Qin Shi Huang

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Qin Shihuang» orritik birbideratua)

Qin Shi Huang

Qin (en) Itzuli Chinese king (en) Itzuli

K.a. 247ko maiatzaren 7a - K.a. 221
King Zhuangxiang of Qin (en) Itzuli - baliorik ez →
Qin dinastiako Txinako enperadorea

K.a. 221 - K.a. 210eko irailaren 10a
← baliorik ez - Qin Er Shi (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaHandan, K.a. 259
HerrialdeaQin dinastia
Qin
HeriotzaGuangzong County (en) Itzuli, K.a. 210 (48/49 urte)
Hobiratze lekuaQin Shi Huangen Mausoleoa
Heriotza modua: Chinese alchemical elixir poisoning (en) Itzuli
Familia
AitaKing Zhuangxiang of Qin
AmaQueen Dowager Zhao
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaQin dinastia
Hezkuntza
HizkuntzakAntzinako txinera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, Enperadorea, agintaria eta monarka

Find a Grave: 17643597 Edit the value on Wikidata

Qin Shi Huang (K.a. 259 - K.a. 210)[1][2] Qin dinastiaren (txineraz: 秦朝) sortzailea izan zen eta Txinako lehen enperadorea.[3] Gaztetan, Zheng zuen izena.[4] Sima Qianek idatzitako Shiji (txineraz: 史记, euskaraz: Historialari Handiaren Oroitzapenak) obran «Qin Shi Huang» (txineraz: 秦始皇)[5] eta «Qin Shi Huangdi» (txineraz: 秦始皇帝)[6] izenaren bi forma ageri dira.

Hamahiru urte zituela, Qinen erregealdia hartu zuen oinordetzan, eta 39 urte zituela (K.a. 221), jadanik konkistatu eta bateratu zituen, lehen aldiz historian, erresuma borrokalariak inperio bakar batean. Konkista amaitu ondoren, erreforma asko antolatu zituen.[3] Neurketa eta pisu sistemak bateratu zituen, idazketan erabiltzen ziren karaktereak estandarizatu zituen, lurrak nekazarien artean banatu zituen, biztanleria asko lekualdatu zuen matxinadak saihesteko, eta lehen harresi handia eraiki zuen. Azken finean, aurreko sistema feudala amaitu eta Txina 2.000 urtez arautuko zuen sistema inperialaren oinarriak sortu zituen.[7]

Bere hilobiaren eraikuntza izan zen egindako lanik handiena. Gaur egun, terrakotazko gudarien armada geratzen zaigu. Hainbeste erreforma eta obra egiteko egin behar izan zen ahaleginaren ondorioz, herria matxinatu egin zen beraren kontra, eta Qin dinastia amaitu zen hura erortzean, eta dinastia berri bat sortu zen, Han dinastia, hain zuzen.

Jaiotzari buruzko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zheng Handanen (txineraz: 邯郸) jaio zen, Zhao erresumaren etsai zen estatuaren hiriburuan. Qin errege etxeko Zhuangxiang printzearen semea zen, Zhao erresumaren estatuak bahitua izan zena, Qin eta Zhao erresumen arteko akordio baten pean. Zenbait abentura bizi izan ondoren, Zhuangxiang Qin erresumara itzuli ahal izan zen Lu Buwei izeneko merkatari aberats baten laguntzarekin, eta Qinen tronua mendean hartzeko moldatu zuen, Lu Buwei kantziler bihurtuta. Istorio batzuen arabera, Zheng ez zen Zhuangxiangen semea, Lu Buwei merkatariaren a baizik, Zhengen ama Lu Buweiren konkubina izan baitzen; Zheng jaio baino lehenago Zhuangxiang lagun onari eskaini zion, haren emazte izan zedin. Hala ere, gertakariok zalantzazkoak dira, Han dinastiaren aldekoek errazago baitzuten gobernatzaile baten aurkako salaketa, legez kanpoko jaiotza bat argudiatuta.[8]

Han erresumako merkatari aberats bat zen Lu Buwei, eta haren trebetasun politikoek aukera eman zioten Zhuangxiangi errege izateko, Qin odoleko printzea baitzen. Zhao erresumako gortean bizi izan zen, bahitu gisa, bi erresumen arteko armistizioa bermatzeko.[9]

