Ramon Cabrera

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ramon Cabrera
Ramon Cabrera
1850ean egindako dagerrotipoa
Datu pertsonalak
Izen osoa Ramon Cabrera i Grinyó
Ezizena Maestrazgoko tigrea
Jaio 1806ko abenduaren 27a
Tortosa, Tarragona (KataluniaKatalunia)
Hil 1877ko maiatzaren 24a
Wentworth, Londres (IngalaterraIngalaterra)

Ramon Cabrera i Grinyó (Tortosa, 1806ko abenduaren 27a – Wentworth, 1877ko maiatzaren 24a) militar eta politikari kataluniarra izan zen, karlisten buruzagia.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramón Cabreraren erretratua

Tortosan jaio zen 1806ko abenduaren 27an. Hirukoiztar fraideekin ikasi zuen, baina apaizgaitegia utzi eta Morellan aurkeztu zen Herbésko baroi eta koronelaren aurrean, Lehen Karlistadan boluntario aritzeko. 1833an baroia menderatu eta fusilatu zutenean, Cabrerak berehala erakutsi zituen bere dohain militarrak. 1835eko apirilean, Karlos V.ak Aragoiko eta Valentziako indar karlisten buruzagi izendatu zuen Manuel Carniceren ordez, eta bultzada handia eman zion gerrari, batetik bestera ibiltzeko zuen ahalmen bikainari esker. Eskualde hartako Zumalakarregi izan zen Cabrera, eta "Maestrazgoko tigrea" ezizena jarri zioten bere ankerkeriagatik.

Alcañizko eskualdeko bi alkate kristinatarren heriotzari erantzuteko, Nogueras jeneralak Cabreraren ama, Ana Maria Grinyó, fusilatu zuen Tortosan, 1836ko otsailaren 16an. Ekintza hark izugarrizko oihartzuna izan zuen Europan, eta Maestrazgoko gerra areago gogortzea ekarri zuen. 1836ko udazkenean, Gómezekin batera ibili zen haren espedizioan Mantxan, Andaluzian eta Extremaduran barrena, eta hurrengo urtean, Iparraldetik abiatutako tropekin bat egin eta erregearen espedizioan sartu zen.

1838ko urrian Maellan lortutako garaipenaren ondoren, teniente jeneral eta Morellako konde izendatu zuten. Karlisten jardueraren erdigunea izango zen estatutxo bat antolatu zuen Cabrerak, hiriburua Morellan jarrita.

1839an ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu, eta Katalunia iparraldera jo zuen bere armadarekin. Bergan azken erresistentzia ekintza egin ondoren, Frantziara igaro zen 1840ko uztailean, Lehen Karlistadari amaiera emanez.

Handik sei urtera, "Matinerren" gerra hastean, Aragoiko, Kataluniako, Valentziako eta Murtziako indar karlisten buruzagi gorena izendatu zuen Karlos VI.ak. 1848an Katalunian sartu zen, tropa karlisten buruzagitzaz arduratzeko, eta 9.000 bat soldaduz osatutako armada antolatu zuen. 1849an Terko markes titulua eman zioten, Amerko eta El Pasteralgo guduetan egindako lanarengatik. Zauritu egin zuten han. Handik hiru hilabetera, Frantziara itzuli behar izan zuen, Kataluniatik kanpo gerra errotu ez zelako eta gobernuaren tropak askoz indartsuago zebiltzalako. Handik Ingalaterrara jo zuen bizitzera.

1850ean Marian Katherine Richards goi mailako dama ingeles anglikano aberatsarekin ezkondu zen. Karlista erbesteratuengandik aldendu ahala, ideia moderatu eta liberalagoak barneratzen joan zen.

Karlos VII.ak hirugarren altxamendu karlistaren buruzagi militar gorena izatea eskaini zion, baina Cabrerak uko egin zion eskaintza hari, ez zuelako beste gerra zibil batean parte hartu nahi. 1875ean errege legitimotzat onartu zuen Alfontso XII.a. Hark armadako kapitain jeneral izendatu zuen Cabrera, eta gudu zelaian lortutako titulu eta ohore guztiak onartu zizkion.

Ramon Cabrera Ingalaterran hil zen 1877ko maiatzaren 24an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ramon Cabrera