Poloniako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Poloniako historia II. mendeaz gero Vistula eta Oder ibaien arroan bizi ziren eslaviar jatorriko leinuekin hasten da, hiri gotortuetan batu eta estatu txikiak sortu baitzituzten 800-960 urte bitartean.

Piast dinastia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poloniaren kristautzea, 966an. Jan Matejkoren margolana

Ezagutzen den lehen agintariak, Piast dinastiako Mieszko I.ak (963-992), eman zion batasuna lurraldeari, eta sarrera kristautasunari. Izan ere, 966. urtean kristau egin zen, eta urte hura hartzen da Poloniaren sorreratzat. Mieszkoren semea, Bolesław I.a «Ausarta» (992-1025) errege izendatu zuten 1025ean, eta harrezkero, monarkia eta kristatutasuna herrialdearen batasunaren ezaugarri nagusi bilakatu ziren. Kasimiro I.ak (1034-1058) Krakovia hartu zuen hiriburutzat.

Hurrengo bi mendeetako gorabeherek arriskuan jarri zuten Poloniaren batasuna, lurralde batzuk banatuak eta beste batzuk hartuak izan baitziren. Izan ere, Bolesław III.a (1102-1138) erregearen lau semeen artean banatu zen erreinua, eta Danimarkak, bestalde, Pomerania beretu zuen. Mazoviako dukeek berriz Ordena Teutonikoko zaldun germaniarrei laguntza eskatu zieten prusiarrei sarrera eragozteko, eta ondoren Chelmnoko lurraldea eman zien, Vistula ibaiaren behealdeko ekialdean. Teutoi zaldunak beren lurraldea hedatzearen alde borrokatu ziren, eta Prusia eta Pomeraniako ekialdea hartu zuten. Halaber, mongolak berrogeita hamar urtez sartu-irtenka ibili ziren Poloniako lurraldean. Ladislao I.a Lokietek (1260-1333) batasuna eman zion lurraldeari, baina Silesia eta Pomerania galduak ziren.

Kasimiro III.a Handia (1333-1370) erregeak berriz ekialderantz hedatu zuen lurraldea (Rutenia, Volinia), eta 1364an Krakoviako unibertsitatea zabaldu zuen. 1370ean Luis Anjoukoa, Hungariako erregea, izendatu zuten Poloniako errege. Piast dinastiak 1386. urtea arte izan zuen aginpidea, Lituaniako Ladislao Jagellon dukea Piast dinastiaren oinordekoarekin ezkondu eta Jogalia dinastiari bide eman zion urtea arte, hain zuzen ere.

Jagellon dinastia: 1386-1572[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koperniko Jainkoarekin hizketan. Jan Matejkoren margolana

Jagellon dukea katoliko egin zen eta Poloniako errege izendatu zuten: Ladislao II.a (1386-1434). Hala, ezkontza haren bidez, Poloniak eta Lituaniako dukerriak Europako estatu ahaltsuenetako bat osatu zuten, Poloniar-Lituaniar Batasuna, Baltikotik Itsaso Beltzaraino, eta Adriatikotik Altai mendietaraino hedatu zena. Jogalia dinastiako erregeek aurre egin behar izan zieten, besteak beste, otomandarrei eta Moskuko Printzerriari. Aipatzekoa da Ladislao II.a Jagellon Lituaniako printzeak eta poloniar aliatuek 1410ean Ordena Teutonikoko zaldunen artean, Grunwaldeko guduan, eragin zuten sarraskia, hartan amaitu baitzen germaniarrek Itsaso Baltiko aldean zuten nagusigoa.

Sigismundo I.a Zaharra (1506-1548) eta Sigismundo II.a Augusto (1548-1572) erregeen agintaldiak izan ziren Poloniako urterik oparoenak: humanismoaren zabalkundea, erlijio askatasuna eta ekonomiaren gorakada. Kulturak gailurra jo zuen Nikolas Kopernikori eta Krakoviako unibertsitateari esker. 1569an, Lublinen, Poloniak eta Lituaniak Dieta eta errege bakar baten aginpidea onartu zuten.

