kalteengatik) 1970. hamarkadara iritsi arte; garai honetan, Tu Youyou txinatarrak artemisinin droga aurkitu zuen malariaren aurka erabiltzeko. Aurkikuntza oso garrantzitsutzat hartzen da, mundu mailan txertoetan integraturik estandarizatzea lortu baita P. falciparumek sorturiko malariaren aurkako nolabaiteko irtenbide moduan. Aurkikuntza honengatik 2015. urtean medikuntza alorreko Nobel Saria jaso zuen txinatar zientzialariak.[52]

Klorokina botika, beste Plasmodium batzuen aurka oso eraginkorra dena (Plasmodium vivax, Plasmodium malariae...) ez da Plasmodium falciparum aurka erabiltzen, mikrobioak botika horrekiko erresistentzia garatu duelako.[53]

Primakina (klorokinaren talde bereko botika) P. falciparumen infekzioaren aurkako profilaxian erabiltzen da, eraginkortasun handiz. Botika honek, baina, hainbat albo-ondorio kaltegarri sor ditzake gizabanako batzuengan.[54] [55]

Aurreprebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel E. Patarroyo

Gaur egun, RTS,S txertoa hartzen da (SPf 66 ere deitua), txerto efizienteena dela konsideratzen baita, baina, hala ere, 2011-2016 urte bitarteetan eginiko ikerketa batzuek adierazi dute txerto horrekin gizakia ez dagoela guztiz babesturik (saio klinikoetan % 20-40 bitarteko babesa besterik ez du ematen txertoak [56]) eta hortaz oraindik ere malariaren guztizko deuseztapenerako pausu batzuk eman beharko direla. Txertoak peptido batzuk erabiltzen ditu, esporozoito eta merozoitoen antigenoekin antz handia dutenak. Halere, mikrobio patogenoak antigeno horiek sarritan aldatzen ditu, eta horrek asko mugatzen du txertoaren eraginkortasuna [57].

Malariaren aurkako txertoen eta ikerketan Manuel E. Patarroyo mediku kolonbiarra garrantzi handiko pertsona izan da. Bera izan zen 1988.urtean malariaren aurkako lehen txerto sintetiko eraginkorra aurkitu zuena, emaitza positiboak lortuz. Hala ere, beranduago, Munduko Osasun Erakundeak zenbait froga klinikoren ostean inaktibotzat katalogatu zuen Patarroyoren txertoa.

Oso zaila da behin betiko txerto bat garatzea, Plasmodium falciparum-ak etengabe ostalaria berriz kutsatzeko egokitu da[58] txerto gehienei erresistentzia garatzen duelako. Proba kliniko gehienek bizkarroiaren bizi-zikloaren lehenengo etapetan zentratzen dira, Plasmodium-aren esporozitoan, eltxoetatik gizakietara transmititzen dena hain zuzen ere. Txertoak eragindako erantzun immunea gibelera doan esporozitoa hiltzea lortzen bada ez zen odol-faseko infekziorik egongo ezta gametozitoen produkziorik[59].

Nahiz eta malariaren txertoaren mundu osoko beharra gaur egungo manufaktura-metodoekin bete daitekeen, berrikuntzek hedapena erraztu eta ondasunen kostua murritz dezakete[59].

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mikrobioak eta minbizia»

Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC, ingelesez) baieztatu du Plasmodium falciparum eragile kartzinogenoa dela, 2A taldekoa [60], eta linfoma mota batekin lotu du (Burkitten linfoma). Ez da linfoma hori eragiten duen mikrobio bakarra (Epstein-Barr birusak ere garrantzi handia baitu Burkitten linfomaren agerpenean), baina bi mikrobio horien ko-infekzioak, antza, gaitz hori pairatzeko probabilitatea nabarmen areagotzen du

Anemia faltziformea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «anemia faltziforme»

Anemia faltziforme eritrozitoen itxura deformatzen duen gaixotasun hematologikoa da, oinarri genetikoa duena. Anemia mota honetan hemoglobinaren egitura molekularra ezohikoa da, β kate polipeptidikoetan aminoazido bat aldatuta dagoelako (glutamina egon beharrean balina baitago).

