Rafael Casanova
Rafael Casanova i Comes katalan abertzalea izan zen (Moia, 1660 - Sant Baudili, 1743). 1706an Bartzelonako conseller tercer hautatu zuten eta zazpi urte geroago, Borboikoek hiria setiatu zutenean, conseller en cap edo alkatea zen artean, Bartzelonako defentsa antolatu zuen. 1714ko irailaren 11n Bartzelonako harresietan agertu zen, eskuan Santa Eulaliaren bandera zeramala, Kataluniaren askatasuna galarazi nahi zuten Borboiko osteei aurre egiteko asmotan, baina larriki zauritu zuten. Bartzelona errenditu zenean, lagunek Casanova hila zela esan zuten, eta horrela salbatu ahal izan zuten alkatea. 1719an itzuli zen Bartzelonara, eta 1737an Sant Baudilin erretiratu zen behin betiko. Casanova Kataluniako abertzaleen sinbolo bihurtu zen, eta XIX. mendearen bukaeraz geroztik, bere omenez eraikiriko oroitarriaren inguruan biltzen dira irailaren 11n, Diada egunean.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.