Sima Qianek idatzitako Shiji oroitzapenen arabera, Zhao Zheng lehen enperadorea K.a. 259. urtean jaio zen, eta Qingo Zhuangxiang erregearen seme zaharrena zen.[10][11] Zhaoxiangek Lu Buweiren konkubina bat ezagutu zuen, eta harekin izan zuen lehen enperadorea izango zen semea. Jaiotzean, Zheng izena eman zioten (txineraz: 政).[11] Zheng Handanen jaio zenez, Zhao erresuma (赵) etsaiaren hiriburuan, Zhao Zheng izena jarri zioten.[10]

Shiji oroitzapenetan jasotakoaren arauz, Han dinastiaren garaian, Qin Shi Huangen guztiz arerioa zenez, esaten zen lehen enperadorea ez zela Zhaoxiang erregearen seme, Lu Buweik bere konkubina aurkeztu zionean Zhao Zhengi emakumea hardun baitzegoen.[9] Lu Buweiren argitalpenetatik itzulitako testuen arabera, emakumeak haur egin zuen Handan K.a. 259. urtean, Zhaoxiang erregearen 48 urteko lehen hilabetean.[12] Jaiotegunaren eta Lu Buwei lehen enperadorearen benetako aita zen teoriaren artean nolabaiteko inkoherentzia zegoen.[12] Aditu batzuen iritziz, haurdunaldiaren iraupena irregularra izan zen, eta urte oso bat iraun zuen, baina hori ezinezkoa da, medikuntza modernoaren arabera.[12] Enperadorea seme ez-legitimoa zen ideia azken 2000 urte gehienetan izan zuen iritzi negatiboari gehitzen zitzaion.[13] Hala ere, gaur egun eszeptizismo handia dago Sima Qianek emandako informazio horiei buruz adituen artean.[12]

Boterera heltzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma borrokalariak, K.a. 350 inguruan..

Zheng gaztea jaio zenean, Txina banatuta zegoen gerran zeuden zenbait estatu feudalen artean. Txinaren historiaren garai horri erresuma borrokalarien garaia esaten zaio. Haien arteko borroka izugarria zen, eta K.a. 260 inguruan erresuma gutxi batzuk baino ez ziren geratzen borrokatzeko gaitasunarekin, gainerakoak konkistatu eta anexionatu egin baitziren; guztien artean, Qin erresuma, Zheng jaio zen tokia, zen boteretsuena. Legalismoaren txinatar filosofiaren mende zegoen, eta bere jatorrian gai militarrak ziren lehentasunezkoak.

Zheng K.a. 247. urtean iritsi zen boterera, hamabi urte eta erdi zituela; aita, Zhuangxiang hiru urteko erregealdi labur baten ondoren hil zenean.[14] Lu Buwei kantzilerraren babesean izan zen errege, oraindik sei erresumarekin gerran zeuden bitartean.[13] K.a. 238. urtean, 21 urte zituela, estatu kolpe bat planifikatu eta boterea hartu zuen.

Qin bateratzeko gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qin bateratzeko gerrak.

Qin Shi Huangek etengabe erasotzen jarraitu zuen, estatu feudalak babestearren, Jing Ke erregearen hilketa saiakera saihestuz, beste erresumen aurkako kanpaina militar batzuen bitartez: Han erresuma, zazpietan txikiena, K.a. 230. urtean konkistatu zuten, Wei erresuma K.a. 228. urtean, bere gudalburu batek Ibai Horia desbideratu eta Kaifeng hiriburua suntsitu zuenean uholde batez.[15] K.a. 228. urtean, Zhao erresuma mendena hartu zuen, Chu erresuma K.a. 223an, Yan erresuma K.a. 222an, eta, azkenik, K.a. 221ean Txina osoaren kontrola eskuratu zuen, Qi erresuma edo azken txinatar estatua mendean hartu zuenean.[16] Orduan, urte hartan bertan, 38 urte zituela, Qingo erregea Txinako lehen enperadore izendatu zuten.[3] Qin Shi Huangek menperatutako lurraldeak txinatar nazioaren aberria izan ziren eta Qin dinastiaren oinarria osatu zuten.