Hemoglobinaren aldaketa molekular horrek eritrozitoen desitxuratzea dakar: globulu gorriak ez dira biribilak, luzeak baizik, eta igitaiaren itxura hartu ohi dute (hortik gaitzaren izena). Hemoglobina eta eritrozito ezohiko horiek gaitzaren arazoak eragiten dituzte: odolean oxigenoaren garraioa okertzen da, odol-zirkulazioa ere bai (odol-hodiak buxatu egiten dira), anemia azaltzen da (eritrozito faltziformeek bizitza laburragoa dutelako), etab.

Gaitz honek oinarri genetikoa dauka: hemoglobinaren β katearen sintesia kodetzen duen genea okerra da (HbS), eta gene normalaren aldean (HbA) azpirakorra.

Anemia faltziformearen transmisio genetikoa.

Hiru dira hemoglobinaren genotipoak:

  • HbA HbA (genotipo normala)
  • HbA HbS (genotipo heterozigotoa)
  • HbS HbS (anemia faltziformearen genotipoa)

Azpirakorra izanik, HbS geneak ez du gaitzik sortuko gizabanako heterozigotoetan (HbA HbS), soilik homozigito azpirakorrengan (HbS HbS).

Gaitza Mendelen legeen arabera transmititzen da.

Anemia faltziforme dutenek (HbS HbS) osasun-arazo asko sufritzen dituzte, eta tratatu ezean hiltzen dira. HbS genea, horrenbestez, kaltegarria da. Baina ez beti, malariari dagokionez genotipo heterozigotoa dutenak (HbA HbS) erresistentzia handiagoa dutelako Plasmodium patogenoekiko, eta malaria endemikoa den lekuetan genotipo hori oso hedatuta dago [57]. Genetistek uste dute malariaren kontra ematen duen babesak azaltzen duela afrikarren artean genotipo heterozigotoa (HbA HbS) oso hedatua egotea.

