Pretoriar Guardia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Fitxategi:Praetorian GuardSoldiers basrelief med.jpg
Zesar Augustoren Pretoriar Guardia.

Pretoriar Guardia (latinez praetoriani) Erromako enperadoreek erabilitako bizkartzainen indar armatu berezia izan zen. Inperio garaian baino lehen, guardia hori gerra-jaunek erabilia zen, K. a. 275ean Eszipion leinuak esate baterako. Pretoriar goardak Antzinateko gudari trebeen eta ospetsuenetakoak ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pretoriar hitza erromatar armadako pretor (edo jeneral) hitzetik dator. Erromatar buruzagi askok tropen artetik soldadu batzuk hautatu ohi zituzten euren bizkartzain bihurtzeko. Garai batean, talde horren izena cohors praetoria izan zen. Pertsonaia garrantzitsuek zeukaten, Julio Zesarrek, Marko Antoniok edo Augustok besteak beste. Augusto, botere osoa eskuratzean, konturatu zen tropa indartsu bat batailetan ez ezik, politikan ere beharrezkoa zela. Probintzietako armaden artean, Augustok Pretoriar Guardia osatu zuen.

Estreinako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapeneko taldea eta urte batzuk gerokoa, zeinek enperatoreak hil izan zituen, oso ezberdinak izan ziren. Augustok uste zuen Erroman babesa behar zuela, baina Senatua mehatxatu gabe. Hortaz, 9 kohorte osatu zituen, hasieran 500 gizonekoak eta gero 1.000koak, eta hiru baino ez zeuden jardunean aldi berean. Batzuek Jauregia eta eraikin nagusiak zaintzen zituzten bitartean, besteak Erromatik at zeuden akanpaturik. Tropa horiengandik ez zen inolako arriskurik sortzen.

Augustoren heriotzak Pretoriar Guardiako barealdia apurtu zuen. Augusto izan zen guardia horren leialtasun osoa jaso zuen enperadore bakarra. Hortik aurrera haren indarra erabili zuten Erromako politikan eskua sartu ahal izateko. Seiano prefektoari esker, Erromaren barrura eraman zuten. Honela, azkarrago erabili ahal izaten zuten enperadoreek, baina, aldi berean, enperadoreak pretoriarren menpe geratzen ziren. 31an, Tiberiok Pretoriar Guardiaz baliatu behar izan zuen Seianoren jarraitzaileei kontra egiteko. Leial aritu ziren pretoriarrak, baina haien garrantzi politikoa agerian agertu zen.

Kanpoko borroketarako, Pretoriar Guardia besteak bezalakoa zen. Estreinako enperadorrek ez zuten askotan erabiltzen, ordea. Otoren alde egin zuten Lau enperadoretako urtean. Domiziano eta Traianorekin Dazian eta Mesopotamian jardun zuten. Marko Aureliok Danubioko mugan jarri zituen.

Politikan nahasiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seianoren hilotzaren ondotik, pretoriarren paper politikoa gero eta garrantzitsua bilakatu zen. Behar adina diruarekin, enperadoreak ere erahiltzen zituzten. 41ean, Kaligula Guardiak eta senatariek osatutako konspirazioak hil zuen. Pretoriarrek Klaudio jarri zuen Inperioren buruan eta Senatuak ezin izan zuen erabakia deuseztatu. Enperadoreak jartzeko edo kentzeko boterea bazuten ere, Inperioko administrazio arruntean ez zeukaten inolako paperik.

Vespasianok ere, Viteliok botatako kohortei boterea zor bazien ere, haren kopurua murriztu zuen. 193an, Septimio Severok Erroma hartu zuenean, Pretoriar Guardia desegin zuen eta talde berri bat osatu zuen bere Panoniako legioetako gizonekin.

Pretoriar Guardiako gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

284an Dioklezianok pretoriarren estatusa baliogabetu zuen. Nicomedian bizi izanda, pretoriarrek ez zuten politikan parte hartzerik. Haren ordez indar berriak osatu zituen Joviarrak eta Herkuliarrak. Tetrarkian zehar ukigabea jarraitu zuten talde horiek.

