Ponpeioren Antzokia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ponpeioren Antzokiaren kanpoaldearen irudikapena

Ponpeioren Antzokia (Theatrum Pompeium latinez), Erroma hiriko antzinako eraikin publiko bat izan zen. Erromatar Errepublikaren garaian, K. a. 55 inguruan eraikia, V. menderarte erabili zen.

Deskribapena [aldatu]

Erromako lehen eraikin iraunkorretako bat izan zen, eta haitzurdinez eraikitako hiriko lehen eraikina, honen ondorioz, haitzurdinezko eraikin izenez ere ezagutu zelarik (theatrum marmoleum latinez). Ez zen antzoki bat soilik, baizik eta bazuela artista eta aktore handien estatuekin apaindutako lorategi bat, baita biltzar publikoetarako erabiltzen zen gune bat ere. Antzokia, Venus Garailea (Venus victrix latinez) jainkosari eskainitako tenplu batekin koroatzen zen, Ponpeioren jainkosa pertsonala zena. Tenpluaren berezitasun hau, espezialistaren batzuk, eraikina soilik harranditze pertsonal bat bezala jotzea eragozteko estrategia bat bezala interpretatu dute.

Antzokiaren neurriak erraldoiak ziren. Kabeak 150 metroko diametroa zuen, eta, bere erdian, goikaldean zegoen tenplura igotzen zen exedra formako eskailera maila erdizirkular bat zegoen. 90 metroko eskena fronte handiaren atzean, lorategia inguratzen zuen granitozko zutabeek osatutako peristilo handi bat zegoen, eta, lorategiaren amaieran, Curia Pompeii deritzona zegoen, Erromako Senatua batzuetan bildu zen tokia, eta, tradizioaren arabera, K. a. 44ko martxoak 15ean Julio Zesar hil zuten tokia izan zena.

Antzoki honen arkitekturak, greziarretan oinarritua dagoen arren, funtsezko ezberdintasunak adierazten zituen, eta erromatar antzokien eredua adieraziko zuen, erromatar inperio osoan zehar eraikiriko antzoki eta anfiteatroetan barra-barra errepikatuko zen egitura tipologia ezarriz. Greziar antzokiak ez bezala, hauen kabea eraikitzeko mendien edo magalen goitiera naturalak probestuz eraikitzen zirenak, Erroman, egitura hau, kale mailatik, harmailadiaren zati ezberdinetara iristea ahalbidetzen zuten korridore gangatuz eratutako egitura batean eusten zen. Antzokiaren sofistikazio honek, ez zuen suposatu erromatarrek malda naturalak ez probestea euren antzokiak eraikitzeko, baina toki lauetan eraikitzea ahalbidetu zieten. Eraikina, azkenik, greziar antzokietakoa baino askoz ikusgarriagoa zen eskena fronte batez ixten zen, antzokiaren akustika hobetzen zuena, eta, gainera, bertarako sarrera kontrolatzea ahalbidetzen zuena.

Arkeologia [aldatu]

Tokia, Benito Mussoliniren aginduz industua izan zen 1920 eta 1930eko hamarkadetan. Antzokiari erantsitako arkupearen ekialdeko zatiaren hondakinak eta antzoki honekin ohi lotu izan diren lau tenpluetako hiru, Largo di Torre Argentinan ikus daitezke. Tenplu hauetako laugarrena, baina, neurri handi batean, hiriaren egungo planoaren azpian dago. Tenplu honen hondakin urriak, Via di Grotta Pintaren lurrazpian daude, eta gangaren batzuk, kale honetako bertako sotoren eta jatetxeetan ere ikus daitezke.

Antzokia, V. menderarte erabili zen, baina Erdi Aroan existitzen jarraitu zuen, harrobi bezala izan bazen ere.

Kanpo loturak [aldatu]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ponpeioren Antzokia