Antza, genotipo horrek (eta baita anemia faltziformearenak ere) aldaketa batzuk eragiten ditu eritrozitoen azalean, eta ondorioz Plasmodium falciparum-en merozoitoek ezin dute eritrozotioei atxiki. Modu horretan aipatutako genotipoa duten gizabanakoek infekzioa saihesten dute [61]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Rich, S. M.; Leendertz, F. H.; Xu, G.; LeBreton, M.; Djoko, C. F.; Aminake, M. N.; Takang, E. E.; Diffo, J. L. D. et al.. (2009-09-01). «The origin of malignant malaria» Proceedings of the National Academy of Sciences 106 (35): 14902–14907.  doi:10.1073/pnas.0907740106. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  2. (Ingelesez) Perkins, Douglas J.; Were, Tom; Davenport, Gregory C.; Kempaiah, Prakasha; Hittner, James B.; Ong'echa, John Michael. (2011). «Severe Malarial Anemia: Innate Immunity and Pathogenesis» International Journal of Biological Sciences 7 (9): 14271442.  doi:10.7150/ijbs.7.1427. ISSN 1449-2288. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  3. Perlmann, P.; Troye-Blomberg, M.. (2000). «Malaria blood-stage infection and its control by the immune system» Folia Biologica 46 (6): 210–218. ISSN 0015-5500. PMID 11140853. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  4. S., Roberts, Larry. (2006). Gerald D. Schmidt & Larry S. Roberts' foundations of parasitology. McGraw Hill ISBN 0071252517. PMC 968520668. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  5. (Ingelesez) «Out of Africa: origins and evolution of the human malaria parasites Plasmodium falciparum and Plasmodium vivax» International Journal for Parasitology 47 (2-3): 87–97. 2017-02-01  doi:10.1016/j.ijpara.2016.05.008. ISSN 0020-7519. PMID 27381764. PMC PMC5205579. (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  6. a b World malaria report 2018. ISBN 9789241565653. PMC 1088512397. (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  7. (Ingelesez) Baron, Christopher; Hamlin, Christopher. (2015-12-01). «Malaria and the Decline of Ancient Greece: Revisiting the Jones Hypothesis in an Era of Interdisciplinarity» Minerva 53 (4): 327–358.  doi:10.1007/s11024-015-9280-7. ISSN 1573-1871. (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  8. Hempelmann, Ernst; Krafts, Kristine. (2013-07-09). «Bad air, amulets and mosquitoes: 2,000 years of changing perspectives on malaria» Malaria Journal 12 (1): 232.  doi:10.1186/1475-2875-12-232. ISSN 1475-2875. PMID 23835014. PMC PMC3723432. (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  9. (Ingelesez) «Paleopathology and Paleomicrobiology of Malaria» Microbiology Spectrum  doi:10.1128/microbiolspec.poh-0006-2015. (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  10. a b «Wayback Machine» web.archive.org 2014-04-27 (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  11. Cox, Francis EG. (2010-02-01). «History of the discovery of the malaria parasites and their vectors» Parasites & Vectors 3 (1): 5.  doi:10.1186/1756-3305-3-5. ISSN 1756-3305. PMID 20205846. PMC PMC2825508. (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  12. (Ingelesez) Molina-Cruz, Alvaro; Zilversmit, Martine M.; Neafsey, Daniel E.; Hartl, Daniel L.; Barillas-Mury, Carolina. (2016-11-23). «Mosquito Vectors and the Globalization of Plasmodium falciparum Malaria» Annual Review of Genetics 50 (1): 447–465.  doi:10.1146/annurev-genet-120215-035211. ISSN 0066-4197. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  13. (Ingelesez) Liu, Weimin; Li, Yingying; Learn, Gerald H.; Rudicell, Rebecca S.; Robertson, Joel D.; Keele, Brandon F.; Ndjango, Jean-Bosco N.; Sanz, Crickette M. et al.. (2010-9). «Origin of the human malaria parasite Plasmodium falciparum in gorillas» Nature 467 (7314): 420–425.  doi:10.1038/nature09442. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  14. (Ingelesez) Holmes, Edward C.. (2010-9). «The gorilla connection: Malaria» Nature 467 (7314): 404–405.  doi:10.1038/467404a. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  15. (Ingelesez) Loy, Dorothy E.; Liu, Weimin; Li, Yingying; Learn, Gerald H.; Plenderleith, Lindsey J.; Sundararaman, Sesh A.; Sharp, Paul M.; Hahn, Beatrice H.. (2017-2). «Out of Africa: origins and evolution of the human malaria parasites Plasmodium falciparum and Plasmodium vivax» International Journal for Parasitology 47 (2-3): 87–97.  