Txinako enperadorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 221. urtean agindu zuen aurreko idatzi guztiak erretzeko, baina salbuespena eginda medikuntza, nekazaritza eta historiari buruzko liburuekin.[17]

Aurreko Erresuma Borrokalarien anabasa saihesteko, Qin Shi Huangek, Li Si lehen ministroaren laguntzarekin, erabat deuseztatu zuen feudalismoa. Inperioa 36 probintziatan banatu zuten, eta horietako bakoitzak hiru gobernadore zituen: bata zibila, bestea militarra, eta bitartekari lana egiten zuena, azkena. Horietako bakoitza enperadoreak izendatzen zuen eta berak kargutik ken zezakeen. Gobernadore zibila urte gutxiren buruan beste probintzia batera eramaten zuten botere gehiegi metatzea saihesteko.

Qin Shi Huangek konkistatutako erresumetako errege etxeetako kide ohi guztiei agindu zien Qingo hiriburuan Xiangyangen bizi izatea (gaur egun Shaanxi probintzian dagoena), matxinada jarduerak saihesteko zaintza zorrotza izan zezaten.

Enperadoreak errepide sare zabal bat garatu zuen, baita probintziak lotzen zituen Lingquko kanala[18] ere, merkataritza bultzatzeko eta erresistentziaren bat ager zezaketen probintzietara desplazamendu militar azkarrak ahalbidetzeko.

Qin Shi Huangek eta Li Sik baita ere ikuspegi ekonomikoaz bateratu zuten Txina, pisu eta neurri sistemak estandarizatuz, txanpona, legezko sistema eta, are gehiago oraindik, gurdien ardatzen luzera ere erregulatu zuten, edozein ibilgailu arazorik gabe joan zedin errepide berrietan barrena. Guztiarekin, agian garrantzitsuena izan zen txinatar idazkeraren bateratzea.

3300 xiǎozhuàn karaktereko multzo berri bat sortu zen erresumetan ziren idazkera mota guztiak bakar batean batean estandarizatuz eta bateratuz.[19] «Zigilu txikiko» karaktere multzoa Li Sik garatu zuen, Qin erresuman erabilitako karaktere multzoan oinarrituta. Multzo berri hori nahitaezko sistema gisa ezarri zen, eta Txinako zenbait estatutan zeuden eskritura lokalen sistema guztiak eta beste karaktere batzuk ordeztu zituen. Karaktere multzo berri horrekin idatzitako ediktuak Txina osoan zizelkatu ziren mendi sakratuetako hormetan, hala nola Tai mendian, zeruari jakinarazteko lurra enperadore baten azpian nola bateratu zen, baita herriaren artean karaktere multzo berria zabaltzeko ere.

Heriotza eta ondorioak inperioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qin Shi Huang

Enperadorea ekialdeko Txinan zehar bidaiatzen ari zela hil zen, hilezkorren uharte ospetsuen bila (ekialdeko kostatik haratago) eta betiko bizitzaren sekretuaren bila. Diotenez, merkurio gehiegi zuen edabe batek hil zuen.[20][21]

Haren heriotza K.a. 210. urteko irailaren hasieran gertatu zen, Shaqiuko prefekturaren jauregian, Xiangyang hiriburutik bi hilabeteko bidean. Berarekin batera zen Li Si lehen ministroa oso kezkatuta gelditu zen haren heriotzaren berri zabaltzen zenean matxinada orokor bat sor ote zitekeen inperio osoan, gobernuak ezarri zituen politika basatiak zirela eta. Horrez gain, proiektu erraldoietan, hala nola Txinako iparraldeko Harresi Handian edo enperadorearen mausoleoan, lan egitera behartutako biztanleak erresuminduta zeuden. Bi hilabete behar zituenez gobernuan hiriburura iristeko, ezinezkoa litzateke altxamendua geldiaraztea. Horrenbestez, enperadorearen heriotza ezkutatzea eta Xiangyangera itzultzea erabaki zuen Li Sik. Enperadorearen inguruan, soilik jakin zuten egia Ying Huhai seme gazteak eta zazpi bat eunukok.[22]