Poloniaren gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jagellon dinastiako azken erregea, Sigismundo II.a (1548-1572), oinordekorik gabe hil zen. Aurrerantzean erregea Poloniako nobleziak aukeratuko zutela erabaki zen, eta erregearen aginpidea nobleziarenaren mendean geratu zen. Vasa etxeko erregeen aginpidean Poloniako erreinua hondamendira eraman zuten gerrak izan ziren kosakoen, errusiarren, otomandarren eta suediarren aurka. Erreinua deseginez joan zen, lurralde asko galdu ziren, eta bien bitartean, ekonomiak hondoa jo zuen. Egoera hura are larriago bilakatu zen XVIII. mendean, eta Polonia auzo-herri indartsuen mendean geratu zen. Lurraldea hiru aldiz banatua izan ondoren Poloniako erreinua guztiz desegin zen.

« Aitzitik Poloniako nekazariak bere begirunea era doilorrez eta morronkeriaz adierazten du; lurreraino makurtzen da, kapela kentzen du eta begi bistatik desagertu arte ez du berriz jantziko: guk aurkitu genituenek gurdia geldiarazten zuten gure karroza ikusi bezain laster; hitz bitan beren portaera morrontza doilorraren froga da, eta honek negar eragiten die.

William Coxe (1784)

»

[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

.

Polonia banatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tadeusz Kościuszko zin egiten Krakoviako merkatu plazan, 1794ko martxoaren 24an.

1772. urtean Austriak, Errusiak eta Prusiak Poloniako lurraldea beren artean banatzea erabaki zuten, eta Poloniaren laurden bat baino gehiago hartu zuten. Gainerakoa Errusiaren babes-herri bilakatu zen. 1791. urtean Poloniako abertzaleek, erregearen onespenarekin, konstituzio bat ezarri zuten. Errusiako gudarostea Polonian sartu zen, eta urtebete geroago, Errusiak eta Prusiak Poloniako lurraldearen bigarren banaketa egin zuten. 1794an Tadeusz Kościuszko poloniar abertzaleak matxinatzera deitu zuen, baina errusiarrek gogor zapaldu zuten matxinada. Hirugarren banaketa 1795. urtean egin zen, Austriak, Prusiak eta Errusiak Poloniako lurralde osoa banatzea hitzartu zutenean. Polonia desegina zen.

1807an Napoleonek Varsoviako Dukerri Handia sortu zuen, Prusiak eta Austriak 1795ean hartutako lurraldeetan. 1815ean Napoleon garaitua izan ondoren Vienako Batzarrak berriro banatu zuen lurraldea: Austriar Inperioari Galitzia eta Lodomeria eman zizkion, Prusiari Posnania, Krakovia errepublika aske egin zuen, eta gainerako lurraldeez Poloniako Erresuma osatu zuen, Errusiako tsarraren ordezkarien aginpidean geratu zena. Hurrengo urteetan poloniarrak burujabetasuna eskuratzeko asmoz matxinatu ziren, 1830ean Errusiaren aurka, 1846an Prusiaren aurka eta 1863an berriro ere Errusiarren aurka. Matxinadak gogor zapaldu ziren eta Errusia Poloniako abertzaletasuna eta kultura desegiten ahalegindu zen. Poloniar asko Mendebaldeko Europako beste herrialde batzuetara joan ziren ihes. Bestalde, Austriak Galitzia-Ruteniari autonomia eman zion, eta Poloniako kulturaren babesleku bihurtu zen.

Polonia errusiartzearen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Erakunde publikoek eta erakunde partikular askok gure hizkuntza baztertzen dute. Gure eskola guztiek derrigorrezko irakaskuntzatik kanpo utzi dute; eta ikastetxeetako korridoreetan eta jolastokietan haurrei gure hizkuntzan hitz egitea ere galarazi diete. (...) Gobernuari Europako hizkuntza guztietan hitz egin ahal zaio, polonieraz izan ezik.

(...) Poloniarrek ezin dute lortu eragin handiko eta ondo ordaindutako goi-mailako inolako kargurik (...). 558 auzitegietako lehendakari eta lehendakariorde, epaile eta fiskaletatik 21 baino ez dira poloniarrak (...). Eskoletan gauza bera gertatzen da: guztira 1.516 irakasle dira, eta irakasle horietatik 164 baino ez dira poloniarrak (...).

Erresumako administrazioak zerga bidezko esplotazioa egiteko eta errusiartzeko helburuak ditu. Hori dela-eta, erakunde guztiak beren berezko helburuak betetzeari utzi diote. Auzitegia jada ez da arduratzen justiziari eusteaz; eskolak ez du irakasten. Funtzionarioak eta magistratuak errusiartzeaz baino ez dira arduratzen.