doi:10.1016/j.ijpara.2016.05.008. PMID 27381764. PMC PMC5205579. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  16. a b c (Ingelesez) Liu, Weimin; Li, Yingying; Learn, Gerald H.; Rudicell, Rebecca S.; Robertson, Joel D.; Keele, Brandon F.; Ndjango, Jean-Bosco N.; Sanz, Crickette M. et al.. (2010-9). «Origin of the human malaria parasite Plasmodium falciparum in gorillas» Nature 467 (7314): 420–425.  doi:10.1038/nature09442. ISSN 0028-0836. PMID 20864995. PMC PMC2997044. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  17. (Ingelesez) Duval, L.; Fourment, M.; Nerrienet, E.; Rousset, D.; Sadeuh, S. A.; Goodman, S. M.; Andriaholinirina, N. V.; Randrianarivelojosia, M. et al.. (2010-06-08). «African apes as reservoirs of Plasmodium falciparum and the origin and diversification of the Laverania subgenus» Proceedings of the National Academy of Sciences 107 (23): 10561–10566.  doi:10.1073/pnas.1005435107. ISSN 0027-8424. PMID 20498054. PMC PMC2890828. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  18. (Ingelesez) Rayner, Julian C.; Liu, Weimin; Peeters, Martine; Sharp, Paul M.; Hahn, Beatrice H.. (2011-5). «A plethora of Plasmodium species in wild apes: a source of human infection?» Trends in Parasitology 27 (5): 222–229.  doi:10.1016/j.pt.2011.01.006. PMID 21354860. PMC PMC3087880. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  19. (Ingelesez) Rathore, Dharmendar; Wahl, Allison M; Sullivan, Margery; McCutchan, Thomas F. (2001-4). «A phylogenetic comparison of gene trees constructed from plastid, mitochondrial and genomic DNA of Plasmodium species» Molecular and Biochemical Parasitology 114 (1): 89–94.  doi:10.1016/S0166-6851(01)00241-9. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  20. (Ingelesez) Hartl, Daniel L.. (2004-1). «The origin of malaria: mixed messages from genetic diversity» Nature Reviews Microbiology 2 (1): 15–22.  doi:10.1038/nrmicro795. ISSN 1740-1526. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  21. (Ingelesez) Hume, Jennifer C.C.; Lyons, Emily J.; Day, Karen P.. (2003-3). «Human migration, mosquitoes and the evolution of Plasmodium falciparum» Trends in Parasitology 19 (3): 144–149.  doi:10.1016/S1471-4922(03)00008-4. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  22. (Ingelesez) Wilson, (Iain) R.J.M.; Denny, Paul W.; Preiser, Peter R.; Rangachari, Kaveri; Roberts, Kate; Roy, Anjana; Whyte, Andrea; Strath, Malcolm et al.. (1996-8). «Complete Gene Map of the Plastid-like DNA of the Malaria ParasitePlasmodium falciparum» Journal of Molecular Biology 261 (2): 155–172.  doi:10.1006/jmbi.1996.0449. (Noiz kontsultatua: 2019-03-02).
  23. a b (Ingelesez) Gardner, Malcolm J.; Hall, Neil; Fung, Eula; White, Owen; Berriman, Matthew; Hyman, Richard W.; Carlton, Jane M.; Pain, Arnab et al.. (2002-10). «Genome sequence of the human malaria parasite Plasmodium falciparum» Nature 419 (6906): 498–511.  doi:10.1038/nature01097. ISSN 0028-0836. PMID 12368864. PMC PMC3836256. (Noiz kontsultatua: 2019-03-02).
  24. Garcia, J. E.; Puentes, A.; Patarroyo, M. E.. (2006-10-01). «Developmental Biology of Sporozoite-Host Interactions in Plasmodium falciparum Malaria: Implications for Vaccine Design» Clinical Microbiology Reviews 19 (4): 686–707.  doi:10.1128/cmr.00063-05. ISSN 0893-8512. (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  25. Gerald, Noel Mahajan, Babita Kumar, Sanjai. Mitosis in the Human Malaria Parasite Plasmodium falciparum ▿. American Society for Microbiology PMC 812805752. (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  26. Ingraham, J. Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología Vol. II Ed. Reverté (1998) 694 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  27. Vaughan, Ashley M.; Kappe, Stefan H.I.. (2017-02-27). «Malaria Parasite Liver Infection and Exoerythrocytic Biology» Cold Spring Harbor Perspectives in Medicine 7 (6): a025486.  doi:10.1101/cshperspect.a025486. ISSN 2157-1422. (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  28. Sturm, A.. (2006-09-01). «Manipulation of Host Hepatocytes by the Malaria Parasite for Delivery into Liver Sinusoids» Science 313 (5791): 1287–1290.  