Enperadorearekin batera zihoan segizio gehienak ez zuen haren heriotzaren berri izan, eta egunero Li Si enperadorearen zalgurdian sartzen zen, non enperadorea bidaiatzen ari zela pentsatzen baitzen, estatu gaiak eztabaidatzen zituztela ikusaraziz. Bizian enperadoreak zeukan izaera erdi sekretuari esker, amarru horrekin aurrera egin zuten, eta ez zen zalantzarik piztu enperadorearen laguntzaileen inguruan. Li Sik agindu zuen, halaber, arraina zeramaten bi gurdi enperadorearen zalgurdiaren aurrean eta atzean jartzeko, enperadorearen gorpu usteltzen hasiaren kiratsa ez zedin kanpoan nabarmendu.[22] Bi hilabeteren buruan, Li Si eta enperadorearen segizioa Xiangyangera iritsi ziren, non enperadorearen heriotzaren berri eman baitzen.[22]

Qin Shi Huangek ez zuen heriotzaz hitz egin nahi izaten, eta ez zuen inoiz testamenturik idatzi. Hil ondoren, Li Sik eta Zhao Gao eunukoen buruzagiak Huhai bigarren semea konbentzitu zuen enperadorearen testamentua asma zezan. Fusu lehen semea bere buruaz beste egitera behartu zuten, Fusuren jarraitzaile leial Meng Tian kendu zuten armadaren buruzagitzatik eta haren familia osoa hil zuten. Horrela, Huhai izan zen bigarren enperadorea, Er Shi Huang, historialariek gerora Qin Er Shi izendatuko zutena.[22]

Qin Shi Huangen hilobiko terrakotako gerlari batzuk.

Qin Shi Huang bere mausoleoan lurperatu zuten, terrakotazko gerlari ospetsuekin, Shaanxi probintziako Xi'an hiriaren inguruan dagoen hilobian; baina haren hilobi kamera oraindik ireki gabe dago.[23]

Sakontzeko, irakurri: «Terrakotazko armada»

Qin Er Shi ez zen aita bezain trebea izan. Erreboltak ziztu bizian piztu ziren eskualde askotan, eta Qin Shi Huang hil eta lau urtera, haren semea hil egin zuten, jauregi inperiala eta estatuko artxiboak erre, eta Qin dinastia bertan behera gelditu zen.

Han Txinako hurrengo dinastiak legalismoa baztertu eta konfuzianismoaren alde egin zuen, legeak neurritsuagoak eginez, nahiz eta Qin Shi Huangek bultzatutako erreforma politiko eta ekonomiko oinarrizkoak bere horretan utzi zituen. Hala, haren ahaleginak jarraipena izan zuen mendeetan zehar, eta Txinako gizartearen ezaugarri bereizgarria izatera iritsi zen.[24]

Qin Shi Huangen mausoleoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qin Shi Huangen mausoleoa luze-zabalera handiko hilobi barruti bat da, Qin Shi Huangen ehorztoki kamera barne hartzen duena. Enperadorearen hilobiaz gain, 400 bat hilobi gehiago daude, eta Xi'ango gudari ezagunak ere bai, berak agindu baitzuen eraikitzeko.[25]

Izenari buruzko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinako erresuma independenteak K.a. 221. urtean konkistatu ondoren, bera izan zen Txinako errege edo enperadore. Berak beste izenburu bat sortu zuen, lehen enperadore burujabea (txineraz: 始皇帝; pinyin: Shǐ Huang Di; Wade-Giles: Shih Huang-Di), horrela laburtuta: 皇帝.

  • (秦) karaktereak adierazten du Qin erresumako jatorria.
  • (始) karakterean esan nahi du «lehen lekuan». Orduan, lehenengo enperadorearen oinordekoei, hurrenez hurren, «bigarren enperadorea», «hirugarren enperadorea» eta abar behar zitzaien, belaunaldiz belaunaldi.[26]
  • (皇帝) karaktereak aurrekari mitikoetatik datoz, hiru agurgarri eta bost enperadoreetatik (三皇五帝), handik erauzten baitira bi karaktereak (皇帝).[27] Titulu hau gehituta, aurreko Enperadore Horiaren (黄帝) zati bat bereganatzea espero zuen, hau da, haren izaera jainkotiarra eta ospea.[28]

