Q dokumentua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bi iturrien teoriaren eskema.

Q dokumentua edo Q iturria (alemanierazko Quelle -iturria- hitzetik eratorria) Mateoren eta Lukasen ebanjelioen ustezko iturri galdua da.

Izan ere, hiru ebanjelio sinoptikoei dagokionez, (Markorena, Mateorena eta Lukasena), hitz-hautaketan eta gertakarien kokalekuetan haien arteko harremana sumatu da. Arazoa da harreman horren nondik norakoa zehaztea. Oro har onartzen da Markorena idazten lehena izan zela, eta beste biren iturria izan zela. Baina horretaz gain, XIX. mendeko Itun Berriko adituak ohartu ziren Mateo eta Lukasen ebanjelioek Markoren Ebanjelioan agertzen ez zen material andana partekatzen zutela. Hori dela eta, beste bigarren iturri komun bat proposatu zen, Q iturria hain zuzen ere. Balizko testu galdu hori, Jesusen esanen bilduma izango litzateke.