doi:10.1126/science.1129720. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  29. Cowman, Alan F.; Crabb, Brendan S.. (2006-02). «Invasion of Red Blood Cells by Malaria Parasites» Cell 124 (4): 755–766.  doi:10.1016/j.cell.2006.02.006. ISSN 0092-8674. (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  30. Talman, Arthur M.; Domarle, Olivier; McKenzie, F. Ellis; Ariey, Frédéric; Robert, Vincent. (2004-07-14). «Gametocytogenesis : the puberty of Plasmodium falciparum» Malaria Journal 3 (1): 24.  doi:10.1186/1475-2875-3-24. ISSN 1475-2875. PMID 15253774. PMC PMC497046. (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  31. a b c Trampuz, Andrej; Jereb, Matjaz; Muzlovic, Igor; Prabhu, Rajesh M.. (2003-04-14). «Clinical review: Severe malaria» Critical Care 7 (4): 315.  doi:10.1186/cc2183. ISSN 1364-8535. PMID 12930555. PMC PMC270697. (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  32. Bartoloni, Alessandro; Zammarchi, Lorenzo. (2012-05-04). «CLINICAL ASPECTS OF UNCOMPLICATED AND SEVERE MALARIA» Mediterranean Journal of Hematology and Infectious Diseases 4 (1): e2012026.  doi:10.4084/mjhid.2012.026. ISSN 2035-3006. PMID 22708041. PMC PMC3375727. (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  33. D’Ortenzio, Eric; Godineau, Nadine; Fontanet, Arnaud; Houze, Sandrine; Bouchaud, Olivier; Matheron, Sophie; Le Bras, Jacques. (2008-2). «Prolonged Plasmodium falciparum Infection in Immigrants, Paris» Emerging Infectious Diseases 14 (2): 323–326.  doi:10.3201/eid1402.061475. ISSN 1080-6040. PMID 18258132. PMC PMC2600192. (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  34. (Ingelesez) «Gametocyte and gamete development in Plasmodium falciparum» Proceedings of the Royal Society of London. Series B. Biological Sciences 201 (1145): 375–399. 1978-06-05  doi:10.1098/rspb.1978.0051. ISSN 2053-9193. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  35. (Ingelesez) Rungsiwongse, Jarasporn; Rosenberg, Ronald. (1991-11-01). «The Number of Sporozoites Produced by Individual Malaria Oocysts» The American Journal of Tropical Medicine and Hygiene 45 (5): 574–577.  doi:10.4269/ajtmh.1991.45.574. ISSN 0002-9637. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  36. (Ingelesez) Gerald, Noel; Mahajan, Babita; Kumar, Sanjai. (2011-4). «Mitosis in the Human Malaria Parasite Plasmodium falciparum» Eukaryotic Cell 10 (4): 474–482.  doi:10.1128/EC.00314-10. ISSN 1535-9778. PMID 21317311. PMC PMC3127633. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  37. Trampuz, Andrej; Jereb, Matjaz; Muzlovic, Igor; Prabhu, Rajesh M.. (2003-04-14). «Clinical review: Severe malaria» Critical Care 7 (4): 315.  doi:10.1186/cc2183. ISSN 1364-8535. PMID 12930555. PMC PMC270697. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  38. Dondorp, Arjen M.; Pongponratn, Emsri; White, Nicholas J.. (2004-2). «Reduced microcirculatory flow in severe falciparum malaria: pathophysiology and electron-microscopic pathology» Acta Tropica 89 (3): 309–317. ISSN 0001-706X. PMID 14744557. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  39. a b (Ingelesez) Moya-Alvarez, Violeta; Abellana, Rosa; Cot, Michel. (2014-12). «Pregnancy-associated malaria and malaria in infants: an old problem with present consequences» Malaria Journal 13 (1)  doi:10.1186/1475-2875-13-271. ISSN 1475-2875. PMID 25015559. PMC PMC4113781. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  40. (Ingelesez) Kourtis, Athena P.; Read, Jennifer S.; Jamieson, Denise J.. (2014-06-05). «Pregnancy and Infection» New England Journal of Medicine 370 (23): 2211–2218.  doi:10.1056/NEJMra1213566. ISSN 0028-4793. PMID 24897084. PMC PMC4459512. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  41. (Ingelesez) Beier, John C.; Onyango, Fred K.; Koros, Joseph K.; Ramadhan, Mutalib; Ogwang, Rose; Wirtz, Robert A.; Koech, Davy K.; Roberts, Clifford R.. (1991-1). «Quantitation of malaria sporozoites transmitted in vitro during salivation by wild Afrotropical Anopheles» Medical and Veterinary Entomology 5 (1): 71–79.  doi:10.1111/j.1365-2915.1991.tb00523.x. ISSN 0269-283X. (Noiz kontsultatua: 2019-04-25).