Qin Shi Huang Txinako Zheng (正) hilabetean jaio zen, urteko lehen hilabetean, txinatar egutegiaren arabera ―K.a. III. mendean, Txinako urtea neguko solstizioa baino lehenago hasten zen, eta ez geroago, gaur egun gertatzen den bezala―, beraz, Zheng (政) izena jarri zioten, bi karaktereak trukagarriak zirelarik antzinako txineraz. Garai hartan, jendeak ez zituen batzen bere izena eta familiarena, gaur egun ohikoa den bezala; beraz, anakronikoa da Qin Shi Huang ordez esatea Qin Zheng.[29] Norberaren izena ez zen inoiz erabiltzen, hurbileko ahaideekin izan ezik; beraz, ez da zuzena Qin Shi Huangi buruz esatea «Zheng printzea» edo «Zheng Qingo erregea».[30] Errege gisa, Qingo errege esaten zioten.

Txinako azken erresuma independentea konkistatu ondoren K.a. 221. urtean, Qin Shi Huang izan zen Txina osoan nagusi zen Qin erresumako lehen erregea, aurrekaririk gabea. Errege soil bat ez zela erakusteko irrikaz, Erresuma Batuan garai bateko erregeen antzekoa, alegia, beste titulu bat sortu zuen: «Huangdi» (皇帝), konbinatuta «huang» (皇) hitza, erabiltzen zena hiru Huang edo agurgarriak aipatzeko, zeinak txinatar kulturaren egunsentian errege izan baitziren; eta «di» (帝) hitza, hiru Huangen ondoren gobernatu zuten bost «Di» edo enperadoreak aipatzeko erabiltzen zena. Hiru Huang eta bost Di haiek gobernari perfektutzat hartuak izan ziren, botere izugarriekin eta bizitza luzeekin. «Huang» hitzak «handia» edo «bikaina» ere esan nahi du; «Di» hitzak zeruko jainko gorena edo munduaren sortzailea aipatzeko ere balio zuen.[31] Beraz, bi hitz horiek elkartuta, lehenago inork egin ez zuena, Qin Shi Huangek izenburu egoki bat sinbolizatu zuen, elkartu nahirik txinatar erresumen lurralde amaigabea, hau da, mundu ezagunaren lurraldea, antzinako txinatarrek ―geroago, antzinako erromatarrek bezala― uste baitzuten beren inperioak mundu osoa hartzen zuela.[32]

«Huangdi» hitza mendebaldeko hizkuntza gehienetan «enperadore» bihurtu zen, Antzinako Erromaren garaietatik historia luzea duen hitza, eta europarrek «errege» baino goragokotzat hartzen zutena. Qin Shi Huangek «lehen enperadore» izena hartu zuen (Shi Huangdi, hitzez hitz, «hasten den enperadorea»). Hil osteko izenak indargabetu zituen, antzinako erregeak hil ondorengo izenaz ezagutzen baitziren, desegokitzat eta senide arteko errukiaren aurkakotzat, eta erabaki zuen hurrengo belaunaldiek «lehen enperadore» (Shi Huangdi) deitu behar zutela, eta handik aitzina, beraren ondorengoa «bigarren enperadore» (Er Shi Huangdi, hitzez hitz, bigarren belaunaldiko enperadorea), haren ondorengoa «hirugarren enperadore» (San Shi Huangdi) eta horrela hurrengoekin ere «hamar mila» belaunalditan, pentsatzen baitzuten Qin dinastiak «betirako» ―«hamar mila» eta «betirako» baliokide dira txineraz― gobernatuko zuela Txina.[33]

Qin estatuko lehen enperadore bihurtu zen orduan Qin Shi Huang; izan ere, bateratu berri zen Txinaren izen ofiziala «Qingo Estatua» zen artean, gainerako erresumak Qin estatuak xurgatu balitu bezala. Txina (中华o中国) izena ez zen inoiz erabili ofizialki 1912 arte, Txinako Errepublika (中华民国) sortu zen arte. Garai hartako herritarrek «lehenengo enperadore» deitzen zioten, «Qin estatuko» aurretik ipini gabe, begien bistakoa baitzen esan beharrik gabe. Hala ere, enperadorea hil eta gutxira, haren erregimena hondoratu egin zen, eta Txina gerra zibil batean murgildu zen. Geroago, K.a. 202. urtean Han dinastiak Txina guztiz batzea erabaki zuen, handik aurrera «Han estatu» (汉国) izena emanda. Horren ondorioz, Qin Shi Huangek ezin zuen gehiago jaso «lehenengo enperadore» izena, horrek esan nahi zukeelako Han estatuko lehen enperadorea izan zela. Horregatik hasi zen aurretik Qin (秦) ipintzen beti, ez baitzuen gehiago Qin estatua aipatzen, baizik Qin dinastia, gerora Han dinastiak ordeztu zuena. «Huangdi» edo enperadore hitza laburtu egin zuten haren izenean, «Huang» moduan. Ziurrenik, laburtzapen hori egin zen hiru ideogramako izena lortzeko, Txinako herriaren hiru ideogramako izenekin bat zetorrena, historian zehar gutxitan erabili izan baitira lau ideograma edo gehiagoko izenik.[34]

