Ramón Bengarai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ramón Bengarai
Bizitza
JaiotzaGarralda1896ko otsailaren 2a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLantz1936ko abuztuaren 3a (40 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraksindikalista eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Izquierda Republicana

Ramón Bengarai Zabaltza (Garralda, 1896ko otsailaren 2a - Lantz, 1936ko abuztuaren 3a) euskal sindikalista eta politikaria izan zen[1]. Frankistek atxilotuta Lanz inguruan hil zuten.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maisu baten semea zen. Aitaren lana zela eta, Garraldatik Monrealera joan ziren 1900an. Aita 1905ean hil zen eta, orduan, familia Iruñera joan zen. Iruñeko apaizgaitegian sartu zuten baina laster utzi zuen. Moldiztegiko tipo-paratzaile ofizioa ikasi zuen. Gazte-gaztetatik oso pertsona aktiboa izan zen; horrela Los Amigos del Arte Elkartearen sorreran hartu zuen parte, Osasunaren direktiboa izan zen eta Orfeón Pamplonés abesbatzaren birsortzeaz aritu zen ere bai, baritono eta zuzendaritzaren kide gisa.

Halaber, aldizkari desberdineta idatzi zuen, besteak beste, El Porvenir Pamplonés eta La Nueva Navarra. Aldizkari hauek errepublikaren aldekoak ziren eta, ondorioz, kleroak itsu-itsuan haien aurka jo zuen. 1919an, 23 urte zituelarik, La Protesta aldizkari sozialistan "España dignifícate" artikulua idatzi zuen. Horren ondorioz salatua eta epaitua izan zen, zortzi urteko espetxe zigorra jasoz. Arrazoia "Espainiako Erregea eta gobernua iraindu eta mehatxatu zituelakoak. Epaia eskandalagarria zen eta Iruñeko prentsa guziak indultua eskatu zuen, gobernuak eman zuena".[2] Urte bereko azaroaren 29an Ramona Zapaterorekin ezkondu zen; bost seme-alaba izan zituzten.

Iruñeko zinegotzi eta epaitegiko funtzionaria izatera iritsi zen. El Obrero Navarro aldizkaria sortu zuen; baita ere El Pamplonés. Semanario satírico defensor de los intereses del pueblo. UGT sindikatuko militantea, moldiztegi propioa irekin zuenean, militantzia hori utzi behar izan zuen. Ondorioz, politikari eman zion bere interes guztia. 1931an, Errepublikarekin, Partido Republicano Autónomon afiliatu zen, laster Alianza Republicana Radical Socialistan. Moldiztegian Democracia. Diario de la República argitaratu zuen. 1934an Manuel Azañak Izquierda Republicana alderdia sortu zuen; urte berean Bengaraik Mariano Ansórekin batera Nafarroako Izquierda Republicana sortu zuen. Euskal Herriarentzako Sortarauaren alde egin zuen. Bengaraik beti Nafarroa Euskal Estatutuan sartu behar zela defenditu zuen.

1936an Nafarroako Fronte Popularraren Presidentea izendatu zuten. Postu hori martxoa arte gorde zuen. Hauteskundetarako zerrendan bigarrena zen, Jesus Monzon ondoren.

Gerra Zibila piztu zenean, lehen momentuan errepublikaren aldeko buruek Iruñeko Gobernu Zibilean bildu ziren ikusteko ea zerbait egiterik bazegoen; bertan, beste artean, politikari hauek zeuden: IRko Ramon Bengarai eta Aquiles Cuadra; PCEko Jesus Monzón; PSOEko Constantino Salinas... Laster ezer ezin zela egin ikusi zuten eta ihes egitea erabaki zuten. Bengarai lagun batzuen etxean ezkutatu zen eta, ondoren, mugara ihes egiten saitu zen. Bidasoa aldera heldu nahi zuen. Horretarako "langile gisa jantzirik, koltxoi bat lepoan hartuta aurpegia izkutatzeko, lortu zuen hiritik ateratzea. (...) Ostiz inguruan bideak konpontzeko langile batek ikusi zuen, bai eta salatu ere".[3] Frankistek abuztuaren 21ean atxilotu zuten eta ez dago oso garbi nola eta non erail zuten; El Pensamiento Navarroren arabera hilketa abuztuaren 24an burutu zuten. Batzuek Lantz inguruan izan zela esaten badute, beste bertsioen arabera Iruñera eraman zuten. Berrogei urte zituen eta alarguna zein bortz seme-alaba utzi zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Ramón Bengaray Zabalza. .
  2. Xamar: Etxera bidean. Iruñea: Pamiela, 2018, 122 or.
  3. Ibidem, 125 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]