Ramón Franco

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ramon Franco

Ramon Franco Bahamonde (Ferrol, 1896ko otsailaren 21938ko urriaren 28) politiko, militar eta pilotu espainiarra izan zen.

Nicolas Franco Salgado-Araujo eta Pilar Bahamonderen 4 seme-alabetako bat izan zen eta Francisco Franco diktadorearen anaia.

1926ko urtarrilaren 22an Plus Ultraren hegaldian hartu zuen parte, espainiar abiazioaren lorpen handienetako bat izan zenean, Palos de la Fronteratik (Huelva) Buenos Aireseraino (Argentina) 51 ordutan joanez. Ez zen lehenengoa izan Atlantiar ozeanoa zeharkatzen, 1922an Gago Coutinho eta Sacadura Cabral portugaldarrak Lisboatik Rio de Janeirora joanak baitziren, baina bai hartu zion aurrea Charles Lindbergh estatubatuarrari, hurrengo urtean egingo baitzuen honek New York Paris hegaldia.

1928an munduari bira emateko proiektuari ekin zion. Baina oraingo honetan, Numancia (horrela deitu zitzaion proiektuari) porrot handi bat izan zen. Egia esan, aldaketa sakonak izan ziren: munduari bira zena, ozeanoa zeharkatuko zuen joan-etorri batean bukatu zuen eta desadostasunak ezin ziren itzali. Ezkutuko proba batean, Ramon Franco eta bere lagunak Atlantikoan galduta egon ziren 1929ko uztailaren 22tik 29ra. Errekatatu zituztenean, jendetza izugarri baten txaloak jaso zituzten eta Alfontso XIII.ak bere jauregira gonbidatu zituen. Hala ere, jendaurrean horrela bazen ere, erritak eta gaitzespenak ez ziren gutxi izan atzean, hegazkina arriskuan jarri zutelako.

1930ean monarkiaren aurka altxatu zen, baina Erret Jauregiaren gainean zebilenean bonbak bota nahian, damutu egin zen, zibilak zaurituko zituela eta. Lisboara erbesteratu zen.

Espainiako Bigarren Errepublikak itzultzeko aukera eman zion eta erantzukizun handiko postuak lortu zituen, baina kargutik kendu zuten Andaluziako anarkistekin elkartu zela-eta. Armada utzi eta politikan hasi zen, 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetan Esquerra Republicana de Catalunyako diputatu izanez.

1936an, bere anaia Francisco altxatu zenean, Washingtonen (AEB) zegoen eta, zalantza batzuen ondoren, frankisten aldera joan zen. Zenbaiten ustez, bere lagun bat (Julio Ruiz de Alda lizarratarra) hil zuten kartzelan eta horrek bideratu zuen aukera hori egitea. Bando honetan ere gora egin zuen berehala, teniente koronel egin zutelarik eta Mallorcara destinatu zuten.

1938an hil zen, bonbardaketa batean bere hegazkina Mediterraneora erori zenean. Heriotza hark zurrumurru ugari piztu zituen, bai errepublikarrentzat eta bai frankistentzat ez baitzen gizon erosoa. Francisco Franco ez zen hiletan izan, Ebrorantz zihoalako.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ramón Franco Aldatu lotura Wikidatan