Izen hori, Qin Shi Huang ―hau da, «Qin dinastiaren lehen enperadorea»― da Sima Qianek idatzitako Oroitzapen historikoetan agertzen den izena, eta izen hori hobesten da Txinan «Lehen Enperadorea» aipatu nahi denean. Mendebaldean, batzuetan, «Qin Shi Huangdi» idazten da, desegoki ziurrenik, ez baititu aintzat hartzen txineraren izen usadioak.

Qin Shi Huang historiografian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qin Shi Huangen erretratu bat,

Txinako historiografia tradizionalari dagokionez, lehen enperadorea tirano bortitz eta superstiziosotzat hartzen zen ia beti, itsututa bizi izan baitzen hilezkortasunaren bila eta erail ez izateko beldurrez, eta, gehienez ere, erdipurdiko agintaritzat hartua izan zen. Qingo estatu legalistaren aurkako aurreiritzi ideologikoak oso antzinatik finkatu ziren, K.a. 266. urtean Xunzi filosofo konfuzianistak tribu barbaroekin konparatu zituenean eta idatzi zuenean «Qinek tigre baten edo otso baten bihotza du... [eta da] diruzale, perbertso, aberastasunen grinatsu eta gezurtia».[35]

Ondoren, historialari konfuzianistek biziki erdeinatu zuten «obra klasikoak erre eta ikerlariak bizirik lurperatu» zituen enperadorea. «Qinen hamar hilketak» zerrendatu zituzten, haren ekintza beldurgarriak nabarmentzeko. Han garaiko Jia Yi poeta eta estatu gizon famatuak Qinen hutsegiteak (過秦論, Guò Qín Lùn)[36] saiakera idatzi zuen, Qin Shi Huangen gainbeheraren arrazoiak argudiatzeko; hura bihurtuko zen konfuzianisten dotrina ofiziala. Jia Yiren saiakera, erretorikaren eta arrazoibidearen maisulan gisa miretsia, Han garaiko bi istoriotan kopiatu zen, eta eragin handia izan zuen Txinako pentsamendu politikoan, teoria konfuzianistaren ilustrazio klasiko gisa. Hark azaldu zuen Qinen ahultasuna gertatu zela botere pilaketa gupidagabearen ondorioz; izan ere, Konfuziok irakatsi zuenez, gobernu baten indarra, azken buruan, herriaren babesak eta gobernariaren zuzendaritza onbidetsuak sortzen du.[37]

Han garaiko ikertzaileen aurreiritzi sistematiko hori dela eta, Qin Shi Huangi buruz gordetako historia asko zalantzazkoak dira, ikuspegi historiografiko batetik begiratuta, haietako batzuk asmatuak izan baitziren Qinen ezaugarri negatiboak nabarmentzeko.[36]

Adibidez, leporatzen zioten 460 jakintsu bizirik lurperatu zituela, lur azaletik gora burua besterik ez zutela, eta, ondoren, burua moztu zietela.[38] Akusazio hori ziurrenik ez da egiazkoa, eta litekeena da martiri konfuzianisten kondaira bat sortzeko asmatutako gertakari bat izatea. Era askotako istorioak ere badaude, zeruak lehen enperadorearen aurka erakutsitako haserreari buruz; esate baterako, zerutik eroritako harri baten historia, enperadorearen aurkako salaketa hitzekin landua eta hil ondoren bere inperioaren amaiera profetizatuz. Istorio horietatik gehienak gezurtatu egin zituzten sinologo modernoek, lehen enperadorearen irudia iluntzeko asmatutako kondaira hutsak zirenez.[39]