Pretoriarren azken ekintza 306an gertatu zen. Maxentio aldarrikatu zuten enperadore. Galerio Guardia desegitea saiatu zen, baina gainerako pretoriarrek matxinoekin bat egitea baino ez zuen lortu. Konstantino I Handiak Italia eraso zuenean, Maxentioren armadaren gehiena pretoriarrek osatzen zuten. Konstantinok, garaitutakoan, betiko desegin zuen Pretoriar Guardia. Soldaduak Inperioko bazter guztietan sakabanatu ziren eta haien akanpalekuak suntsitu zituen.

Guardiaren gaineko azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren izena konspirazio, hilketa eta leialtasun ezarekin lotu bazaio ere, bi lehenengo mendeetan, orokorrean, indar lagungarria suertatu zen. Garai haietan batez ere enperadore ankerrak, ahulak edo ospe gabekoak kentzen zituen boteretik; eta enperadore indartsuak, zuzenak eta ospetsuak babesten zituen. Azken hauek sendotzean, egonkortasuna ematen zitzaion inperioari.

Marko Aurelioren ostean bukatu zen garai hori, eta pretoriarrek beraiek anker jokatzen hasi ziren. Severar leinuarekin eta batik bat III. mendeko krisialdian, Pretoriar Guardia ez ezik, gainerako legioak, Senatua eta enperadoreak gainbehera etorri ziren.

Enperadoreekiko harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enperadore Urte Guardiarekiko harremana
Zesar Augusto K. a. 27 - 14 Pretoriar Guardia sortu zuen. Erabat leialak
Tiberio 14 - 37 Guardiari esker Seianok egundoko boterea eskuratu
Kaligula 37 - 41 Guardiak erahila
Klaudio 41 - 54. Guardiak hautatua
Neron 54 - 68 Guardia desertatu
Galba 68 - 69 Guardiak erahila
Oton 69 Guardiak hautatua
Vitelio 69 Guardiak kendua
Vespasiano 69 - 79. Guardien kopurua murriztu zuen
Tito 79 - 81 Pretoriarren prefektua izan zen
Domiziano 81 - 96 Guardiak hautatua. Guardiak erahila
Nerva 96 - 98 Guardiak makurtua
Traiano 98 - 117
Hadriano 117 - 138 Frumentarii izenekoak sortu zituen
Antonino Pio 138 - 161
Marko Aurelio 161 - 180
Luzio Vero 161 - 169
Komodo 180 - 192 Guardiak erahila
Pertinax 193 Guardiak erahila
Didio Juliano 193 Guardiari erosi zion kargua
Septimio Severo 193 - 211 Guardia deseginda, beste bat osatu zuen konfidantzako gizonekin
Karakala 211 - 217 Makrino prefektuak erahila
Makrino 217 - 218
Heliogabalo 218 - 222 Guardiak erahila
Alexandro Severo 222 - 235 Guardiak hautatua
Maximino Trax 235 - 238
Gordiano I 238
Gordiano II 238
Balbino 238 Guardiak erahila
Pupieno 238 Guardiak erahila
Gordiano III 238 - 244 Guardiak hautatua baina Filipo Arabiarra prefektuak erahila
Filipo Arabiarra 244 - 249
Dezio 249 - 251
Herenio Etrusko 251
Hostiliano 251
Treboniano Galo 251-253
Emiliano 253
Publio Lizinio Valeriano 253-260
Galieno 260-268
Klaudio II 268-270
Kintilo 270
Aureliano 270-275 Guardiak erahila
Marcus Claudius Tacitus 275-276
Floriano 276
Probo 276 - 282 Matxinada baten ostean Guardiak erahila
Karo 282-283
Karino 283-285
Numeriano 283-284
Diokleziano 284 - 305 Pretoriarren benetako boterea baliogabetu zuen
Maximiano 286 - 305, 307 - 308
Galerio 305-311
Konstantzio Kloro 305-306
Flavio Valerio Severo 306-307
Maxentio 306-312 Guardiaren buruan zegoen azken enperadorea
Konstantino I Handia 306-337 Guardia betiko desegin zuen
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pretoriar Guardia Aldatu lotura Wikidatan