Puurijärvi-Isosuo Parke Nazionala

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 61°14′57″N 22°34′01″E / 61.24917°N 22.56694°E / 61.24917; 22.56694

Puurijärvi-Isosuo Parke Nazionala
Isosuo.jpg

Isosuo zingira.
Kokapena Huittinen eta Kokemäki,
eta Sastamala,
Satakunta eta Pirkanmaa
FinlandiaFinlandia
Azalera 27
Sorrera 1993
Bisitari-kopurua 10.000 (2007)
Erk. Arduraduna Metsähallitus

Puurijärvi-Isosuo Parke Nazionala (finlandieraz, Puurijärven ja Isosuon kansallispuisto; suedieraz, Puurijärvi-Isosuo nationalpark) Pirkanmaa eta Satakunta eskualde finlandiarren artean dagoen parke nazional bat da. Parke hau, Puurijärvi aintzirak eta Isosuo zingirak osatzen dute, eta nazioartean ezaguna den hegaztien habitata da. Finlandiako ibai luzeenetako bat den Kokemäenjokik zeharkatzen du parke nazionala eta Natura 2000 sarearen barruan dago [1].

1993. urtean sortu zen, bertako hegaztiak, natura eta balio historikoa babesteko asmoz. Guztira, 27 km²-ko azalera dauka eta natura basatia zaintzeko, bisitak mugatuak izan ohi dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz Aroaren ondoren, parke nazionaleko eremu zingiratsuak sortuko zituen Kokemäenjoki ibaiaren ibarra eratu zen. Lehen giza aztarnak, Harri Arokoak ditugu; izan ere, leku oparo honetan, ehizaki eta arrainen kopurua handia zen. Brontze Aroan biztanle hauek nekazaritza eta abeltzaintzari ekin zioten eta bertan egonkortu ziren. Eremu honen ondoan esaterako, biztanle egonkor hauek Erdi Aroan Kyttälä eta Jalamuksen herriak sortu zituzten.

XIX. mendean nekazaritzarako lurzorua lortu nahian, eremu zingiratsuak lehortu zituzten; hala ere, XX. mende erdian parke nazionaleko zingirak berreskuratu zituzten aintzirako ura erabiliz. Azken urteotan, Puurijärvi galtzear dagoen aintzira da, izan ere, udaran ur-eremua asko jaisten da eta adituek etorkizun hurbilean lehortuko den beldur dira. 1993. urtetik aintzira berreskuratze lanetan ari dira Metsähallitus erakundea eta udalerrietako langileak [2].

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazional hau, herrialde osoko eremu zingiratsu handienetako bat izateagatik da ezaguna. Guztira, bost padura eremu aurki daitezke: Aronsuo parke nazionalari izena ematen dion Isosuo, Kiettareensuo, Korkeasuo eta Ronkansuo. Zingira guzti hauek, parkea zeharkatzen duen Kokemäenjoki ibaiak sortuak izan dira eta hegazti espezie askoren habitata bihurtu da.

Puurijärvi aintzira, bertako beste izarra da nahiz eta, gaur egun berriztatze prozesuan izan. Izan ere, XX. mende erdian, parke nazionaleko zingirak berreskuratzeko aintzirako ura erabili zen eta gaur egun, aintzira galtzeko arriskuan dago. Udaran Puurijärviren ur-eremua asko jaisten da eta adituek etorkizun hurbilean lehortuko den beldur dira. Dena den, hegaztien funtsezko habitata denez Finlandian, berriztatze lanak ziztu bizian bukatzen ari dira [3].

Aipatzekoa da paduren eta Puurijärvi aintziraren artean, hegazti espezie batzuek habiaratzeko erabiltzen dituzten pinudi batzuk daudela. Beraz, Puurijärvi-Isosuo Parke Nazionala habitat desberdinek osaturiko mosaiko bizia dela esan daiteke. Oso babestua dagoen parke nazionala da eta bisitariek azalera guztiaren %10etik baino ezin dute ibili [4].

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia espezie ugariena duten familiak intsektuak eta hegaztiak dira, hauek baitira eremu zingiratsuko ekosistemetan errazen ohitzen diren animaliak. Intsektuen artean, kontuan hartu beharrekoak dira tximeleta eta sits espezie anitzak, ezin hobeki egokitu direnak bertan.

PNeko bidea.

Hegaztien kasuan bestalde, aipatzekoak dira besteak beste, aliota txikiak, antzandobi handiak, antzara hankahoriak, arrano arrantzaleak, musketadun arratoiak ehizatzen dituzten itsas arrano buztanzuriak, itsas enara beltzak, kuliska pikartak, udaran eta udazkenean zingiretan ikus daitezkeen kurriloak, larre-buztanikarak, negu-txirtak, txori zezenak, urre-txirri arruntak, zingira-mirotzak, herrialdeko hegazti nagusiak diren zisne txistulariak eta zuhaitz-belatzak [5].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markatutako 6 km-ko bide-sarea baino ez dago. Guztira, bi ibilbide daude: km bakarreko luzera duen eta Rokansuo eremu zingiratsutik doan Suoperhosten kotimaa, eta Isosuo eremuaren iparraldean dagoen 2 km-ko ibilbidea. Azkeneko honetan, hegaztiak ikusteko ezin hobea den 4 metro luzeko behaketa dorrea dago. Kokemäenjoki ibaiean arraunean edo kanoan egin daitekeen bide bat ere badago.

Bertara iristeko Valtatie 2 edo 12 autobideak edo Kantatie 41 errepidea hartu beharra dago. Huittinen, Kokemäki edo Sastamala udalerrietara iritsiz gero, parke nazionalera iristea erraza da seinaleei jarraituz. Garraio publikoa erabili nahi bada, Kokemäkitik Vammalara doan autobusa Puurijärvi aintziran gelditzen dela aipatu beharra dago. Gainera, itsasontziz irits daiteke parke nazionalera Kokemäenjoki eta Ala-Kauvatsanjoki ibaien bidez [6].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Puurijärvi-Isosuo Parke Nazionala Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]