»

—Gobernu, alderdi eta elkarte politiko, estatu-gizon, egunkari et elkarte guztiei egindako poloniar aldarrikapena, 1905.


XIX. mendearen bukaeran lehen alderdi politiko eta higikunde abertzaleak sortu ziren. Lehen Mundu Gerra bitartean, 1916an, Austria-Hungariako Inperioak eta Alemaniak Poloniako estatua osatu zuten Errusiaren mendean zegoen Poloniako zatian, Poloniako gudarosteak haien alde egin zezan. Poloniarrak, ordea, Austriaren eta Alemaniaren aurka matxinatu ziren.

Polonia burujabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polonia 1922 eta 1938 artean.
Luftwafferen bonbardaketa bortitzetik (1939ko iraila) bizirik ateratako Varsoviako umea.

Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, 1918an, Versaillesko Itunak Poloniaren burujabetasuna eta askatasuna onartu zituen, baita itsasora aterabidea (Gdanskeko igarobidea) izateko eskubidea ere. Urte horretan bertan Józef Piłsudski poloniar abertzale eta gerrako heroiak Poloniako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen. 1920-21 urteetan, ekialdeko muga zela eta, gerra egin zuten poloniarrek eta Armada Gorriak. Gerraren ondoren Poloniak laguntza-hitzarmenak izenpetu zituen Frantzia eta Errumaniarekin, eta Errusiarekin batera bi herrialdeen arteko muga berria finkatu zuen. 1926an Józef Pilsudskik estatu kolpe bat jo zuen, eta 1935 arte diktadura ezarri zuen Polonian.

1939. urtean Hitlerek, Danzig Hiri Askea Alemaniarentzat nahi zuela eta, Poloniako mendebaldea hartu zuen: Bigarren Mundu Gerraren hasiera izan zen. Aldi berean, Sobietar gudarostea ekialdetik sartu zen. Hala, Hitlerrek eta Stalinek Poloniako lurraldea bi herrialdeen artean banatu zuten. Stalinen aginduz, 20.000 inguru poloniar hil zituzten. Horien artean, 4.500 militarrak ziren, 1943an Katingo hilobietan aurkitu zirenak. Bien bitartean, Poloniako errepublikako gobernua Frantziara eta, gero, Erresuma Batura erbesteratu zen. 1941ean Alemaniako gudarostea Sobietar Batasunean sartu zenean Polonia osoa nazien mendean geratu zen. 1943ko apiril-maiatzean Varsoviako ghettoa matxinatu zen. Alemaniarrek sarraski izugarria eragin zuten juduen artean, eta bizirik atera zirenak sarraski-esparruetara eraman zituzten. Bigarren Mundu Gerran zehar alemaniar naziek ia 6 milioi poloniar eta judu hil zituzten.

1944ko abuztuaren lehenean Varsoviako biztanleek matxinada deia egin zuten, handik hurbil zegoen Sobietar Batasuneko gudarostea laguntzera joango zelakoan, baina sobietarrek ez zuten esku hartu eta alemaniarrek hiria menderatu zuten. 1944-45 urte bitarteko neguan Sobietar Batasuneko gudarosteak alemaniarrak Poloniatik egotzi zituen eta behin-behineko gobernu bat ezarri zuten, komunisten agindupean.

Poloniako Herri Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945. urteko abuztuaren 2an, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak Poloniaren muga berriak finkatu zituzten Potsdamen. Erabaki horren arabera Poloniak 179.460 km² galdu zituen ekialdean, Sobietar Batasunaren alde, eta 102.555 km² beretu zituen mendebaldean, Alemaniaren kaltetan.

1947ko hauteskundeetan komunistek botoen %90 eskuratu zituzten, eta Bolesław Bierut izendatu zuten Poloniako Herri Errepublikako lehendakari. 1952. urtean Legebiltzarrak konstituzio bat onartu zuen, eta Poloniako ekonomia eta politika Sobietar Batasunaren eredura antolatu zen. Eliza katolikoak, gizartean oso errotua baitzen, komunisten aurkako abertzaletasuna bultzatu zuen, eta gobernuak Wyszyński kardinala atxilo hartu zuen 1953an. 1956an matxinada bat izan zen Poznanen. Egoera baretzeko alderdi komunistak Gomułka ezarri zuen lehendakari, eta gobernuak jarrera bigunagoa hartu zuen, bai ekonomian bai erlijioan.

