Rafael Sánchez Ferlosio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rafael Sánchez Ferlosio

Rafael Sánchez Ferlosio (Erroma, 1927ko abenduaren 4a)espainiar idazlea da. El Jarama eta Industrias y andanzas de Alfanhuí ditu eleberri ezagunenak. 2004an Cervantes saria eta 2009an Espainiako Letren Sari Nazionala jaso zituen.

Biografia

Rafael Sánchez Mazasen, falangismoaren ideologoaren semea da. Hogeita lau urte zituela egin zen ospetsu Industrias y andanzas de Alfanhuí (1951, Alfanhuíren trebetasunak eta ibilerak) lanarekin. Eleberri horren ondoren El Jarama (1955) argitaratu zuen. Lan horri esker Nadal saria irabazi zuen. Eleberrian igande goiz batean bi lagun-taldek hiritik kanpo bizi dituzten pasadizoak kontatzen dira; Espainiako gerra ondoko eleberri garrantzitsuenetakotzat hartua da, literatura objektibo delakoari bidea zabaldu baitzion.

Hogei urtean ez zuen eleberririk argitaratu, eta gramatika inguruko ikerketetan aritu zen buru-belarri. Hala, 1974an, Las semanas del Jardín (Lorategiko asteak) kaleratu zen. Bi liburukik osatzen dute lan hori, eta hizkuntzarekin saioak egiten ditu bertan. 1982 eta 1983an El huésped de las nieves (Elurretako ostalaria) eta El escudo de Jotán (Jotánen ezkutua) argitaratu zituen, hurrenez hurren. 1986an El retorno de Yarfoz (Yarfozen itzulera) eleberri autobiografikoa kaleratu zuen. 1994an, denboraldi batez ezer argitaratu gabe egon ondoren, Vendrán más años malos y nos harán más ciegos (Urte txar gehiago etorriko dira eta itsuago egingo gaituzte) argitaratu zuen. Hainbat sari irabazi zituen lan horrekin, besteak beste Saiakera Sari Nazionala. 1997an Archipiélago aldizkariak Sánchez Ferlosiori buruzko ale monografiko bat argitaratu zuen, eta egilearen argitaratu gabeko lanak ere kaleratu zituen: Tópicos. El peso de la Historia (Topikoak. Historiaren pisua) eta La forja de un plumífero (Idazle baten forja), autobiografia-lanak. El País egunkariko artikulugilea da.

Obra

  • Industrias y andanzas de Alfanhuí (1951). Alfanhui, euskaratzailea: Eskarne Mujika, Ibaizabal, 1995[1].
  • El Jarama (1955). Nadal saria.
  • Y el corazón caliente (1961)
  • Dientes, pólvora, febrero (1961)
  • Las semanas del jardín (1974)
  • Mientras no cambien los dioses, nada ha cambiado (1986)
  • El testimonio de Yarfoz (1986)
  • Campo de Marte 1. El ejército nacional (1986)
  • La homilía del ratón (1986)
  • Ensayos y artículos, I y II (1992)
  • Vendrán más años malos y nos harán más ciegos (1993). Saiakera Sari Nazionala.
  • El alma y la vergüenza (2000)
  • La hija de la guerra y la madre de la patria (2002). ISBN 84-233-3411-2
  • Non Olet (2003). ISBN 84-233-3691-3
  • El Geco (2005)
  • Glosas castellanas y otros ensayos (diversiones) (2005). ISBN 85-375-0583-6
  • Sobre la guerra (2007). ISBN 978-84-233-3946-4
  • God & Gun. Apuntes de polemología (2008)
  • Guapo y sus isótopos (2009)

Erreferentziak

  1. Rafael SANCHEZ FERLOSIO: Alfanhui Itzultzailea: Eskarne Mujika, Ibaizabal, 1995. Armiarma.com

Kanpo loturak