Ralph Vaughan Williams

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ralph Vaughan Williams

Ralph Vaughan Williams (Down Ampney, 1872ko urriaren 12a  - Londres, 1958ko abuztuaren 26a ) ingeles musikagilea, zuzendaria eta organo-jotzailea izan zen. Cambridgeko Unibertsitatean eta Royal College of Musicen egin zituen ikasketak, Parry, Charles Wood, Alan Gray eta Stanfordekin. Geroago, Alemanian, Bruchen ikasle izan zen, eta Parisen Ravelena. 1890. urte inguruan, Ingalaterrako herri-kantak biltzen aritu zen. Ingeles abertzaletasunarekin bat egin zuen, eta 1904. urtean English Folk Song Society taldean sartu zen. Bestalde, XVI. mendeko ingeles musikagile handiak biziki miretsi zituen, Thomas Tallis eta Wiliam Byrd, adibidez, eta bere lanetan mende hartako moldeak eta erritmoak erabili zituen. Haendelen ondorengo lehen ingeles musikagile bikaintzat hartu izan da Vaughan. Lan nagusiak ditu, besteak beste, operen artean The Shepherds of the Delectable Mountains (1921-1922), Hugh the Drover (1924), Sir John in Love (1925-1929), Riders to the Sea (1925-1932), The Poisoned Kiss (1927-1929) eta The Pilgrim´s Progress (1925-1936); sinfonien artean Sea (1909), London (1914), eta Pastoral (1924); musika-tresnetarako idatzitako musikaren artean Norfolk Rapsody (1906), Fantasia on a Theme by Thomas Tallis (1910), Greensleves (1934) eta Lark Ascending (1914-1920); Job, a Masque for Dancing balleta (1927-1930), eta eliza, koru eta filmetarako musika.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ralph Vaughan Williams Aldatu lotura Wikidatan