1965tik aurrera Europako mendebaldeko herrialdekiko merkataritza harremanak sendotuz joan ziren. Hala ere, 1968an intelektualak eta 1970an Baltikoko ontzioletako langileak matxinatu ziren. Gobernuak langileen aurka tiro egitea agindu zuen, eta krisia sortu zen Poloniako Langileen Alderdi Batuan (PLAB). Edward Gierek izendatu zuten alderdiko buru Gomulkaren ordez, baina erregimenak krisi gehiago izan zituen, ustelkeriagatik eta PLAB barruko tira-birengatik. 1976an berriz ere grebak izan ziren. Gobernuak ez zuen su armarik erabili grebalariak zapaltzeko, baina bai espetxe zigor gogorrak ezarri.

1979an Joan Paulo II.a Aita Santuak bere jaioterria bisitatu zuen, harrera egitera atera zitzaion jendetza handiaren artean. 1980ko abuztuan, Gdansken, Lenin ontzioletako lanuztea greba orokorra bihurtu zen, eta gobernuak ez zuen negoziatzea beste aukerarik izan. Bi hilabete geroago, gobernuak Solidarnosc sindikatua ezagutu zuen. Ordurako bazituen 10 milioi kide. Gero Nekazarien Solidarnosc sortu zen, hiru milioi nekazariren ordezkari. PLABek krisi gehiago izan zituen, Wojciech Jaruzelski jenerala –Lehen Ministroa orduan– alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten arte. 1981eko abenduan, Jaruzelskik gerra egoera agindu zuen, Solidarnosc legez kanpo utzi zuen, eta sindikatuko buruzagiak klandestinitatera behartu zituen. Eliza katolikoaren bitartekaritzaz, gobernua eta Solidarnosceko ordezkariak negoziatzen hasi ziren 1989an, Sobietar Batasunean Perestroika hasi zenarekin batera.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989ko hautskundeetan, PLABk oposizioarekin negoziatutako ordezkaritza besterik ez zuen lortu. Jaruzelski jeneralak gobernua PLABekin osatzea proposatu zion Solidarnosci, baina sindikatuak ez zuen onartu proposamena. Solidarnosceko kide moderatu bat, Tadeusz Mazowiecki, izendatu zuten Europako bloke sozialistaren lehenengo gobernu ez komunistaren Lehen Ministro. Polonia harremanetan hasi zen berriro Vatikanoarekin eta Israelekin. Estatu Batuek eta Alemania Federalak diru laguntza eskaini zioten. Alemaniaren birbateratzeak kezka sortu zuen, mugak zirela eta, baina azkenean Bigarren Mundu Gerraren ondoren ezarritako muga berak berretsi ziren. 1989ko abenduan, Legebiltzarrak Poloniako Errepublika izena berreskuratzea onartu zuen. 1990eko urtarrilean, PLAB desegin egin zen, eta beste alderdi bat sortu zen, bitan banatu zena: Poloniako Errepublikako Sozialdemokrazia, batetik, eta Poloniako Batasun Sozialdemokrata, bestetik. 1990eko urtarrilean, gobernuak ekonomia doitzeko programa bat jarri zuen abian, Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzarturik. Hilabete hartan bertan, Poloniak Europako Kontseiluan sartzeko eskaria egin zuen, eta Europako Ekonomia Erkidegoarekin negoziatzen hasi zen. NATOn sartzeko bi baldintza jarri zizkioten: ekonomiaren erreforma eta armen birmoldaketa. 1990eko maiatzean, Mazowieckiren aurkako lehen greba deitu zen, Gdansken ostera. Lech Walesak “bere langile jatorria ahazteaz“ akusatu zuen Lehen Ministroa. Solidarnosc zatituz joan zen, agintean aritzeaz. Uztailean, alderdi politiko bihurtu zen, harik eta, azkenik, zenbait alderditan banatu zen arte.