Garai modernoetan bakarrik joan dira historialariak Txinako historiografia tradizionalaren mugetatik harago. Konfuzioren tradizioa arbuiatu zutenean, Txina mundu modernoan sartzeko oztopo gisa, ikuspegi berriak sortzeko aukera zabaldu zen. Qing dinastia erori eta Bigarren Mundu Gerra hasi eta hiru hamarkadara, Txinaren ahultasunarekin eta batasun faltarekin gero eta etsiago, Txina bateratu zuen gizonaren beste iritzi bat sortu zen. Xiao Yishan Kuomintangeko historialari nagusiak, atzerriko nazioek Txinako lurraldea inbaditzen ari ziren une berean, nabarmendu zuen Qin Shi Huangek egindako ahalegina Iparraldeko barbaroak aldaratzen, bereziki Harresi Handiaren eraikuntzaren bitartez.[40] Ma Feibai (马非百) irakasleak 1938an Qin Shi Huang lehen enperadorearen biografia oso eta berraztertu bat argitaratu zuen.[41]

1949an iraultza komunista piztu zenean, interpretazio berriak azaleratu ziren. Erregimen berri eta iraultzaileak lehen enperadorearen beste azterketa bat ekarri zuen, teoria marxistari jarraituz. Qin Shi Huang en interpretazio berria, oro har, ikuspegi moderno eta tradizionalen konbinazio bat zen, baina funtsean kritikoa.[42]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Emperor Qin Shi Huang, First Emperor of China, Shi Huangdi of Qin Dynasty» Travelchinaguide.com (web.archive.org) 2023-12-15 (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  2. Wood 2011, 2 orr. .
  3. a b c (Ingelesez) Duiker, William J.; Spielvogel, Jackson J.. (2019). World history. Australia: Cengage ISBN 978-1337401043. OCLC .1063643192.
  4. (Katalanez) Gran enciclopèdia catalana. «Zheng» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  5. «Qin Shi Huang» (秦始皇) izen laburragoa 6. atalean (秦始皇本纪) ageri da. Ikus Wikisource Records of the Grand Historian Chapter 6.
  6. «Qin Shi Huang-di» (秦始皇帝) forma luzeagoa ageri da 5. atalean. Ikus Wikisource Records of the Grand Historian, 5. atala.
  7. (Frantsesez) Pirazzoli-t'Serstevens, Michèle; Bujard, Marianne. (2017). Les dynasties Qin et Han : histoire générale de la Chine (221 av. J.-C.-220 apr. J.-C.). Paris: Les Belles lettres ISBN 978-2251446387. OCLC .974007282.
  8. (Ingelesez) Wu, Jingyu (translator). (2000). Rise and Fall of Qin Dynasty. Asiapac Books ISBN 978-9812291721. (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  9. a b (Ingelesez) Huang, Ray. (1997). China: A Macro History. M.E. Sharpe ISBN 978-1563247309. (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  10. a b Wood 2011, 35, 59 orr. .
  11. a b Qian 1993, 35, 59 orr. .
  12. a b c d (Ingelesez) Buwei, Lü; Knoblock, John; Riegel, Jeffrey K.. (2000). The annals of Lü Buwei = [Lü shi chun qiu: a complete translation and study. ] Stanford: Stanford University Press ISBN 978-0804733540. OCLC .43245813.
  13. a b Wood 2011, 23-24, 26 orr. .
  14. (Ingelesez) Donn, Lin. (2004). Ancient China. Culver City: Social Studies School Service ISBN 978-1560041634. OCLC .55743063.
  15. (Ingelesez) Li, Xiaobing. (2012-01-10). China at War: An Encyclopedia. Bloomsbury Academic ISBN 978-1-59884-415-3. (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  16. (Gaztelaniaz) China imperial, las dinastías de Xi'an: Museo Nacional de Antropología, septiembre-diciembre 2000, ciudad de México. Conaculta 2000 ISBN 978-9701850763. (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  17. (Ingelesez) Woods, Michael; Woods, Mary B.. (2011-01-01). Ancient Communication Technology: From Hieroglyphics to Scrolls. Twenty-First Century Books ISBN 978-0-7613-6529-7. (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  18. (Ingelesez) Chen, Anze, ed. (2020). «Lingqu Canal» Dictionary of Geotourism (Springer): 349–350.  doi:10.1007/978-981-13-2538-0_1406. ISBN 978-9811325380. (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  19. (Katalanez) Folch, M. Dolors. (2001). La construcció de Xina: el període formatiu de la civilització xinesa. Barcelona: Empúries ISBN 978-8475968025..