  42. Gomes, Pollyanna S.; Bhardwaj, Jyoti; Rivera-Correa, Juan; Freire-De-Lima, Celio G.; Morrot, Alexandre (2016) Immune Escape Strategies of Malaria Parasites Frontiers in Microbiology
  43. (Ingelesez) Florens, Laurence; Washburn, Michael P.; Raine, J. Dale; Anthony, Robert M.; Grainger, Munira; Haynes, J. David; Moch, J. Kathleen; Muster, Nemone et al.. (2002-10). «A proteomic view of the Plasmodium falciparum life cycle» Nature 419 (6906): 520–526.  doi:10.1038/nature01107. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-04-25).
  44. (Ingelesez) Cerami, Carla; Frevert, Ute; Sinnis, Photini; Takacs, Bela; Clavijo, Pedro; Santos, Manuel J.; Nussenzweig, Victor. (1992-9). «The basolateral domain of the hepatocyte plasma membrane bears receptors for the circumsporozoite protein of plasmodium falciparum sporozoites» Cell 70 (6): 1021–1033.  doi:10.1016/0092-8674(92)90251-7. (Noiz kontsultatua: 2019-04-25).
  45. CDC [https://www.cdc.gov/dpdx/resources/pdf/benchAids/malaria/Malaria_Comparison_p1-2.pdf Comparison of the Plasmodium Species Which Cause Human Malaria] DPDx. Malaria, 2016
  46. Ortiz-Ruiz A, Postigo M, Gil-Casanova S, Cuadrado D, et al Plasmodium species diferentiation by non‑expert on‑line volunteers for remote malaria feld diagnosis Malar J, 2018ko urtarrila 30; 17 (1), 54 orr.
  47. CDC Malaria DPDx-Laboratory Identification of Parasitic Diseases of Public Health Concern, 2016ko maiatzaren 3an
  48. World malaria report 2017.. ISBN 9789241565523. PMC 1028745520. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  49. (Ingelesez) Piperaki, E.T.; Daikos, G.L.. (2016-6). «Malaria in Europe: emerging threat or minor nuisance?» Clinical Microbiology and Infection 22 (6): 487–493.  doi:10.1016/j.cmi.2016.04.023. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  50. (Ingelesez) Bousema, T.; Drakeley, C.. (2011-04-01). «Epidemiology and Infectivity of Plasmodium falciparum and Plasmodium vivax Gametocytes in Relation to Malaria Control and Elimination» Clinical Microbiology Reviews 24 (2): 377–410.  doi:10.1128/CMR.00051-10. ISSN 0893-8512. PMID 21482730. PMC PMC3122489. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  51. Basaras, M., Umaran, A.: Mikrobiologia medikoa EHUak argitaratuta (2007), 352 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  52. Su, Xin-Zhuan; Miller, Louis H. (2015) The discovery of artemisinin and Nobel Prize in Physiology or Medicine cience China Life Sciences. 58 (11): 1175–1179
  53. Basaras, M., Umaran, A.: Mikrobiologia medikoa EHUak argitaratuta (2007), 354 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  54. DrugBank Primaquine Canadian Institutes of Health Research/The Metabolomics Innovation Centre, 2020ko otsaila; DB01087 (rev), 11 orr.
  55. von Seidlein, L Mini Primaquine? Controversy and Uncertainty Surround WHO Guidelines for the Antimalarial Primaquine PLOS Blogs. Speaking of Medicine, 2012ko urriaren 11, 6 orr.
  56. Mahmoudi, Shima; Keshavarz, Hossein (2017) Efficacy of phase 3 trial of RTS, S/AS01 malaria vaccine: The need for an alternative development plan Human Vaccines & Immunotherapeutics. 13 (9): 2098–2101
  57. a b Ingraham, J. Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología Vol. II Ed. Reverté (1998) 693 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  58. (Ingelesez) Matuschewski, Kai. (2017). «Vaccines against malaria—still a long way to go» The FEBS Journal 284 (16): 2560–2568.  doi:10.1111/febs.14107. ISSN 1742-4658. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  59. a b S.L., Richie, T.L. Billingsley, P.F. Sim, B.K. James, E.R. Chakravarty, S. Epstein, J.E. Lyke, K.E. Mordmüller, B. Alonso, P. Duffy, P.E. Doumbo, O.K. Sauerwein, R.W. Tanner, M. Abdulla, S. Kremsner, P.G. Seder, R.A. Hoffman,. (2015). Progress with Plasmodium falciparum sporozoite (PfSPZ)-based malaria vaccines.. PMC 1041175755. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  60. De Flora, S; La Maestra, S (2015) Epidemiology of cancers of infectious origin and prevention strategies Journal of Preventive Medicine and Hygiene. 56 (1): E15–20.
  61. Anemia falciforme, la enfermedad rara que te hace resistente a la malaria (y grupo de riesgo frente al Covid-19) Infosalus, 2020-05-24an

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]