Getozka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Portulaca oleracea» orritik birbideratua)
Getozka
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaCaryophyllales
FamiliaPortulacaceae
GeneroaPortulaca
Espeziea Portulaca oleracea
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakpurslane herb (en) Itzuli

Getozka (Portulaca oleracea) Portulacaceae familiako landare zukutsua da.

Urteroko landarea da. Tamainari dagokionez, 40 cm-ko garaierara hel daiteke, baina herrestaria denez zabaldu egiten da igo baino areago. Zurtoin leunak ditu, gorrixkak eta etzanak nagusiki. Hostoak aldizkakoak, multzokatuak, bai zurtoinean eta bai zurtoin-puntan.

Loreak kolore bizikoak ditu —horiak, arrosak, gorriak, zuriak—, eta txortengabeak dira. Loreek bost zati erregular dituzte, eta 6 cm zabal dira. Udaberriaren bukaeran loratzen da landarea, eta udazken erdira arte irauten du loraldiak. Hosto-multzoaren barruan, eguzkiak berotzen dituenean bakarrik irekitzen dira loreak; gauez, itxi egiten dira.

Haziak leka txikiak dira. Sustraiak haritsuak dira, eta oso ongi jasaten dituzte lurzoru pobreak eta lehorteak.

Jatorriz, Indiakoa eta Ekialde Ertainekoa da, baina mundu osoan barrena zabalduta dago. Herrialde batzuetan, belar txartzat dute. Oso ohikoa da lorategiko apaingarri gisa, leku beroetan, bereziki.

Euskaraz, getozka du izen arrunta.

Sukaldaritzan, barazki gisa jaten da: zurtoinak, hostoak eta loreak, denak dira jangarriak. Europan, Asian eta Mexikon ohikoa da espezie hau jatea. Zapore garratz eta gazi samarra du. Gordinik jan daiteke, entsaladan, eta egosita ere bai; baliagarria da zopak eta saltsak loditzeko.

Grezian, entsaladan jartzen dituzte getozkaren hostoak eta zurtoin gazteak, eta tomate eta feta gaztaz laguntzen dute. Turkian, entsaladaz gainera, espinakaren ordezko gisa prestatzen dute. Mexikon, txerrikiarekin eta saltsa berdearekin prestatzen da, eta Australiako aborigenek ogia egiteko erabiltzen dituzte haziak.

Sendabelar gisa, muzilago-kantitate handia duenez, libragarri gisa baliatzen da. Grezian, esaterako, idorreriaren kontra eta gernu-sistemaren hantura sendatzeko erabiltzen da; Indian, berriz, gibeleko gaitzetarako.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]