  20. (Ingelesez) Curtis Wright, David. (2000). The history of China. Greenwood Press, 49. or. ISBN 978-0313309403. (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  21. (Ingelesez) The Learning Network. (2022-05-11). «Stayin’ Alive: How the Immortal Jellyfish Cheats Death» The New York Times (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  22. a b c d Qian 2007, 15-20, 82, 99 orr. .
  23. (Ingelesez) Barbieri-Low, Anthony. (2011-11-20). The Necropolis of the First Emperor of Qin - Excerpt from lecture in History 1420: Ancient China. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  24. (Ingelesez) Wang, Zhuoxuan. (2022-01-28). Rethinking on the Historical Evaluation of Qin Shihuang Based on Shiji. Atlantis Press, 22–25 or.  doi:10.2991/assehr.k.220110.005. ISBN 978-94-6239-523-7. (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  25. Folch, Dolors. (29 juliol 2012). Guerreros de Xian: La guardia del emperador. El País.
  26. (Ingelesez) Hardy, Grant R.; Kinney, Anne Behnke. (2005-03-30). The Establishment of the Han Empire and Imperial China. Bloomsbury Academic ISBN 978-0-313-32588-5. (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  27. (Ingelesez) Lo, Che-wen. (1981). The Great Wall. New York: McGraw-Hill ISBN 978-0070707450. OCLC .7552068.
  28. (Ingelesez) Fowler, Jeaneane D.. (2005). An Introduction to the Philosophy and Religion of Taoism: Pathways to Immortality. Sussex Academic Press ISBN 978-1-84519-085-9. (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  29. Qian 1994, 439 orr. .
  30. Qian 1994, 127 orr. .
  31. (Ingelesez) Luo, Zhewen; Zhao, Luo. (1986). The Great Wall of China in History and Legend. Foreign Languages Press, 23. or. ISBN 978-0835114547. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  32. (Ingelesez) Wilkinson, Endymion Porter. (2000). Chinese History: A Manual. Harvard Univ Asia Center, 108. or. ISBN 978-0674002494. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  33. (Ingelesez) Hardy, Grant R.; Kinney, Anne Behnke. (2005-03-30). The Establishment of the Han Empire and Imperial China. Bloomsbury Academic, 10. or. ISBN 978-0-313-32588-5. (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  34. Qian 1994, 127. orr. .
  35. Lewis, Mark Edward. (2007). The Early Chinese Empires: Qin and Han. Harvard University Press  doi:10.2307/j.ctv1kmj82j.2. ISBN 978-0674024779. OCLC .1302165413 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  36. a b (Ingelesez) Twitchett, Denis; Fairbank, John K.; Loewe, Michael. (1986-12-26). The Cambridge History of China: Volume 1, The Ch'in and Han Empires, 221 BC-AD 220. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-24327-8. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  37. (Ingelesez) Lovell, Julia. (2007-12-01). The Great Wall: China Against the World, 1000 BC-AD 2000. Open Road + Grove/Atlantic ISBN 978-1555848323. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  38. (Ingelesez) Veröffentlicht. (2012-06-28). «Burying the Scholars Alive: On the Origin of a Confucian Martyrs’ Legend» China & Südostasien (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  39. (Ingelesez) Wang, Dong. (2005-10-01). China's Unequal Treaties: Narrating National History. Lexington Books ISBN 978-0739152973. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  40. (Txineraz) 萧一山. 百度百科-验证. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  41. (Txineraz) 馬元材. (1938). 秦始皇帝傳. 商務印書館 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  42. (Ingelesez) Youwei, Xu; Billingsley, Philip. (2002). «Out of the Closet: China's Historians "Discover" Republican-Period Bandits» Modern China 28 (4): 467–499. ISSN 0097-7004. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]