Rabban Bar Sauma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rabban Bar Sauma
enbaxadore

Bizitza
JaiotzaPekin, 1220 (egutegi gregorianoa)
HerrialdeaTxina (eskualdea)
BizilekuaBagdad
HeriotzaBagdad, 1294 (egutegi gregorianoa) (73/74 urte)
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea eta diplomazialaria
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaNestorianismoa
Rabban Bar Saumaren ibilbidea. Pekinetik Erromara, Parisera eta Bordelera joan zen eta mendebaldean momentuko gobernu garrantzitsuenekin bildu zen.

Rabban Bar Sauma (c. 1220–1294) (asiriera klasikoz: ܪܒܢ ܒܪ ܨܘܡܐ‎; rɑbbɑn bɑrsˤɑuma), Rabban Ṣawma edo Rabban Çauma (txinera tradizionalez: 拉賓掃務瑪 'lābīnsǎowùmǎ') moduan ere ezaguna, nestoriar monje turkiar-mongoliarra izan zen, diplomazia lanetan aritu zena. Ezagun egin zen Txinako kostaldetik Frantziako kostaldera egin zuen bidaiagatik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rabban Bar Sauma Khanbaliqen (Khanaren hiria), Kublai Khan buru zuen mongoliar inperioaren hiriburuan jaio zen 1220. urte inguruan. Bar Sauma, gerora, monje nestoriotarra izaki, Rabban (maisu) titulua jaso zuen[1].

Rabban Markos dizipulua lagun, Lur Santura bidaiatzea erabaki zuen. Pekinetik Jerusalemerako 7.000 kilometrotik gorako bidean, Gobiko basamortua inguratu, Himalaiako goi-ordokiak zeharkatu eta hainbat gatazka saihestu behar izan zituen. Zetaren Bidean. karabanen laguntza eta Kublai Khanen beraren babes ekonomiko izan zuen abenturan.[1]

Ez da jakin noiz abiatu zen Pekinetik, baina 1266an iritsi zen Pertsiako Ilkhanerrira, zehazki Bagdadera. Handik urte gutxira Marko Polo merkatari veneziarra ere handik pasako zen, baina kontrako noranzkoan; bi bidaiariek ez zuten sekula topo egingo.[1]

Bagdaden bost urte eman eta gero, bertako Ekialdeko Elizako Patriarka izendatu zuten Bar Sauma. Izendapena Ilkhanerriko buru Abaqa Khanek berretsi behar zuen, baina gortera iritsi zenean, Abaqa hil berriaren seme eta oinordeko Arghun Khanekin bildu zen, eta hark oso bestelako asmoak zituen maisuarentzat. Arghun Khanek Europa kristauaren eta Ilkanerriaren arteko aliantza egin nahi zuen mamelukoen aurka, eta Rabban Bar Sauma pertsona egokia zen horretarako: kristaua (nestoriotarra) zen, pertsieraz hitz egiten zuen eta Ilkhanaren aholkularien konfiantza zeukan.[1]

Zeregin diplomatiko berria medio, 1287an abiatu zen Europara. Itsaso Beltza zeharkatuta, Konstantinoplan, Androniko II.a Bizantzioko enperadorearekin bildu zen. Parisen, Frantziako Errege Filipe IV.a Frantziakoarekin izan zuen elkarrizketa; Bordelen, Eduardo I.a Ingalaterrakoarekin eta Erroman Nikolas IV.a aita santuarekin. Dignatarioari ohore guztiekin egin zioten harrera gorte guztietan, baina ez zuen itunik lortu. Mamelukoak baino arazo hurbilagoak zituzten eta fraidea esku hutsi itzuli zen Bagdadera.[1]

Azken urteak Maragheko monasterioan eman zituen, bidaietan bizitakoa idatziz jasotzen, 1294an hil zen arte. Baina Marko Polorekin gertatu ez bezala, Rabban Bar Saumaren abenturak mende luzez ahaztuta egon ziren, XIX. mendean haren izkribuak aurkitu zituzten arte.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2016ko urriak 16). «Marko Polo kontrako noranzkoan» Argia CC-BY-SA lizentzia.