Rafael Figuera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rafael Figuera
Bizitza
JaiotzaBilbo, 1907
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMálaga, 1987 (79/80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria

Rafael Figuera Aymerich (Bilbo, 1907-Malaga, 1987). Gerra Zibilaren ondorengo euskal herritar margolari ezaguna.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angela Figuera Aymerichen nebak txikitatik jaso zuen margotzeko zaletasuna aitarengandik. Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, baina aitaren heriotzaren ondorioz ikasketak baztertu behar izan zituen lanean hasteko, familia oso egoera larrian gelditu baitzen. Familia osoa Madrilera aukera bila joan zen bitartean berak hainbat lanetan ibili zen Bilbo inguruan, bereziki Babcock & Wilcox enpresan eta Bizkaiko Labe Garaietan. Azkenik, lan teknikoa utzi zuen margolaritzan buru-belarri murgiltzeko. Lehenengo erakusketa Bilbon ireki zuen, 1947an. Erakusketa horri beste asko jarraitu zioten: Donostian, Baionan, Bartzelonan, Madrilen, Parisen. 1950an Parisera joan zen bertan arte ikasketak egiteko asmoz. Parisen bizimodu bohemioa ezagutu zuen eta mundu horretan mugitzen ziren artistak: Pablo Ruiz Picasso, Baltasar Lobo, Piñes, Domínguez, Clavé eta beste artista asko.[1]

Frantziatik bueltan, Bilbon, Santutxu auzoan, "Munitis" izeneko txaleta erosi zuen. Txalet horrek, bertan biltzen ziren tertulien ondorioz, Bilboko bizitza kulturalean protagonismo berezia izan zuen. Jorge Oteiza, Blas de Otero, Gabriel Celaya, Amparo Gaston, Mario Angel Marrodan, Gabriel Aresti, Vidal de Nicolas, Federiko Krutwig, Rafael Zarco, Angel Ortiz Alfau eta beste asko ohikoak ziren bertan, bereziki Rafaelen arreba Angela Bilbora etortzen zenean [2].

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rafael Figuerak koadro asko utzi zituen, baina horietako gutxi gelditu dira Euskal Herrian. Paisaiekin interes berezia zuen eta horrelakoak dira haren lan asko. Sarritan paisaietan pertsonak agertzen dira, paisaia nolabait humanizatuz. Pertsona biluziak ere askotan ziren Figueraren lanen protagonistak. Bereziki olioz margotzen zuen, nahiz eta pastel-lanak eta argizariak ez baztertu. Halaber, mural anitz egin zituen.

Bilbon egin zuen lehen erakusketa 1944. urtean, eta ondoren Paris, Madril, Bartzelona, Donostia, Gasteiz eta Baionan ezagutarazi zituen bere koadroak. Obra nagusiak: Marineras, Paisaje, Marina dorada, Barcas y redes, Primavera, El caballo negro, Entre árboles.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Luis Madariaga
  2. Jose Ramon Zabala: Angela Figuera: una poesía en la encrucijada. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1994. 60-61 or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]