Raymond Queneau

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Raymond Queneau (Le Havre, Frantzia, 1903 - Paris, Frantzia, 1976) frantsesezko idazlea izan zen. Filosofiako ikasketak egin zituen. 1924tik 1929ra mugimendu surrealistan parte hartu zuen. 1945ean L´Encyclopédie de la Pléiade sortu zuen, eta hogeita hamar urtez izan zen entziklopedia horren zuzendari. 1951n Goncourt Akademiako kide izendatu zuten. 1960ean lagun batzuekin batera Ouvroir de Littérature Potentielle (OuLiPo) sortu zuen, olerkirako eta eleberrirako egitura berriak sortzeko asmoz. Kontalari bikaina izan zen, irudimen handikoa. Queneauren estiloaren ezaugarri nagusiak umorea, ironia eta hizkuntzaren sena dira; matematikaren bidetik sarritan, literatura-hizkuntza etengabe jarri zuen kolokan parodiaren bidez, hitz-jokoak, ahozko hizkera eta argota erabiliz eta asmakizun fonetikoak eginez. Zinemazalea zen, eta 1952tik 1960ra arte film askoren gidoiak idatzi zituen, René Clémenten Monsieur Ripois, Luis Buñuelen La Mort en ce jardin eta Jean Hermanen Le Dimanche de la vie filmenak, besteak beste.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eleberria: Le Chiendent (1933, Arrosario belarra); Chêne et chien (1937, Haritza eta zakurra), neurtitzetan idatzitako eleberria; Odile (1937); Les enfants du limon (1938, Limoiaren haurrak); Pierrot mon ami (1942, Pierrot nire adiskidea); Loin de Rueil (1944, Rueiletik urrun); Zazie dans le métro (1959, Zazie metroan), arrakasta handia izan zuen liburua, Louis Mallek 1960an zinemarako egokitu zuena; Les fleurs bleues (1965, Lore urdinak); Le Vol d´Icare (1968, Ikaroren hegaldia).
  • Olerkia: Petite cosmogonie portative (1950, Kosmogonia ttipi eraman-erraza); Le chien à la mandoline (1958, Txakurra mandolinarekin); Cent mille milliards de poèmes (1960, Ehun mila bilioi olerki); Morale élémentaire (1975, Oinarrizko morala).
  • Bestelakoak: Exercices de style (1947, Estilo ariketak, Xabier Olarrak euskarara itzulia), gertakizun bat 99 era desberdinez kontatzen duen liburua; Le Voyage en Grèce (1973, Bidaldia Grezian zehar), 1930etik aurrera aldizkarietan argitaratutako artikuluak biltzen dituena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Raymond Queneau Aldatu lotura Wikidatan