1990eko abenduan, lehendakaritzarako hauteskundeetan, Walesa atera zen garaile, botoen %75 eskuratuta. 1991ko abuztuan, Lehen Ministro berriak, Jan Krzysztof Bieleckik, bere karguaren dimisioa eman zuen, eta trantsizio politikoa krisian jarri zuen. 1991ko abenduan, Jan Olszewski izendatu zuten Lehen Ministro. 1992ko urtarrilean Solidarnoscek greba deia egin zuen, elektrizitate, gas eta berokuntza tarifen gorakadaren aurka. Walesak gobernu berria era zedin eskatu zuen, Olszewskirengan konfiantzarik ez zuelako. Ekainaren erdialdean, Legebiltzarrak, Walesaren proposamena onartuta, Batasun Demokratiko alderdiko Hanna Suchocka izendatu zuen Lehen Ministro, zazpi alderdiren koalizioaren laguntzaz. Suchockak diruaren kontrol zorrotza aplikatu zuen eta 600 bat enpresa estatal enpresa pribatu bihurtzeko prozesua bultzatu zuen. 1993ko otsailean, bestalde, Walesak, Elizaren presioari amore emanez, abortatzeko eskubidea baliogabetu zuen. Suchockaren politika sozialarekin pozik ez zegoela eta, Solidarnoscek gobernuaren aurkako zentsura mozioa bultzatu zuen. Azkenik, mozioa boto baten aldez onartu zen, eta legegintzarako hauteskunde aurreratuak deitu ziren. Hauteskundeetan, erregimen komunistaren alde zeuden sektore politikoak atera ziren garaile –Ezker Demokratikoaren Aliantza, batetik, eta Nekazari Alderdia, bestetik–, 100 aulkitatik 73 eskuratuta. Walesak Nekazari Alderdiko Waldemar Pawlak izendatu zuen Lehen Ministro.

Aleksander Kwaśniewski presidentea Europar Batasunari atxikitzeko ituna sinatzen, 2003ko uztailaren 23an.

1994an tira-bira ugari izan zen lehendakariaren eta gobernuaren artean. Haatik, ekonomiaren liberalizazioaren aldeko politika ez zen ezertan aldatu, baina, hori bai, erreforma batzuen erritmoa moteldu egin zen, eragin soziala gutxitzearren. Komunista ohien itzulera 1995eko azaroan biribildu zen, lehendakaritzarako hauteskundeetan Aleksander Kwaśniewski atera baitzen garaile –botoen % 52 eskuratuta–, Walesaren kaltean. Walesaren lehendakaritzarako kanpaina komunismoaren gaitzespenean eta balio kristauen goresmenean oinarritu zen, abortua debekatzeko beharra behin eta berriro azpimarratuz. Hasieran, Jósef Olesky Lehen Ministro berriaren gobernuak ez zuen aldaketarik izan. Baina 1996ko urtarrilean, Oleskyk (komunista ohia) bere kargua utzi behar izan zuen, Barne ministroak Sobietar Batasuneko KGBri informazioa eman izanaz akusatu zuenean. Hurrengo hilabetean, Włodzimierz Cimoszewiczek hartu zuen Lehen Ministro kargua.

Zenbait alderditako eskuineko adarrek –politika sozial kontserbadore baten alde eta komunismoaren aurka egoteak batzen zituena– koalizio bat eratu zuten, Marian Krzaklewskiren gidaritzapean: Hauteskunde Ekintza Elkartasuna. 1997ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, Hauteskunde Ekintza Elkartasunak Ezker Demokratikoko Batasuna menderatzea lortu zuen, botoen %33,8 eskuratuta. Jerzy Buzek, Hauteskunde Ekintza Elkartasunaren programa ekonomikoaren diseinatzailea, Lehen Ministro izendatu zuten. 1999an Poloniako parlamentuak NATOn sartzea erabaki zuen. Bestalde, Europar Batasuneko sarrera prestatzeko, hainbat neurri hartu ziren eta horrek langabezia handiatzea ekarri zuen ondorioz. 2004an sartu zen Polonia, azkenik, Europar Batasunean. Poloniarrek jakin zutenean EBko herritar berriek zazpi urte itxaron beharko zutela Batasuneko beste herrialdeetara joateko, areagotu egin zen jendearen eszeptizismoa. 2004an Polonia izan zen Irakeko Gerran estatubatuarren alde egin zuen Europa kontinentaleko herrialde bakarra.

2014ko azaroaren 11ean, 275 pertsona izan ziren atxilotuak Poloniako Independentziaren Egunean. Varsoviako Poliziak adierazi zuenez poliziaren eta eskuin muturreko taldeen artean borroka handiak izan ziren 'Independentziaren aldeko Martxan'[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]